Kondena baliogabetu diete Knorri, Atutxari eta Bilbaori

Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Sozialista Abertzaleak ez desegiteagatik jarritako zigorra

2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
MADRIL. Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohiari 2008an ezarri zioten zigorra; Sozialista Abertzaleak legebiltzarkide taldea ez desegiteagatik zigortu zuten. Hala, Gorenak bide eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabakiari. Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen Atutxaren eskubideak urratu zirela haren kontrako epaiketan.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aintzat hartu zuen Atutxaren eta legebiltzarreko mahaiko kide ziren Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren helegitea. Espainiako Justiziak 2008an ezarri zien zigorra hirurei, eta Estrasburgok 2017an ebatzi zuen Espainiak eskubideak urratu zizkiela. Epaileen arabera, Auzitegi Gorenak hirurak zigortu zituen beren burua defendatzeko aukerarik eman gabe. Batasunaren legez kanporatzearen ondorioz hasi zen auzia: Gorenak Sozialista Abertzaleak desegiteko agindu zion Eusko Legebiltzarrari, baina Mahaiak ez zuen men egin, agindua legebiltzarraren araudiaren aurkakoa zelakoan. Aginte judizialari desobeditzea egotzita zigortu zituzten.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eskerrak eman dizkie Atutxari, Knörri eta Bilbaori, «Eusko Legebiltzarraren burujabetza irmo defenditu zutelako». «Hamazazpi urte eta gero, nork berreskuratuko du galdutako ohorea?», galdetu du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.