Kongresutik «indartuta» atera direla nabarmendu dute PSE-EEk eta PSNk

Santos Cerdan nafarra PSOEko Antolakuntza idazkari nagusi izango da aurrerantzean ere. Idoia Mendiak eta Patxi Lopezek postu bana izango dute

Santos Cerdanek Antolakuntza idazkari karguan jarraituko du. BUEL ALIÑO / EFE.
joxerra senar
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hiru euskal herritar izango dira PSOEko zuzendaritza berrian. Espainiako alderdi sozialistak40. Kongresu Federala egin zuen asteburuan, Valentzian, eta, Pedro Sanchezen lidergoa baieztatzearekin batera, 34 lagunez osatutako zuzendaritzaren alde bozkatu zuten 975 ordezkarik —%95eko babesa jaso zuen zuzendaritzak—. Santos Cerdan nafarra alderdi barruko Antolakuntza idazkari izango da aurrerantzean ere, eta PSE-EEko azken bi idazkari nagusiek ere, Patxi Lopezek eta Idoia Mendiak, tokia izango dute alderdiaren erabaki nagusiak hartzen diren mahaian: bata, Memoria Demokratikoaren eta Laikotasunaren idazkari izango da; bestea, berriz, Ikerketa eta Programen idazkari. Izendapen horien harira, pozik agertu dira PSE-EEko eta PSNko ordezkariak, eta uste dute«sendotuta» atera direla kongresutik.

PSE-EEk eta PSNk lau lurraldeetako 39 ordezkari bidali zituzten Valentziara. Nafarroako ordezkaritzaren buru, Maria Txibite joan zen. Haren hitzetan, «batasunaren kongresua» izan da asteburukoa, eta PSNri dagokionez, poztekoa da Cerdan eragin handiko karguduna izatea alderdi barruan: «Nafarroakoa Espainiako federaziorik txikienetakoa izaki, guretzat harro egoteko modukoa da Antolakuntza idazkari bat izatea», adierazi zuen, atzo, Iruñean.

Cerdanek postuari eutsi dio

Izendapenaren berri izan ostean, Txibitek besarkada estu bat eman zion Cerdani. Politikari milagroarra itzal handikoa da bai PSOEren barruan bai eta PSNren barruan ere. Haren izendapenak erakusten du Pedro Sanchezen konfiantzazko pertsona dela oraindik. Izan ere, mugimendu esanguratsuak izan dira alderdi barruan, eta, agintari batzuk eragin eremuetatik at geratu diren arren, Cerdanek bere postuari eutsi dio. Halaber, aintzat hartu behar da PSNk zeresan handia izan duela EH Bildurekin izandako negoziazioetan eta bultzaturiko ildo politikoan. PSE-EEk 30 ordezkari bidali zituen Valentziara, eta Mendia bera izan zen ordezkaritzaren buruzagi. Kontent agertu zen emaitzarekin. Uste du alderdia bera «sendotuta» atera dela bere politikak etorkizuneko erronketara bideratzeko orduan. Mendiak berriki iragarri du ez dela aurkeztuko hirugarren aldizPSE-EEko buruzagi izateko lehiara. Atzeranzko urrats hori egin arren, PSOEko zuzendaritzan postu bat izango du, Lopezek bezala. Jaurlaritzako lehendakari izandakoa Memoria Demokratikoaren eta Laikotasunaren idazkari izango da. Kargu hori izatea «ohore bat» dela nabarmendu zuen Lopezek.

Kongresu federalaren ondotik,PSNk 12. kongresua egingo du datorren larunbatean, baina aldez aurretik argi dago emaitza nagusia: Txibitek eutsi egingo dio idazkari nagusi karguari. Zuzendaritza berritu beharko da, eta txostenak onartu, baina koalizio gobernuko lehen alderdia izanik, garai ona du.

PSE-EEk, berriz, hilabete barru egingo du kongresua, azaroaren 20an eta 21ean. Bozketak aurretik egingo dira berez, telematikoki, eta irabazlea azaroaren 17an izendatuko da. Soraya Morla eta Eneko Andueza dira alderdiaren lema hartzeko bi hautagaiak.

Kongresu federala amaituta eta zuzendaritza hautatuta, Sanchezek iraganean bere konfiantza galdu zuten bi pertsona izendatu ditu Moncloako kabineteko zuzendaritzarako: Antonio Hernando 2014tik 2016ra eledun sozialista izandakoaeta Oscar Lopez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.