Kongresutik kanpo ere, babes gutxi

Kritika askoren artean iritsi zen PSOEren lege proposamena ganberara. Zigor Kodeari soilik erreparatzea eta zehaztugabea izatea leporatu diote, besteak beste.

Prostitutek protesta egin zuten, herenegun, Kongresuaren kanpoko aldean. FERNANDO ALVARADO / FOKU
Prostitutek protesta egin zuten, herenegun, Kongresuaren kanpoko aldean. FERNANDO ALVARADO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko maiatzaren 23a
05:05
Entzun

Espainiako Kongresuan ez du babesik lortu, eta kanpoan ere ez du adostasunik eragin. Herenegun parlamentuak atzera bota zuen PSOEk proxenetismoari buruz aurkeztutako lege proposamena, eta lasaitua hartu zuten askok, neurri nagusiek kezka handia eragin baitzuten. «Beldur» zirela aitortu du Marian Ariasek, Askabide elkarteko psikologoak: «Prostituzioan ari diren emakumeak klandestinitatera bultzatuko zituen». Delituen definizioak ere ezinegona eragin zuen hainbat juristaren artean, Miren Ortubai EHUko Zigor Zuzenbideko adituak berretsi duenez: «Definizio zabalegiak ziren, oso anbiguoak». Eta prostituzioaren abolizioaren aldeko taldeak ere ez ziren bat etorri testuarekin: «Prostituzio sistema amaitzeko, Zigor Kodea behar da, baina ez soilik Zigor Kodea», esan du Nafarroako Euleak taldeko kide Sara Vicentek.

Izan ere, legearen ikuspegiak kritika asko jaso ditu: hiru orrialde zeuzkan, eta Zigor Kodea moldatzera mugatzen zen, bestelako neurririk jaso gabe. Funtsean, hiru aldaketa proposatu zituen: batetik, proxenetismoaren definizioa zorroztea, «dirua irabazteko asmoz beste norbaiten prostituzioa sustatzen edo errazten dutenak» zigortzea —egun «jazarpenez edo indarkeriaz» aritzea baino ez dago zigorturik—; bestetik, norbere jabetzako toki bat prostituziorako erabiltzea edo alokatzea ere zigortzea; eta azkenik, sexu harremanak diru truke izatea «adosteagatik» isunak jartzea, hau da, bezeroak zigortzea.

«Haien inguru guztia, bezeroak eta logela alokatzen dietenak zigortzen badituzte, haiek ere jasango dute zigorra».

MARIAN ARIASAskabideko psikologoa

«Legeak ez zien ezer eskaintzen prostituzioan ari diren pertsonei», deitoratu du Ariasek. Bizkaian prostitutekin eta bazterketa egoeran daudenekin egiten dute lan Askabiden; asaldura eragin zuen testuak: «Haien inguru guztia, bezeroak eta logela alokatzen dietenak zigortzen badituzte, haiek ere jasango dute zigorra. Zer egingo dute bestela?». Adibideak jarri ditu: «Logelak alokatzeko debekuak, lanerako ez ezik, euren bizitzan ere kalterako dute: nork alokatuko die etxe bat? Bezeroekin negoziatzeko ere baliabide gutxiago izango dute, gizonek argudia dezaketelako arriskatzen ari direla». Gogora ekarri du neurri zigortzaileek «ikusezintasunera» eraman izan dutela prostituzioa, eta horrek elkarteen lana ere zailtzen duela: «Egun, gehienek etxeetan egiten dute lan, eta guretzat zailagoa da haiengana iristea».

«Prostituzioa oso gai konplexua da, eta Zigor Kodearen bidez ezin zaio konplexutasun horri heldu».

MIREN ORTUBAIEHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea

Gainera, zigorraren bidea ez da egokia, Ortubairen aburuz: «Prostituzioa oso gai konplexua da, eta Zigor Kodearen bidez ezin zaio konplexutasun horri heldu». PSOEren proposamenak nabarmen areagotu nahi zituen zigortu zitezkeen jokabideak, baina definizioak zehaztugabeak zirela gaitzetsi du: «Hirugarrenei alokatzea debekatzen duen puntua ez da argi desberdintzen proxenetismoaren definiziotik, adibidez. Zigor zuzenbidea ezin da hain anbiguoa izan, segurtasun juridikorik ez handia ekar dezakeelako, eta epaileek euren aurreiritzien eta estereotipoen arabera interpretatzea egoera batzuk».

Beste proposamen bat

Vicente ere abokatua da, eta proxenetismoaren definizioa gogortzearen alde dago, baina uste du PSOEk ez zuela «formula juridiko egokia» erabili. Nabarmendu du lege egitasmoa «osatugabea» zela, eta zigor esparrua gainditu behar zuela. Ildo horretan, gogora ekarri du abolizioaren aldeko taldeek egina dutela lege proposamen bat: «Lege organiko bat izango litzateke, genero indarkeriaren aurkako [Espainiako] legearen antzekoa; prostituzioaren egiturazko kausen eta arduradunen aurka egingo luke, eta neurriak, Zigor Kodean ez ezik, hezkuntza, osasun, gizarte edo lan eremuetan ere ezarriko lituzke. Izan ere, abolizionismoak pentsamoldea aldatzea sustatu nahi du».

«Prostituzioaren egiturazko kausen eta arduradunen aurka egin behar da».

SARA VICENTEMugimendu abolizionistako kidea

Kausetara jotzeaz mintzatu da Arias ere: «Bidegabekeria asko ditu oinarrian. Ez da kasualitatea gehienak andreak izatea, atzerritarrak, baliabiderik gabeak. Hori aldatzeko, pobrezia desagerrarazi behar genuke, patriarkatua, desberdintasunak… Zigor neurriak ez doaz bide horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.