«Konfiantza eta egonkortasuna» eskainiko ditu EAJk kanpainan

'Onena emateko garaia' eman dio hauteskunde kanpainari izena; jarrera irekia erakutsiko du konponbiderako

Aurrekoetxea eta Urkullu, EAJren hauteskunde programa aurkezteko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Azken asteotan Euskal Herriko herri nagusietako hautagaitzak aurkeztu ondoren, maiatzaren 22ko bozetarako oinarri izango duen programa aurkeztu zuen atzo EAJk Sabin Etxean. Aurkeztutako programak ez duela berrikuntza handirik aurreratu zuen Joseba Aurrekoetxea burkideak: «Azken urteotako ildo nagusiak mantentzen ditu».

Onena emateko garaia da leloa hartu du, hala ere, kanpainarako, eta berdea da euskarriek izango duten kolore nagusia, ia bakarra. Datozen hauteskundeetan nagusi izango diren hiru ildo nagusietan EAJk izan nahi duen jarrerari lotzen zaio leloa: krisi ekonomikoari, Espainiako Estatuaren krisi egoerari eta Euskal Herriko itxaropen uneari erantzuteko proposatzen duen moduari. Konfiantza, egonkortasuna eta jarrera irekia eskaini ditu.

1. Krisi ekonomikoa

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak azaldu duenez, euskal gizarteak «hurbiletik bizi du, oraindik, krisi ekonomiko latza». Azken bi urteotan, gainera, krisiaren «larritasuna erarik gordinean» azaldu dela dio. PSE-EEk zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzari egotzi dio hori: «Egitasmorik gabe dagoen eta politika ekonomikorik ezarri ez duen Eusko Jaurlaritzaren ondorioak sufritzen ari gara».

«Ekimenik ez» izatea leporatu dio Patxi Lopezen gobernuari, eta «une ekonomiko honek behar duen erakunde arteko lankidetzarako borondaterik» ez izatea. Horren ondorioz, besteak beste langabezia gehiago dagoela eta zerbitzu publikoak okertu egin direla esan du.

«EAJk errealitate honen inguruan duen jarrera kontzeptu eta konpromiso batetan laburbiltzen dugu», esan du Urkulluk: «Ziurtasuna-konfiantza». Biziberritze ekonomikoa berreskuratzeko eta lanpostuak sortzeko ekimenak hitzartzea izango daEAJk krisiari aurre egiteko proposatuko duen ekinbidearen zutabea. «Eskaintzen dugun konpromisoa da Euskadi krisialditik ahalik eta arinena ateratzea. Berme gisa, gure egiten jakitea eskaintzen dugu», esan du Urkulluk.

2. Estatuaren krisia

Espainiako Estatua «krisialdi politiko-instituzional latzean» dagoela adierazi du EAJko buruak. Hauteskundeetan, egoera «okertu» egingo dela ikusten du, gainera. PSOEren eta PPren arteko «gatazka» erabatekoa dela uste du. «Ez dago ulermenerako tokirik». Eta, Urkulluren hitzetan, «akordiorako gaitasunik ezak hobekuntzarako aurreikuspenak murrizten ditu» praktikan; «arazoak okertzen ditu».

PP «Moncloara iristeko obsesioz» ikusten du, eta gainontzeko hauteskunde guztiak horretarako «tramite» gisa hartzen dituela dio. PSOE, berriz, «ondorengoak izendatzeko zalantzetan murgilduta» dagoela deritzo, eta ez dela hiritarren arazoei konponbide zehatzak emateko gai.

«Egonkortasuna» eskaini du horren inguruan EAJk. Hartarako, herritarren arazo eta beharrizanei erantzuteko «denbora emateko apustua» egiten duela esan du, Espainiako Gobernuarekin aurrekontuak adosteko orduan Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuari egindako eskaintza errepikatuta.

3. Euskal gatazka

«Emoziorik edo ilusiorik ez», baina «itxaropena» antzeman die EAJk euskal herritarrei, gatazkari konponbidea emateko aukeraren inguruan. «Mehatxurik gabe igarotako egun bakoitza etorkizunaren alde irabazitako eguna da; Euskadirentzako aldi berria sendotzea irudikatzen du». ETAk inor hil gabe urtebete igaro dela, erakunde armatua su-eten egonkorrean dagoela eta ezker abertzaleak bortxakeria arbuiatu duela ohartarazi du, baita ondorio garbia atera ere: «Errealitate baikorrez osatutako multzoa da. Duela urtebete baino hobeto gaude, eta duela bi urte baino askoz hobeto».

Gaiaren inguruan izango duen jarrera «irekia» dela esan du. «Irekita egotearen aldeko apustua egiten dugu, eta, errealitate berria sendotzeko, gizarteari irekitzekoa». Herritarrei hitza ematea ezinbestekoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.