Bake eta konponbiderako elkarrizketak. Nafarroako Legebiltzarra

Kongresuko agiria kopiatu dute PP, UPN eta PSNk, ekarpenik egin gabe

1998an UPNk eta PSNk indarkeriaren aurka eta elkarrizketaren alde onartutako agiria aurkeztu du NaBaik, baina ez dute onartu«Adimena» erabiltzeko eskatu du Lizarbek, ETAren erabakiak bueltarik izan ez dezan

Yolanda Barcina, Bakartxo Ruizen hitzaldia entzuten, Nafarroako Parlamentuan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
UPNk, PSNk eta PPk ez dute Aietera begiratu nahi, Espainiako Kongresura baizik. Bere egin dute Amaiur taldea legez kanpo uzteko UPDk otsailean eginiko eskaerari aurre egiteko asmoz Kongresuan alderdien gehiengo batek hitzartu zuen ebazpena.Nafarroako Parlamentura ekarri dute hitzarmen haren edukia, hitzez hitz. Hala, garai politiko berria kudeatzeko heldulekua topatu dute. UPNk, kasu, orain arteko ikuspuntu hertsia arrazoitzeko ihesbidea topatu du. Bozketan, UPNk, PPk eta PSNk alde bozkatu dute Parlamentuko osoko bilkuran, eta Bilduk, Ezkerrak eta NaBaik, kontra. Kongresuan, EAJk ebazpenaren alde egin zuenez, NaBaiko Manu Aierdi jeltzalea abstenitu egin da.

Onartutako ebazpena bere posizio politikoari eusteko sostengu gisa erabili du Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak. Haren hitzetan, «ETAk desagertu egin behar du eta armak mahai gainean izateari utzi behar dio, egungo egoeran bere helburuak betetzen ez badira berriro itzul ez dadin». Haren ustez, onartutako ebazpenak helburu hori indartzen du. Batetik, ETAren biktimekiko konpromisoa azaltzen du, eta, bestetik, segurtasun indarrek bere jardunean jarraitu ahal izateko asmoaazaltzen du.

PSNko Juan Jose Lizarbek Kongresuko ebazpenaren garrantzia azpimarratu du. Haren hitzetan, agerian geratu da «demokraziak ETA garaitu» egin duela. Hala ere, Lizarbek gaineratu duurriaren 20ko ETAren erabakiaren ondorioz «zerbait» aldatu egin dela. «Garai politiko berrian gaude, eta garai hori politikak kudeatu eta administratu behar du, adimena erabiliz». Lizarbek garrantzitsutzat jo du garai horretan bideak irekitzea ETAren erabakia «atzeraezina» izan dadin.

«Inork ez dezala zapuztu»

UPNren eta PPren aldean, bestelako tonu bat eman dio onartutako ebazpenari. «ETAk desegin egin behar du, eta hori ez dagokigu guri, erakunde terrorista horretan daudenei baizik. ETAk pauso hori eman dezan, egoerak eskatzen duen mailan erantzuteko eskatzen digu alderdioi. Bakoitzak sinesten duen posizioari uko egin gabe». Hala, «epe ertainera eta luzera» begiratzeko eskatu du, eta mezu bat bidali die PPri eta UPNri, alderdi horiek aipatu gabe: «Alderdi demokraten aldetik behinik behin ez dadila zapuztu ebazpenak aipatzen duen itxaropen sentsazio hori, hain bidegabeki zigortua izan den gizarte honen itxaropen hori».

Alde baikorrari erreparatu nahirik, Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramaileak azpimarratu dubeste egunetako eztabaidekin alderatuta garraztasuna «gutxinaka» apaltzen ari dela. Ruizen ustez, ETAren erabakiak alderdi batzuk «tokiz kanpo» utzi ditu, eta oraindik ere alderdiek zailtasunak dituzte euren burua kokatzeko. «Batzuen zailtasuna denbora kontua da agian, baina beste batzuek kontzienteki erreparoa diote eta hori tristea da». Haren ustez, egoera horren isla da ebazpena. Ruizek gaineratu du ebazpenean gatazkaren alde politikoari muzin egin diotela eta gatazkaren ondorioak modu partzialean baino ez dituztela jaso. Aieteko Adierazpenaren garrantzia gogorarazi die parlamentariei.

NaBaik, berriz, 1998an UPNk, PSNk eta CDNk onartutako mozio bat berreskuratu du. Testu hartan, elkarrizketaren garrantzia eta bakearekiko «jarrera eraikitzailearen beharra» azpimarratzen zen. Txentxo Jimenezek ez du ulertzen zergatik ez diren gai orain duela hamalau urte onartutako testu hori babesteko: «1998an, ETAren su-eten baten aurrean, komenigarritzat jo zenuten testu hori bakea sendotzeko; orain, berriz, ETAk bere jarduera behin betiko utzi duenean, bestelako jarrera politikoa duzue».

Duela gutxi Irlandako Sinn Fein alderdiko Alex Maskeyk eta Hegoafrikako Kongresu Nazionaleko Robert McBridek hitzaldia eman zuten Iruñean, otsail amaieran, eta haiek emandako aholkuak gogora ekarri zituen. «Normaltasuna lortzeko erantzukizuna behar dela esan zuten, eta zailena dela norbere posizioari uko egin gabe bestearen larruan jartzea eta bestea ulertzea». Eskuzabaltasuna eta malgutasuna eskatu ditu.

Jose Miguel Nuinen ustez, Nafarroako Parlamentuaren ahotsa ezin da bakarrik Kongresuaren oihartzuna izan. Haren ustez, ebazpen hori garatu egin behar da, eta elkarbizitza sendotzeko bidean, Nafarroan elkarrizketarako foro bat sortzea proposatu du. Gainera, euskal presoei salbuespenezko neurriak indargabetzeko eskatu du:«Ez dugu eskatzen fabore traturik, baizik eta espetxe politika arrazionaltasunez egin dadila eskatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.