Iratxe Esnaola. PuntuEus fundazioko kidea

«Komunitateari kohesioa eman diezaioke '.eus'-ek»

MAIALEN UNANUE.
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Informatika ingeniaria eta unibertsitateko irakaslea da Iratxe Esnaola (Zarautz, Gipuzkoa, 1981). 2008an PuntuEus elkartearen sortzaileetako bat izan zen.

Blog bat daukat. Ni ere izan al naiteke .eus? Aitzol.

Noski. Edozein webgune egon daiteke .eus domeinuaren pean: izan blog bat, informazio atari bat, udal bat edo dena delakoa. Betiere .eus domeinuaren irizpideak betetzen baditu; hau da, euskarazko eduki minimo esanguratsu batzuk izatea edota euskal kulturaz aritzea.

Zentzurik ba al du sei hilabetez 90 helbideri mugatzeak .eus domeinua? Horrenbeste kosta den domeinuaren zabaltzea atzeratzea iruditzen zait hori. Ion.

Hiru fase definitu ditugu, eta ICANNen eskutik egin dugu. Aitzindarien faseak ez du domeinuaren zabaltzea sei hilabetez atzeratzen. Abenduaren 3tik aurrera .eus domeinua eskatu, eta egun bat edo biren buruan aktibatuko da, baina aurreko faseetan eskatu eta aktibatu bitarte denbora gehiago pasatu behar du, irizpideak betetzen dituen edo ez ziurtatu behar dugulako.

Zer-nolako eragina izango du ekinaldi honek euskal gizartean? Asier.

Kataluniako .cat proiektuan ikusten du bere burua islatua .eus domeinuaren proiektuak. Tresna gisa helburu eta eragin bera izango dute. Teknologien eremuan Interneteko edukien areagotzeari erantzun nahi dio .eus domeinuak, euskarazko edukiek dimentsio esanguratsu bat izatea ezinbestekoa baita euskara sarean baliagarri izateko. Euskarazko edukiak izan eta areagotzeko konpromisoa eskatuko da .eus domeinua eskuratzeko, eta horrek ekarriko du edukien areagotzea. Bestalde, nortasunaren ikuspuntutik, .eus domeinua komunitate oso baten domeinua da, eta uste dugu ikur gisa komunitatea batzeko eta kohesioa emateko ahalmena duen tresna dela. Horrek eragin zuzena du euskal gizartean.

Gure herriak pairatzen duen egoera soziolinguistikoa aintzat harturik, asko dira ele bitan argitaratzen diren webak. Lekua izango dute .eus domeinuan? Jon.

Proiektu honetan, sinesten dugu hizkuntza aniztasuna sustatu behar dugula euskara sustatzeko. Hortaz, euskaraz gain, beste hizkuntza guztiak ongietorriak izango dira. Orain arte euskaraz ez dauden webguneak euskaraz ere egotea da .eus domeinuaren helburuetako bat.

Zergatik da hain garrantzitsua domeinu bat? Ane.

Batetik, Interneten gure hizkuntza eta kultura ikusgarri bilakatzeko bidea delako. Bestetik, ikusgarritasun horrek eta erabilpenerako irizpideek hizkuntza eta kulturaren presentziaren areagotzea dakartelako. Eta azkenik, kalean gure nortasunarekin identifikatzeko ikurrak erabiltzen ditugun moduan, Interneten ere euskara eta euskal kulturaren komunitatea biltzeko gaitasuna duen ikur bat dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.