Udaltzaingoak kaleko saltzaileak Arriaga plazatik kanporatuz amaitu zen Bilboko Aste Nagusia, atzo. Gauean zezensuzkoa egitekoak ziren han, eta 20:00ak pasatuta, udaltzainak bertaratu egin ziren kaleko saltzaileak botatzeko. Hesia ere egin zuten. Hainbat konpartsakidek aurre egin zieten agenteei, eta kaleko langileen kontrako oldarraldia salatu, «Polizia gure auzoetatik kanpo» eta «Bilboko konpartsak manteroekin bat» oihukatuz. Bilboko Udalak adierazi duenez, udaltzainek Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten, «segurtasunagatik», konpartsakideak agenteak «inguratzen» hasi zirelako. Ordubete inguru iraun zuen polizien operazioak.
Konpartsakideek atzera eragin zieten agenteei, Arriaga plazatik Nafarroa eta Bailen kaleraino. Sareetan zabaldu diren bideoetan eta argazkietan, tinko agertzen dira konpartsakideak, eta txalo egiten dute ertzainak eta udaltzainak atzeratu ahala.
Bart gauean ez zen atxiloturik izan. Lagun bat identifikatu zuten, poliziak grabatzeagatik, identifikatzeari uko egiteagatik, eta agenteei «aurre egitea» bultzatzeagatik, udalak jakinarazi duenez.
Bilboko konpartsak manteroekin bat pic.twitter.com/7mPNWlUorj
— 97 Irratia (@97irratia) August 25, 2024
Nueva operación contra los manteros en el último día de fiestas de Bilbo:pic.twitter.com/ceA8v3HhES
— Gure bideoak (@GureBideoak) August 25, 2024
EH Bilduren balorazioa
Maria del Rio EH Bilduren Bilboko udal taldeko bozeramaileak Aste Nagusiaren balorazioa egin du prentsaurreko batean, eta «guztiz neurriz kanpokotzat» jo ditu Aste Nagusian kaleko langileen kontra izan diren jardun polizialak. Juan Mari Aburto alkatea presako batzar bat egitera deituko du, eta azpimarratu du kaleko langileen egoera bideratzeko «erantzun bat» behar dela, «ez poliziala»: «Gertaera horiek uztailean sinatu dugun Segurtasun Itunaren logikaren kontra doaz. Amaia Arregik [lehen alkateorde eta Segurtasun Saileko zinegotzia] arduraz jokatu behar du, jardun polizialak itunaren filosofiarekin bat etortzeko».
Jaietan gertatu diren eraso matxistak ere salatu ditu Del Riok, eta nabarmendu du Bilboko konpartsen jarrera «eredugarria» izan dela; bitan aktibatu dute protokoloa.
Konpartsen banderak
Larunbatean, Bilboko Konpartsen sariak banatu zituzten, tartean bandera urdina, «jaien aldeko ekarpena» aitortzeko, eta marroia, «kontrako ekarpena» salatzeko. Bandera urdina Bizkaiko kaleko saltzaileen Mbolo Moye Doole elkarteak jaso zuen, «jazarritako kolektibo» hori omentzeko: «Bilboko manteroekin elkartasun eta babes harreman polita garatu dugu azkenaldian». Bandera marroia, berriz, Bizkaiko Foru Ogasunari eman zioten, Bizkaiko txosnei Ticket Bai sistema «derrigorrez eta itsu-itsuan» ezartzeagatik, «herri jaiak oztopatu eta haiei kalte egiteko egindako ahaleginagatik»: «Ez dira jasotzera etorri, baina lasai egon daitezela: nahi badute, bandera bidaliko diegu: fakturarekin, noski».
Joan den astean ekintza bat egin zuten Bilboko Konpartsek, Udaltzaingoak kaleko saltzaileekin duen «jarrera oldarkor eta bortitza» salatzeko. Sei manta jarri zituzten, eta, horien gainean, konpartsetako kamisetak eta jaietako zapi urdinak. Adierazi zuten lanean jarraituko dutela jaiak «leku atsegin eta segurua» izan daitezen.