Kongresuko arauak aldatzeko eskatu dute, hizkuntza gutxituetan aritzeko

Diputatuen Kongresuan aldibereko interpretazioa izango dute, eta testuak ere itzuliko dituzte

EH Bildu, ERC, En Comú Podem, Junts, EAJ, Pdecat, CUP, BNG eta Compromis agertu dira aldaketaren alde. EH BILDU.
Oihane Puertas ONA
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituen eskubideak bermatzeko helburuarekin, Diputatuen Kongresuaren araudia aldatzeko proposamena aurkeztu zuten atzo EH Bilduk, ERCk, En Comú Podemek, Juntsek, EAJk, PDeCATek, CUPek, BNGk eta Compromisek. Egitasmo horrekin euskarak, katalanak, galegoak, aragoierak eta asturierak jasaten duten «diskriminazioa» alde batera utzi, eta Kongresuan hizkuntza horietan hitz egiteko aukera izan nahi dute. Horren harira, EH Bilduk adierazi zuen hizkuntza guztiek erakunde publikoetan eskubide berberak merezi dituztela.

Proposamena arrazoitzeko orduan, Espainiako Konstituzioa erabili dute, horrek Espainiako Estatuko hizkuntza guztiak «babesteko» nahia azaleratzen baitu. Ez Espainiako Konstituzioa bakarrik, Senatuaren araudian egindako aldaketak ere hartu dituzte argudio gisa. Izan ere, moldaketa horien eraginez, Senatuko goi ganberan gaztelaniaz gain, beste hizkuntza ofizialetan ere hitz egiteko aukera dute.

Zehazki, egin duten proposamenaren bidez, 1982ko otsailaren 10eko Diputatuen Kongresuko araudia aldatu nahi dute. Besteak beste, seigarren artikulua moldatu nahi dute. Horrela, diputatuek Kongresuko eta batzordeetako osoko bilkuretan parte hartzeko eskubidea izango dute, beren autonomia erkidegoetan aitortutako edozein hizkuntza ofizialetan. Era berean, parlamentuarekin zerikusia duten idatzi eta agiriak hizkuntza horietan aurkezteko eskubidea izango dute.

Horrez gain, Diputatuen Kongresuko Mahaiari eta batzordeetako mahaiei esleitutako eginkizunak «behar bezala» betetzen direla ziurtatzeko, Legebiltzarreko zerbitzuek testuak gaztelaniara itzuliko dituzte. Testu horiek, gainera, Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, aurkeztutako hizkuntzan eta gaztelaniaz, gutxienez. Kongresuko eta batzordeetako osoko bilkuretan egindako esku hartzeak ere itzuliko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.