Koronabirusa

Konfinamendu osoa

Madrilek eten egin ditu funtsezkoak ez diren jarduera guztiak, bihartik apirilaren 9ra. Langileek ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero egingo dituzte

Langile batzuk lanean, joan den astean, Hernaniko lantegi batean. J. URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Adituei kasu egin die. Hala aitortu du Pedro Sanchez berak. Eta azaldu duenez, haiei entzun ondoren erabaki du jarduera ekonomiko guztiak debekatzea, funtsezkoak izan ezik. Bihartik apirilaren 9ra arte. Horren ondorioz, Hego Euskal Herrian, azken bi asteetan bezala atera ahal izango dira kalera herritarrak: jan-edanak erostera, osasun etxera joateko... Baina ezingo dira lantokietara joan,ez badute funtsezko sektoreren batean lan egiten behintzat.

Duela astebete Italian hartutako neurria bere egin du, horrela,Espainiako Gobernuak,COVID-19ak kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak oraindik goia jo ez duela ikusita. Sanchezek azaldu duenez, helburua da mugikortasuna are gehiago mugatzea: «Asteburukoa lanegunetara ekartzea». Eta horrekin kutsatuen kopurua gutxitzea, eta, aldi berean, osasun zentroetako zainketa intentsiboetako unitateen «kongestioa arintzea» .

Gobernua hartzen ari den neurriek «ohiz kanpoko gogortasuna» dutela aitortu du Sanchezek,baina nabarmendu du «birusaren olatuaren gandorra» ikusten hasiak diren arren ez dela zaintza jaisteko garaia, alderantziz baizik, «borroka areagotu» egin behar dela. Ohartarazi du «egun oso gogorrak» datozela.

Sanchezek aurrez iragarrita ez zegoen agerraldi batean jakinarazi zituen neurriak atzo arratsaldean. Azaldu zuenez, Espainiako sindikatu nagusiei eta patronalei eman zien horien berri aurretik. Komunikabide batzuek bidalitako galderak erantzun zituen Moncloan eginiko prentsaurreko telematikoan. Hauek dira neurriaren gakoak.

Astelehenetik aurrera nor joan daiteke lantokira eta nor ez?

Sanchezek erantzun duenez, alarma egoera ezartzeko dekretuan aipatzen diren sektoreetan lan egiten dutenek joan daitezke, baina testu horretan ez da zerrenda zehatzik azaltzen. Hortik ondoriozta daitezke ondoko zutabean azaltzen diren hamabijarduerak direla, baina gaur onartuko duten dekretuan zehaztuko dute hori hobeto.

Espainiako gobernuburuak azaldu duenez, aurreko dekretua indarrean jarri zenean, aukera eman zitzaien industriaren zati handi bati eta eraikuntzaren sektoreari beren jardunarekin jarraitzeko. Astelehenetik aurrera jada ez da horrela izango. Halaber, ez dituzte euren ateak irekiko osasun materiala fabrikatzera egokitu ez diren lantegiek edo elikagaien, horniduren eta behar handiko ondasunen hornidurarako ez direnek. Bai, ordea, komunikabideek; funtsezko zerbitzutzat jo ditu Sanchezek, horri buruz galdetu diotenean.

Eta etxetik lan egiten dutenek?

Ez dute zertan gelditu behar euren jarduna, nahiz eta funtsezko sektoreetakoak ez izan. Berdin jarraituko dute lanean, eta ezinezkoa den kasuetan —euren enpresek jarduna erabat eten dutelako, adibidez—, bi asteko baimen ordaindua hartu ahalko dute, lantokira joan ezin direnek bezala.

Nola ordainduko dira lan gabe egindako orduak?

Enpresek ordainduko dituzte, baimen gisa. Bi asteko iraupena izango du etenaldiak. Diru hori langileek itzuli beharko dute euren lanarekin. «Osasun larrialdia» amaitzean, egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte, «pixkanaka eta denboran zehar». Langileek enpresariekin adostu ahal izango dute lan orduak nola gehitu —egunero ordu erdi gehiago eginez, edo beste modu batera—. Abenduaren 31 arteko epea izango dute horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.