Eutanasia

Kongresuan da berriz ere eutanasia onesteko PSOEk proposatutako legea

Voxek, PPk eta Navarra Sumak bakarrik eman dute kontrako botoa. Eritasun larri eta sendaezinak eta pairamendu «jasanezina» eragiten dituzten gaitzak dituzten gaixoen eskeak onesten ditu testuak

Maria Luisa Carcedo lege proposamena aurkezten, atzo. CHEMA MOYA / EFE.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aurreko legealdietan aurrera egin ezinik ibili eta gero, berriz ere Espainiako Kongresuan da PSOEk eutanasia legeztatzeko asmoz idatzitako lege proposamena; PPk, Voxek eta Navarra Sumak ez beste, gainerako talde politiko guztiek eman zioten atzo onespena. Orotara, 201 diputatuk alde bozkatu zuten, 140k aurka eta bi abstenitu egin ziren (Teruel Existeko Tomas Guitarte eta ERCko Joan Capdevila). Legebiltzarrean zer bide egiten duen ikusi beharko da orain: Osasun Batzordean zer lanketa duen, eta zuzenketen bidez zer taxu hartzen duen amaieran. Jatorrizko testuak aintzat hartzen ditu eritasun larri eta sendaezinak eta pairamendu «jasanezina» eragiten duten gaitz larri, kroniko eta mendekotasun eragileak dituzten pazienteen eskabideak. Osasun ministro ohi Maria Luisa Carcedok aurkeztu zuen testua, eutanasia legeztatzearen alde lanean jardun duten familien eta osasun arloko profesionalen adorea txalotu zuen, eta legebiltzarkide guztiei eskatu zien legearen alde egiteko: «Oinazeak ez du ideologiarik. Eta lege hau ez dugun bitartean pertsona asko sufritzen ari dira». Eragina izan zuen «ideologiak», hala ere: aurrez espero zen gisan, PPk, Voxek eta Navarra Sumak eman zuten lege proposamenaren aurkako boza. Irmo eta hitz aski gordinekin gaitzetsi zuten legea.

Proposamena aurrera ateratzen bada, aurrera urrats handia izango da; izan ere, gaur egun paziente bati hiltzen laguntzea delitu da Espainiaren lege esparruan. PSOEren testuak «eskubide indibidual» gisara onartu nahi du eutanasia. Ez edonola: betiere, eskaria egiten duena ondo informatu beharko du osasun sistemak dituen aukeren inguruan, behin baino gehiagotan jaso beharko du haren ahotan eutanasiaren aldeko hautua, eta era argian. Beren lege proposamenak «bermeekin» jarduteko era emango duela nabarmendu zuen Carcedok. «Zigorgabetzeaz harago dago: arautu egiten du prozedura bat zeinaren bidez eskubide berri bat bermatzen den».

Duintasunez hiltzeko eskubidearen alde diharduten elkarteek ere onartu izan dute egon daitezkeen eskeen %95-edo aintzat har ditzakeela testuak, eta goraipatzeko moduko aldagaiak dituela. Bermeak ezartze aldera, hala ere, kontrol gehiegi dakartzala adierazi dute behin baino gehiagotan: prozesu malguagoa nahi lukete.

Jose Ignacio Echaniz Salgado PPko legebiltzarkideak gogor hitz egin zuen lege proposamenaren aurka, eta haren hitzak arbuiatu egin zituzten parlamentari askok. Lege proposamena era «ilunean eta bermerik gabe» landu dela esan zuen, eta eutanasia onartua duten herrialdeetan esperientzia oso txarrak izan dituztela: «Juristak eta medikuak mintzatuko balira, beldurtzeko modukoak kontatuko lituzkete». Eutanasia osasun gastuan «aurrezteko» erabili nahi dela ere esan zuen: «Gizarte arloko murrizketak dira». Zaintza aringarriak bermatzea ekarriko duen lege proposamen bat aurkeztu dutela adierazi zuen. Voxeko Lourdes Mendez Monasterio, antzera: «Sufrimenduaren aurrean, mina arindu nahi dugu guk: zuek eria suntsitzea: heriotza». Legeak funts «totalitarioa» duela esan zuen: «Estatua hiltzeko makina bihurtzen duzue». Herbehereetan eutanasia dirua «aurrezteko» erabiltzen dutela salatu zuen hark ere. Halako hitzen aurrean «demagogia» leporatu zietenen artean, EAJko ordezkari Joseba Agirretxea egon zen. «Norbait bizitzera derrigortzea, hiltzera derrigortzea bezain krudela izan daiteke». Legearen alde solastatu zen EH Bilduko ordezkari Iñaki Ruiz de Pinedo ere: «Pertsona jarri behar da erdian». Egun hainbat medikuk hiltzen laguntzeko erabakia «isilpean» hartzen dutela esan zuen, eta halakoak saihestera egin behar dela.

Carcedok legearen aurkakoei gogorarazi zien pazienteen nahia errespetatuko dela beti: «Utzi eskubide berri bat loratzen; nahi duenak erabiliko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.