Aldundiko Ogasunaaitorleku bat dela esan zuen, sekretu asko gordetzen direla han, baina bera ez dela nor horiek epaitzeko, ez behintzat Bizkaiko ahaldun nagusi zen garaian, legediak pertsona horiek babesten zituelako. Orain, EAEko Kontu Auzitegiko presidente izendatu dute Jose Luis Bilbao (Bilbo, 1957). Bere aurreko karguarekin loturiko auzietan ez du botoa emateko aukerarik izango, baina izango du zer esana, hala nahi badu. «Horiei guztiei, badakite zeintzuk diren, esaten diet lasai egon daitezkeela, niri dagokidanez behintzat ez ditudalako nire memoriak idatziko», adierazi zuen bere agurrean.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoen gastuen fiskalizatzailea da kontuen auzitegia. Zazpi kidek osatzen dute, Eusko Legebiltzarreko alderdiek izendatuta. Atzo egin zuten karguen zina. 2003an egindako eta udal eta foru hauteskundeen ostean berretsitako EAJren eta PSE-EEren arteko ituna islatu da osaketa berrian. Izan ere, EAJk proposatutako Jose Luis Bilbao, Begoña Marijuan eta Eusebio Melerorekin batera —2003-2007an aldundiko obra publikoen diputatu izandakoak—, sozialistek bi kide izango dituzte bertan: Jose Angel Quintanilla eta Jesus Mariano Garcia. Haiekin batera EH Bilduko Xabier Txokarro eta PPko Teresa Crespo.
Koalizio subiranistak gogor kritikatu du Bilbaoren izendapena. Salatu du EAJk eta PSE-EEk erakunde hori «euren arteko mesedeak» ordaintzeko txanpon gisa erabili dutela, eta instituzioetako kontuak «zuritzea» helburu dutela. «Nola ikuskatuko eta fiskalizatuko ditu kontu publikoak atzo arte kontu horiek kudeatu dituenak eta behin baino gehiagotan, gainera, auzitegiaren ohartarazpena jaso izan duenak? EAJk eta PSEk azeria jarri dute oilategia zaintzen», salatu du Unai Urruzuno bozeramaileak.
Iazko irailean jakinarazi zuen Bilbaok ez zela berriz lehiatuko ahaldun nagusi izateko. Jakinarazpenak ezustean harrapatu zituen haren lehiakideak, kargu horretan denbora gehien eman duen politikaria izan baita. Bilbaok gehiengoa alde gobernatu zuen foru aldundia, agintean egon zen hiru legealditan, «esku zorrotzarekin». «Jauntxokeria» leporatu izan dio oposizioak, baina hura gertutik ezagutzen dutenek oso bestelako irudia daukate. Koldo Mediavilla burukideak, esaterako, «zintzotasun, prestutasun eta garbitasun erreferentetzat» dauka Bilbao. «Harena ez da erretorika hutsa, konbikzio eta ariketa praktikoa baizik».
Matikokoa 1976an afiliatu zen EAJn, familia ohiturari jarraikiz. Eta, han, bat egin zuen alderdi jeltzalearen egungo agintarien belaunaldiarekin, Jobubiekin (jóvenes burukides bizkainos): Iñigo Urkullu, Andoni Otuzar, Aitor Esteban eta Koldo Mediavillarekin, besteak beste. Horien jarrera zuhurragoaren aldean, Bilbaok politika egiteko beste estilo bat izan du. Polemikoagoa, hainbaten ustez. Mediavilla: «Mendeku goserik ez du, baina uste sendoko pertsona da, eta pentsatzen duena esaten du beti».
Ekonomialaria izanik, bere burua beti agertu du kudeatzaile on gisa, eta austeritatea, zorroztasuna eta kontrola sutsu defendatzen ditu. Baina bere agintaldiak badu orbanik, Kontu Auzitegiak berak behin baino gehiagotan ohartarazi dion moduan. Esaterako, 2008an, aldundiak jakinarazi zuen justifikatu gabeko 22,7 milioi euroren laguntzak banatu zituela. Eta, 2013an, auzitegiak eginiko azken ikuskatzean, adierazi zuen aldundiaren aurrekontu zorra %33 handitu zela eta bere menpeko sozietate publikoena %250. Kasu esanguratsuenetako bat hegoaldeko saihesbidearena da. Xede nagusia zen A-8 autobidearen zirkulazioa arintzea, baina errepide horren erabilera urria da, eta haren bideragarritasuna zalantzazkoa da. 18 kilometro egiteko 900 milioi euro gastatu zituen aldundiak, eta, orain, ezin ordaindu dabil. Zorrak pilatu egin zaizkio. Bilbao Ria 2000 sozietatearen kudeaketa ere hainbatetan jarri du jo puntuan auzitegiak: 203 milioi euroko zorra du.
Azken urteetan entitate pribatu batzuei emandako diru laguntza batzuek ere eman dute zer esana. Bilbao Basketi emandako 5 milioi euro inguruak, kasurako, justifikatu gabeak zirela ohartarazi zuen auzitegiak. San Mames berria egiteko emandako dirutzak ere mahai gainean ditu orain Bilbao buru duen erakundeak.
Bere agurrean, Bilbaok aitortu zuen ahaldun nagusiaren karguan emandako urteetan ez zuela dirutzarik egin, «milioika euro kudeatu arren». Bere buruarekin lasai utzi zuen aldundia. Orain, besteak beste, ondorengoek egindakoa fiskalizatu beharko du, eta entzun beharko ditu; ez konfesio entzuteko, epaitzeko baizik.
Jose Luis Bilbao
Konfesore eta epaile
EAEko Kontu Auzitegiko presidente izendatu dute Bizkaiko ahaldun nagusi ohia. Oposizioak gogoratu du Bilbaoren agintaldietan hainbatetan ohartarazi zuela erakunde horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu