Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ekainaren 19an eta 20an egingo du Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen lan eskaintza publikoa. ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, ordea, berrogeialdian dauden hautagaiak ezingo dira aurkeztu, eta, gainera, ELAk erantsi du Hezkuntza Sailak ez dituela eskaintzen egoera horretan egon daitezkeenentzako beste aukera batzuk.
4.410 pertsonak dute parte hartzeko aukera, eta ekaineko proba gainditzen dutenek ahozko azterketa egin beharko dute irailaren 6tik aurrera. LABek, ordea, proba bakoitzaren artean dagoen tartea salatu du, epaimahaia osatuko duten irakasleen egoera gogora ekarrita; uste du langile horiek azterketen egunetan —ikasturte amaieran eta hasieran— eskoletatik kanpo egoteak eragina izango duela maila pertsonalean eta zentroen ohiko funtzionamenduan.
ELAk, berriz, berretsi du ez dagoela halako ereduen alde, eta Jaurlaritzarekin hitz egiteko prest ere badagoela. Steilasek ere herenegun salatu zuen «aldebakarrez» hartutako erabakia dela.
PAIren aurkako aldarria
Steilasek ingelesezko PAI programa «indargabetzeko eta dekretu berri bat negoziatzeko» eskatu zuen atzo Nafarroan. Haren ustez, lurraldeko eskoletan «benetako hizkuntza tratamendu integratu bat» behar da, tokian tokiko hizkuntzetatik abiatuko dena, «bazterkeriarik gabe». Izan ere, uste du ez duela funtzionamendu «egokia», eta ez daudela behar adina tresna aurrera eramateko.