Nafarroako Gobernuak Trafiko eskumena jasoko du aurki. Espainiako Kongresuak baimendu du Foru Hobekuntzan egin behar zen aldaketa egitea eta modu argian jasotzea Trafiko eskumena Nafarroako Gobernuari kudeatzea dagokiola. Horrela, Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo otsailean baliogabetutako transferentziak ez luke justiziaren trabarik izango aurrerantzean, eta trafikoa Foruzaingoak kudeatuko du Nafarroan.
Nafarroako eta Espainiako Gobernuen akordio baten ondoren iritsi da Espainiako Kongresura Foru Hobekuntzan aldaketa egiteko lege organikoaren proposamena, eta, PP eta Vox salbu, beste talde guztien baiezko botoak jaso zituen, atzo. Oraindik litekeena da denbora tarte bat pasatzea eskuduntza hori Iruñera iristerako, Espainiako Senatuaren galbaheak atzera dezakeelako prozesua. Baina Trafiko eskumenaren transferentzia luze gabe espero da, atzoko urrats garrantzitsuaren ondoren.
«EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari esker, gure burujabetzan beste urrats bat egingo dugu»
BEL POZUETAEH BILDUko diputatua
«EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari esker, gure burujabetzan beste urrats bat egingo dugu», esan zuen koalizio subiranistako diputatu Bel Pozuetak. Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero egungo PPko diputatu eta lehengo UPNko kideei aurpegiratu zien nafarrei euren «eskubideak ukatzea», eta beren buruak «nafarrentzat edukitzea». Esan zien EH Bildu dela Nafarroak aurrera egitea ahalbidetzen duena, euren traben aurrean, «Espainiako justizia nafarren aurka baliatuta ere».
«Gezurra esango du esaten duenak Guardia Zibila Nafarroatik aterako duela honek; ez du zertan horrela izan»
ALBERTO CATALANUPNKO DIPUTATUA
UPNk ere baiezko botoa eman zuen, baina oso argi utzita ez zuela nahi Guardia Zibila Nafarroatik joatea, «ETAren terrorismoaren aurrean» lagundu ziolako. Alberto Catalan diputatuak plaza gehiago eskatu zituen erakunde armatu horrentzat, eta trafikoa Foruzaingoarekin batera kudeatzea. «Baiezko hau da Konstituzioaren eta Foru Hobekuntzaren aldeko botoa», argitu zuen. «Gezurra esango du esaten duenak Guardia Zibila Nafarroatik aterako duela honek; ez du zertan horrela izan».
«Uxue Barkosek negoziatu zuen, eta iritsi da, tartean prozesuaren birsalmenta egon den arren»
AITOR ESTEBANEAJko diputatua
EAJko diputatu Aitor Estebanek, berriz, gogoratu zuen EAJk hartu zuela 2018az geroztik Trafikoaren eskumena Nafarroara ekartzeko ekimena, «Altsasuko 2018ko Nafarroa Oinez-en ondoren». Iritsi dela iragarri zuen, eta azpimarratu Uxue Barkosek negoziatu zuela, «tartean prozesuaren birsalmenta egon den arren». Horrela erreparatu zion EH Bilduk PSOErekin egindako akordioari.
Ibilbide luze bat
Duda juridikoei zirrikiturik utzi gabe, Foru Hobekuntzak trafikoaren eskumena jasotzeko prozesua otsailean hasi zen. Transferentziaren jatorriari begiratuz gero, Espainiako 2023ko aurrekontuetara jo behar da. EH Bilduk PSOErekin hitzartu zuen transferentzia behingoz gauzatzea —bi gobernuen arteko negoziazioa lau urte irauten ari zen, Uxue Barkos presidente zen garaitik—, eta, aurreko legealdian, Madrilgo eta Iruñeko gobernuek eskumena itzultzeko akordioa hitzartu zuten.
Hala, 2023ko uztailaren 1ean sartu zen indarrean trafiko eskumena, baina, aurtengo otsailean, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen. Argudiatu zuen ezin dela errege dekretu bat baliatu Foru Hobekuntzan jasota ez dagoen eskumen bat emateko, eta eskubide historikoen artean ere ez dagoela.
Ordutik, Foru Hobekuntza aldatzeko bidea hartu du Nafarroako Gobernuak, eta Nafarroako Parlamentuak eduki hori jasotzeko aldaketa egitea onartu zuen, aurtengo maiatzean; soilik PPk eta Voxek bozkatu zuten aurka.
Bada, gobernu biek Foru Hobekuntzaren aldaketa hitzartu ostean, atzo iritsi zen Espainiako Kongresura, eta idazketa berriak badu jadanik parlamentuaren baietza. Azkenerako, Nafarroaren aldarrikapen historiko bati bide emango zaio modu horretan, eta aspaldian kudeatutako eskumen bat berreskuratuko du. 61 urte inguru iragan dira frankismoak eskumen hura kendu zionetik. Orain, bizpahiru urte iraungo duen trantsizio epe bat abiatuko da, Foruzaingoak trafikoaren ardura osoa izan arte.