Koronabirusa. Adrian Aginagalde. Epidemiologoa

«Konfinamenduaren aukera ezin da baztertu»

Aginagaldek ohartarazi du pandemien bigarren olatuak bortitzagoak izaten direla, baina prebentzio neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko aukera nabarmendu du.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Santander
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
COVID-19aren lehen olatuaren kudeaketa bertatik bertara ezagutu zuen Adrian Aginagalde epidemiologoak (Donostia, 1989). Espainiako Osasun Ministerioko Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko langilea izanik, Eusko Jaurlaritzari aholkularitza ematera bidali zuten udaberrian. Ekainetik, berriz, Santanderren (Espainia) bizi da, Osasun Publikoko Kantabriako Behatokiko zuzendari izendatu baitzuten.

COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan gaude. Nola ikusten duzu egoera, oro har?

Munduan eta Europan azelerazio bat izaten ari da berriro: espero zitekeen urri amaieran edo azaro hasieran pandemia bultzatzen duten arrisku faktoreak indartzea. Egia da hemen udan ere izan zela azelerazio bat, gero murriztu zena, baina oraingo hau bai, bat dator Europa mendebaldeko joerarekin. Oro har, nabaria da faktore batzuen eragina: batetik, jarduera ekonomiko jakin batzuk, eta bestetik, metropoli handiak. Izan ere, arnas aparatuko infekzio akutuek orokorrean koadro arinak eragiten dituzte, baina inkubazio eta transmisio epe oso laburrak dituzte, eta, beraz, oso azkar mugitu behar dute hedatzeko; makrohirietan hori ahalbidetzen duten arrisku faktore asko daude, adibidez, logela hiriak edo denbora gutxian lekualdatzeko garraiobideak, eta horiek ezin dira aldatu, egitura ekonomiko-demografikoak direlako.

Esan duzunez, adituek urrirako espero zenuten bigarren olatua. Zergatik urrian?

Garai honetan hainbat arrisku faktore areagotzen direlako: eguzkia jaistean eta argi ultramorea murrizten da, bai intentsitatean zein denboran; eta, espazio itxietan denbora gehiago eta pertsona gehiagorekin egoteak dakarren arriskuaz gain, badirudi barruko aire lehorrak birusei kutsagarritasuna mantentzeko gaitasuna ematen diela. Birus hau ez da gripe bat, baina, ohiko gripearen jokabidea hartzen badu, orain hasiko da eta urtarril amaiera edo otsail hasiera arte iraun dezake.

Zergatik aurreratu da bigarren olatua Euskal Herrian eta ez beste hainbat herrialdetan?

Ez dakit udakoari bigarren olatu deitu ahal diogun, baina, edonola ere, udan azelerazio bat izan zen, ospitaleratzeak eta abar. Bi azalpen jarri izan dira mahai gainean. Bat: lehen olatua moztu egin zela, eta haren zati bat izan zirela udako kasu horiek, uhinaren berezko amaiera, nolabait. Eta bi: udako arrisku faktoreek ahalbidetu dutela transmisioa; batetik, jendeak kontaktu asko eduki dituelako, eta, bestetik, menpekotasun handia dugulako sektore ekonomiko batzuekin, eta horiei lotuta agerraldi handiak izan dira: sasoikako langileetan, turismoan, gaueko aisialdian, industrian... Demografiak ere eragina du: Gasteizen eta Iruñean, adibidez, makrozefalia demografikoa dago [hirigunea inguruko herri txikiak baino askoz handiagoa da], eta Bilbok eta inguruko herriek hirigune handi bat osatzen dute: pilaketa horiek transmisioa errazten dute.

Kutsatze datuei begira, aditu batzuek esan dute udazkenean hirugarren olatu bat etor daitekeela, bigarrena gainditu baino lehen. Hala al da?

Olatuak ez dira neurtzen gaixotasun infekzioso baten kasuen bidez, baizik eta hildakoen bidez; 1848ko gripetik 2009kora, uhinak neurtu dira heriotza tasetan, eta 2009ko gripetik aurrera ospitaleratzeen aldagaia ere txertatu da. Ez da komeni kontzeptuak nahastea. Olatuak irudikatzeko, ezin dugu hartu PCRetan oinarritutako intzidentzia.

Zer gerta daiteke orain datorren kutsatze oldearekin?

Espero dugu olatu hau motelagoa izatea, eta horrek neurri drastikoenak hartzea moteldu dezake, edo eragotzi, edo estratifikatu, hau da, bakarrik eremu batzuetan ezarri. Orain, historian lehen aldiz, egiaztatu ahal izango dugu prebentzio neurriak eraginkorrak diren. Baina, oro har, bigarren olatuak okerragoak izaten dira: kurbaren maximoa altuagoa izaten da, eta pixka bat estuagoa.

Hau da, hildakoetan izan daiteke lehen olatua bezain bortitza?

Ezin dugu ezetz esan. Egia da 65 urtetik gorakoek hartu dituzten prebentzio neurriek eraginkorrak izan beharko luketela, eta hori ez dela inoiz egin, baina aurreko pandemietan ez geneukalako sektore hori: 1918ko gripean, 30 urtetik beherakoak egon ziren larrien. Prebentzio neurriak eraginkorrak badira, zentro itxietako agerraldiak gutxitu behar lirateke, eta adin horietako heriotza tasa jaitsi. Baina transmisioa asko luzatzen baldin bada, gaitza beste adin talde batzuetan zabalduko da, eta haientzat ere larriagoa da birus hau, arnas aparatuko beste eritasunekin alderatuta.

Egoera okertzen bada, berriz ezar daiteke konfinamendua?

Konfinamenduaren aukera ezin da baztertu; baztertzen dutenek lasaitasun mezu bat helarazi nahi dute, eta ulergarria da, inork ez baitu azken aukera hori hor eduki nahi. Baina ezin da baztertu. Zer alda daiteke? Askoz motzagoa izan daiteke, agian formula malguagoak bila daitezke, eta lokalizatuagoa izan daiteke. Herri edo hiri baten perimetroa ixtearen helburua da infekzioa esparru jakin batean mantentzea, hortik kanpo ez zabaltzeko; ikusten ari gara neurri hori eraginkorra dela barnean intzidentzia jaisteko, ziurrenik jendeak ez duelako bizitza soziala egin nahi horrela dagoen bitartean, eta, gainera, badirudi bigarren efektu bat ere izaten ari dela, kasu bakoitzeko kontaktuak asko jaisten ari direlako.

Eta eraginkorrak al dira tabernetako edukiera murrizteko eta lagunartean jende gutxiago biltzeko neurriak?

Bai. Badakigu arrisku faktore asko daudela leku itxietan maskara gabe gaudenean, jaten edo edaten, eta horri erantsi behar zaio argi naturalaren falta, zarataren ondorioz altuago hitz egin behar izatea, gertuago egotea denbora tarte luzeetan, eta aireztatzea zaila izatea. Beraz, hor edukiera jaisteak dakar igorle kantitatea eta kontzentrazioa jaistea, eta badirudi eraginkorra dela.

Konfinamendura itzulita, badago irizpiderik zehazteko zer kutsatze mailatik aurrera hartu behar diren halako neurriak?

Neurriak agintariek hartzen dituzte, arriskuak ebaluatu ostean, eta horretarako irizpideak jarrita daude, bai nazioartean, bai estatuan, erkidegoekin adostuta. Orain ari dira sistema hori egokitzen, baina berez, arrisku adierazleak aztertzen dira, inpaktu eta transmisio probabilitateak ebaluatzen dira, eta, algoritmo bat erabiliz, zehazten da arriskua handia, ertaina edo txikia den. Dena den, osasun publikoko neurriek, eskubideak mugatzeaz gain, izugarrizko inpaktua dute, eta horrek eskatzen du halakorik ez hartzea automatismoen bidez, baizik eta tokiko ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoak aztertuz. Kalkulu mekanikoek nolabaiteko segurtasuna ematen dute, baina benetan nahi dugu ekuazio batek hartzea erabakiak? Kontuan izan gabe, adibidez, 65 urtetik gorako zenbat pertsona dagoen? Eta, halere, ez da batere erraza: arriskuaren estratifikazioa da seguruenik epidemiologiaren zatirik zailena.

Alemania neurri murriztaileak hartzen ari da 100.000 biztanleko 50 positibo daudenean; Espainiako Gobernuak 500ean jarri du langa. Zein da egokiena?

Neurriak ez dira soilik hartzen 500era iristean; neurriak egunero hartzen dira, urtarriletik, baina ez dira beti arlo berdinekoak. Hori ondo ulertu behar da, bestela jendeak neurri bezala har ditzake soilik beren eskubideak mugatzen dituztenak. Gainera, 500eko muga hori maximo bat da, baina dokumentu teknikoetan beste maila batzuk ere badaude. Bestalde, Alemanian duten irizpide hori intzidentzian oinarritzen da, baina epidemiologook nahiago dugu beste adierazle batzuk ere kontuan hartu, hala nola gaitasun asistentziala, ospitaleratze kopurua, positibo tasa eta ZIUen egoera; izan ere, intzidentziaren kopuruak erraz alda daitezke, egiten diren PCRen arabera.

Madrildik ahots asko entzun dira azken egunetan, han ezarritako neurrien harira, esanez Nafarroan kutsatze gehiago daudela. Konparagarriak al dira hango eta hemengo egoerak?

Ezin da Nafarroa alderatu makrohiri batekin, inola ere. Nafarroako edozein herritako kasu batek igoera handia eragiten du intzidentzian, eta Madrilen ez da nabaritzen; horregatik ez da erabili behar soilik intzidentziaren irizpidea. Positibo indizean goian dago Nafarroan, baina ez Madril bezainbeste, eta ospitaleratzeetan eta ZIUetan ez dago hain gaizki. Hala ere, Nafarroak zahartze tasa handia dauka; beraz, oso ulergarria da foru gobernuak neurri gogorrak hartu nahi izatea biztanleria babesteko. Egia da aurrez ere neurri batzuk hartu dituela, baina halakoek denbora asko behar dute: bi asteko epeak erabiltzen ari gara, baina, kutsadura kateak martxan badaude, ez da erraza bi astean moztea.

Arreta handiegia jartzen ari da pertsonen portaeran? Normala da herritarrak erlaxatzea?

Osasun publikoko neurri guztiek moralizatu egiten dute; gizarteak barneratzen ditu, baina arduraren bektoreak norabidez aldatzen du. Beti gertatu da: tuberkulosiarekin, gripearekin, GIBarekin... Jokaera indibidualetan fokua jartzea espero izatekoa da, hor daudelako prebentzio neurriak: eskuko higienea, distantzia, maskara... Zoritxarrez, ez dugu neurri hoberik. Beraz, ulergarria da agintarien diskurtsoak nabarmentzea neurri horiek bete behar direla, eta egia da denok izan behar dugula arduratsu, baina osasuna babesteko erantzukizuna agintariena da, legearen arabera.

Zuk esana da: «Gaixotasun transmitigarriak determinatzaile sozialen gaixotasunak dira».

Determinatzaile sozialen paradigmak dio gure osasuna faktore sozial batzuek baldintzatzen dutela, eta paradigma horren sorreran gaixotasun infekziosoak daude: ezin dira ulertu eritasun horiek determinatzaile sozialik gabe. Guztiz faltsua da gaitz infekziosoek denoi berdin eragiten digutela: errege gutxi hil ziren izurrite beltzaren ondorioz, eta epidemia guztietan pobreenak hil dira batez ere. Kutsatzeko arriskua eta inpaktua egoera sozialek baldintzatzen dituzte: kutsatzeko arrisku handiagoa duzu lan eta bizitoki baldintza txarrak badituzu, eta sendatzeko gaitasuna ere zure osasun egoerak baldintzatuko du, hau da, zure elikadurak, lanak, egoera ekonomikoak, zure sistema politikoak hartzen dituen neurriek... Eta horrela azaltzen dira herri edo estatu batetik bestera intzidentzian eta hildakoetan dauden aldeak: 65 urtetik gorako zenbat pertsona dauden, zer egoeratan, haien zaintzaileek zer harreman sozial duten, eta 65 urtetik beherakoek zer lan baldintza duten eta kutsatzeko zer arrisku.

Nola azalduko zenuke zahar etxeetan gertatzen ari dena?

Zentro itxietan edozein gaixotasun kutsakorrek agerraldi bat eragiten du: birusa azkar zabaltzen da; zahar etxeetan bezala, kartzeletan, barnetegietan, ospitaleetan, edo kongregazio erlijiosoetan. Egoitzetako egoeraren aurrean egin den proposamen onena da —eredu soziosanitarioa guztiz aldatzeaz gain— infekzioen kontrolerako espezialistak jartzea. Baina, zoritxarrez, pandemian zehar agerraldiak izango ditugu zahar etxeetan. Zer lortu behar dugu? Ahalik eta azkarren detektatzea eta lekualdatzea, ahalik eta kutsatze gutxien izatea, eta prebentzio neurriak martxan egotea. Baina, egiturazko aldaketez gain, ez dago konponbide onik: prebentzio neurriak mugatuak dira, eta inpaktu handia dute adinekoaren osasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.