Elizaren pribilegioak. Beste adibide batzuk

Konkordatua, ukitu ezin den lege hori

Espainiak eta Vatikanoak sinatutako akordioetan oinarrituta, leku berezia du Elizak eguneroko jardun eta zerbitzuetan. Hori aldatzeko saioak egin dituzte, lege proiektuak ere bai, baina ezerezean bukatu dute beti.

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
HEZKUNTZA.

Ikasle gutxiago, pisu gehiago

Erlijio katolikoa eskaintzea obligaziozkoa da eskola guztientzat. Ikasgai gisa jarri behar diete aukeran familiei, eta ikasle batek hautatzea aski da taldea osatu behar izateko —gainerakoek ordezko ikasgaia eman behar dute—. Gero eta ikasle gutxiagok aukeratzen dute erlijio katolikoa: Hego Euskal Herriko sare publikoan, ikasleen %25ek —orain hamar urte, %44k—.

Ikasle gutxiago ditu, baina pisu handiagoa hartu du LOMCE erreformarekin. Erlijioko notak espedienterako balio du, eta ordezko ikasgaia ere arautu egin dute —curriculum zehaztua du—. Elizaren urteetako eskariari kasu egin dio hala PPk.

Irakasleen lekuak sortu du zalaparta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Elizak zuzenean hautatzen ditu erlijioko irakasleak —Gaitasunari Buruzko Eliz Adierazpena behar dute—, eta Jaurlaritzak aukera eman die beste ikasgai batzuk emateko, titulua badute. Kexu agertu dira sindikatu eta alderdi batzuk, beste irakasleak «diskriminatzea» delakoan hori.

Erlijio katolikoaren lekurik ez dute gainerakoek. Hegoaldean 9.100 ikaslek aukeratu dute erlijio islamiarra, baina soilik bi irakasle daude. Hautua ez da bermatzen.

ZERGAK.

Jaso bai, ordaindu ez

Zergetan Elizak daukan tratu berezia da Espainiako Estatuak eta Vatikanoak sinatutako akordioen zutabe nagusia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik diru iturri handia du. Diruaren %0,7 Elizari eman nahi dioten hautatzeko aukera dute zergadunek —2006an jarri zuen %0,7an PSOEk; ordura arte %0,52 zen—. Datuak asteon eman dituzte. Hegoaldean, hogei milioi pasatxo eskuratu zituen iaz Elizak errenta zergatik; aitorpenen %30 eskasek zuten markatua laukitxoa. Jaitsiera nabari da: bi urtean 2,5 milioi apaldu da ekarpena. Batez ere Gipuzkoan egin du behera bilketak, aldundiak sistema aldatu duelako: ez du onartu %0,7 hori Elizari eta elkarte sozialei, biei, aldi berean bideratzea.

Diru iturria du zergetatik Elizak, eta ordaintzeko salbuespena. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga da esanguratsuena. Jabetza handiak eduki arren, ez du ordaintzen haiengatik. Eztabaida ireki da krisi garaian. Italian, zerga hori pagatzera behartu du gobernuak Eliza. Espainian ere izan dira proposamenak —Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministro ohiak egin zuen, Madrilgo alkate zela—, baina ez dute aurrera egin. Aditu batzuen ustez, Espainiako Estatuan 2.500 milioi euro kobratuko lirateke Elizari zerga hori ipinita.

EKITALDI PUBLIKOAK.

Politikariak erromes

Elizaren eta erakunde publikoen arteko loturaren adibide argia dira ekitaldi publiko batzuk: politikariak, elizkizunetan parte hartzen; elizgizonak, ekitaldi instituzionaletan parte hartzen. Azken agerpen entzutetsua Nafarroan izan da, Fiteroko Guardia Zibilaren kuartelaren inaugurazioan. Toki handia izan zuen Francisco Perezek, Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko artzapezpikuak: kuartela bedeinkatzen izan da bi aldiz —lehen harria jartzean eta eraikina zabaltzean—. Alderantzizko adibideak ere badira: erlijio ekitaldi askotan parte hartzen dute herri ordezkariek. Azpeitian (Gipuzkoa), adibidez, San Ignazio biharamuneko elizkizunera joan ohi da Iñigo Urkullu lehendakaria. Elizkizunetan parte hartzeari muzin egin diote ezkerreko alderdi batzuek —EH Bilduk eta Nafarroako Ezkerrak, batez ere—, baina gutxiengoa dira.

Eguneroko jardun politikoan ere badira arrasto nabarmenak. Espainiako Gobernuaren jardunean, adibidez. Joan den astean, Ostiral Santu zelako, 11 laguni indultua eman zien; Aste Santuko prozesioak antolatzen dituzten kofradiek proposatzen dute nori eman indultua. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren ibilerak ezagunak dira: Maitasunaren Andre Mariari eman zion Poliziaren urrezko domina.

ZERBITZU ERLIJIOSOAK.

Diru publikoaren kontu

Zerbitzu publiko batzuetan toki handia du Eliza katolikoak. Ospitale publikoetan, esaterako. Gaixoei laguntza eskaintzen diete apaizek eta mojek, eta elizkizunak ere egiten dituzte. Diru publikoarekin ordaintzen da hori. Osakidetzak, esaterako, ia 545.000 euro erabiliko ditu aurten zerbitzu horiek pagatzeko, Jaurlaritzaren datuen arabera. Adibidea, Donostia ospitalean: sei lagun aritzen dira, eta Osakidetzak 130.000 euro baino gehiago ordaintzen dizkio Donostiako Elizbarrutiari —pertsona bakoitzeko, 21.500 euro baino gehiago—. Nafarroan, 55.000 euroko diru saila du aurten Osasunbideak Elizari ordaintzeko. Kartzeletan ere badira apaizak. Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak 300.000 euro baino gehiagoko aurrekontua du aurten erlijio zerbitzuetarako —ez du zehaztu zenbat diru den kartzela bakoitzerako—.

Zerbitzu erlijiosoetan ez dago berdintasunik. Osakidetzak, esate baterako, Eliza katolikoarekin bakarrik ditu hitzarmenak ospitaleetan jarduteko; gainerako erlijiorik ez da ageri dokumentuetan. Kartzeletan, bai, aintzat hartzen dituzte beste erlijio batzuk —aurrekontu txikiagoarekin, hala ere: aurten, 4.000 euro—. Deigarri da Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak diru sailari jarritako izenburua bera ere: musulmanen erlijio zerbitzuen diru saila izendatzeko, islamista kontzeptua erabili du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.