Oraingoz, gutun bat da. Jean-Jacques Urvoas diputatu bretoiari, eta Frederique Espagnac senatari biarnesari François Hollande Frantziako Estatuko presidenteak bidali gutuna, ekainaren lehenean. Biak sozialistak dira, eta, biek diotenez, behin eta berriz Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestea eskatu diote, 2012an Frantziako presidente izateko hautagai zela Hollandek hartu engaiamendua gauza dezan. Eta gutunaren jatorria horri lotua litzateke. Hitzemana gauzatuko duela dio gutunean, hain zuzen ere. Gutunean bertan, haatik, ez da ez epe zehatzik, ez aurkeztuko duen legeaz eduki konkreturik.
Gertatzen dena da iragan 23 urte hauetan ituna ez duela berretsi Frantziako Estatuak; argumentu nagusia dute Frantziako Konstituzioarekin ez datorrela bat. Funtsean, hori nolabait azpimarratu du Hollandek gutun horretan berriz ere. Itunaren berresteko «konstituzioaren berrikusketa aitzinetikako baldintza» dela gogoratu du bertan, hain zuzen ere.
Horrez gain, bi iragarpenekin dator gutuna. Batetik, konstituzioaren aldatu ahal izateko justuki, kongresuaren bidea hautatuko duela. Izan ere, Frantziako Konstituzioa aldatzeko bide nagusia erreferenduma da. Horrekerran nahi du Frantziako Estatuan bozkatzeko eskubidea dutenen gehiengoak behar duela ados izan aldaketarekin. Bada, hala ere, horren saihesteko posibilitate bat. Frantziako presidenteak aldaketa kongresutik pasatzea erabaki dezake. Eta aukera hori hobesten duela dio gutunean Hollandek, preseski: «Kongre- suaren bidea iruditzen zait egokiena». Hortaz, idatzi gabe, baina, berez, erreferendumaren bidea saihesten du. Kongresua legebiltzarreko eta senatuko hautetsiek dute osatzen. Eta onarpena lortzeko, bozkatu dutenen artean hiru bostenak dira lortu behar.
Gutunean aurki daitekeen bigarren iragarpena lege proiektuari lotua da. Hollandek dio lege konstituzional baten proiektua idaztea eskatu diola Christiane Taubira Justizia ministroari. Estatu Kontseiluaren esku ezarriko duena, «luze gabe». Lege horren «helburua» izanen da «parlamentuak euroitunaren berresteko baimena ematea». Adierazi duenez, parlamentuko aipagaietan izatea «nahi» dute, «lehenbailehen». Baina bestelako zehaztasunik eman gabe. Proiektu horren nondik norakoaren berri mementoko ez da zehazturik.
Kontua da aurrekariak badituela lege proiektu horrek. Hau da joan den urteko urtarrilean Frantziako Legebiltzarrak adostu legea. Urtarrilaren 28an lege konstituzional proposamen bat bozkatu zuen gehiengoak. 53-3 artikulu horrek, ituna berresteko aukerak irekitzen bazituen ere, ororen buru hizkuntza gutxituei eta horien hiztunei murrizketak ekarriko zizkiela kritikatu zuten azkarki zenbait elkartek, baita diputatu batzuek ere. Euroitunean aurkitzen den «talde» kontzeptua onartzen du, baina horrek ez dakar «hizkuntza gutxituakmintzo dituztenen eskubide kolektiborik», bozkatu zuten proposamen horrek zehazten duenez. Bestalde, artikulu horren bidez, itunari bigarren ideia nagusi bat da gehitzen dio, itunak ez dezan dudan jar Frantziako Konstituzioko bigarren artikulua, zeinek baitio frantsesa dela «errepublikako hizkuntza». Administrazio eta zerbitzu publikoarekiko harremanetan frantsesa erabiltzea «inposatzen» dela zehazten du.
Taubirak landuko duen artikuluak hori aldatzeko asmoa duenez galdegitean, administrazioko hizkuntza ez dadin bakarrik frantsesa izan ahalbidetzeko aukerak emanen ote nahi dituenetz galdetzean, Frederique Espagnac senatariak doi bat ihes egin dio galderari. Baieztatu du «zenbait aldaketa» izanen direla. Baina azaldu du ez dela oraingo kontua aldaketa horiek zehazki jakitea. «Pentsatzen dut baietz», bota du, hala ere; sineste sendorik erakutsi gabe. Ez dela galderen garaia azaldu du: «Galderen garaia etorriko da, baina orain inportanteena da erabaki politiko bat hartua izan dela», eta hori dela garrantzitsua berretsi du senatariak. Esplikatu du lege konstituzionalaren proposamena senatuan pasatzea dela egutegi aldetik lehen urratsa.
Dena dela, behin ituna berretsita, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak gogora ekarri du errealitatean zailtasunak ez direla desagertzen. Hego Euskal Herriaren kasuan, esaterako, ituna berretsia duen estatu baten menpeko direla oroitarazi du.
Ituna «tresna interesgarria»
Ituna «menu» baten gisara irudikatzen du Bilbaok. Eta menu horretan estatuak hautuak egin ditzake aukeren artean. Behin berretsita, hortaz, aukerak lituzke Frantziako Estatuak gutxieneko engaiamenduen hautatzeko. Berez, ituna «tresna interesgarri » bat dela gogoratu du Bilbaok. «Denek zintzoki jokatzen badute euroitunarekin». Bereziki gizarte eragileei adi egoteko posibilitatea ematen diela gaineratu du: «Ahotsa ematen digu gizarte eragileoi. Hori da itunak dakarren aukerarik inportanteena». Gero, nabarmendu du gisa bereko nazioarteko itunei ezin zaiela «gehiegi» eskatu. Kasu honetan, haren iduriko, Frantziako Estatuaren azken 23 urteetako jarrera da adierazgarriena: «Frantzia ari da denbora guztian saihesten itunaren berrestea. Eta orain, berrestera doala, mesfidantza puntu batekin begiratzen ahal diogu kontu horri. Zenbateraino gure hizkuntzen berreskurapenerako beharko liratekeen engaiamenduak hartuko lituzkeen. Baina hori, azkenean, borondate politikoa da».
Espainiako Estatuak, adibidez, 2001ean izenpetu zuen ituna. Geroztik zaintza lana egiteko posibilitatea daukate gizarte eragileek. Joan den irailean, esaterako, Europako adituekin bildu ahal izan ziren gizarte eragileak Bilbon, eta hutsuneak nabarmendu, eta behin eta berriz errepikatzen direla gaineratu. Europak ondotik Espainia Estatuari zenbait gomendio eman ahal dizkio. «Teorian bete behar dituenak», esan du Bilbaok. Baina nahiz eta ez bete, «ez da ezer gertatzen». Ez da, adibidez, isun baten arriskurik izaten.
Hizkuntza gutxituak. Frantzia
Kongresuaren babesaren bila
Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko proiektua kongresutik pasatuko dela iragarri du Frantziako presidenteak.Justizia ministroari eskatu dio legea idazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu