Komunitate logika sendotzera

Publikotasuna birdefinitzeko eztabaida betean dira ikastolak. Publikoa estatuarekin eta pribatua merkatuarekin lotzen dituzten dikotomietatik ateratzea proposatu dute.

Koldo Tellitu, atzoko ikastaroan, lepo betetako aretoan. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Eibar
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Mezu elektroniko batek eragin zion kezka Edu Apodaka soziologoari. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta UEU Udako Euskal Unibertsitatearen arteko hitzarmen baten harira —bietako kide da Apodaka—, bidaltzaileak galdetu zion itunak ez ote zuen ekarriko unibertsitate publikoaren jarduna pribatizatzea. «Erantzun nion Euskal Herrian ezin dugula pentsatu publikoaren eta pribatuaren artean dauden diferentziez beste leku askotan pentsatzen den modu berean. Gure publikotasuna beste modu batean pentsatu eta gauzatu izan dugu». Handik gutxira, iritzi artikulu bat argitaratu zuen BERRIAn, eta dikotomia horren hausturaren beste hainbat adibide aipatu zituen: BERRIA eta herri ekimeneko hedabideak, gaztetxeak, Bilboko konpartsak... eta ikastolak. Gaiak hezkuntza komunitatean piztu zuen eztabaidari jarraipena eman zioten atzo Eibarren (Gipuzkoa), hain justu, UEUk antolatutako ikastaro batean: Ikastolak eta kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila.

Publikotasuna birpentsatzea proposatu du Apodakak, eta, horren premia agerian uzteko, filosofia politikora jo du, publikoa eta pribatua nola definitu diren azaltzeko: «Gizarte modernoetan, bi arlo banatu ditugu: batetik, publikoa, orokortasunari dagokiona, besteen aurrean egiten dena, gardena, sarbide librekoa; eta bestetik, pribatua, hortik kanpo geratzen den guztia». Soziologoaren arabera, estatuak zehaztu izan du zer den publikotasuna: «Estatu arrazoia monopolizatu nahi duten hierarkiek erabakitzen dute zer den publiko eta zer pribatua; edo, bestela esanda, zer den nazioa eta zer herria. Estatuek definitu dute zer den publikoa, eta horren atzean badago nazioaren kontzeptu politikoaren neutralizazioa».

Funtsean, nazio-estatuaren eredu frantziarraz jardun da soziologoa, Espainiako Estatuan ere horixe ezartzen saiatu baitira: «Estatua zen nazioaren ordezkari eta gauzatze instituzional bakarra, eta estatuaren eta banakoen artean ezin zen ezer egon». Hala sortu dira publikoa-estatua eta pribatua-merkatua bikoteak; baina dikotomia horietatik kanpo harreman asko geratu direla nabarmendu du: etxekoak, afektiboak, elkartasunezkoak, ekonomikoak... «Gaur egun gero eta gehiago hitz egiten da harreman horiez: komunitateaz».

Hain justu, horiek ditu oinarrian Apodakak «euskal izatea eta egitea» esaten diona: «Homogenizazioa ezarri ahala, erresistentziak agertu ziren; besteak beste, ikastolen eta antzeko egitasmoen bidez. Estatuek diferentzia onartzen dute, bigarren edo hirugarren mailan jarriz, baina diferentzia guztiek ez dute onartzen menpean egotea, eta parez pare jartzen diote euren izana estatuari». Horrelaxe sortu dira eta sortzen ari dira hainbat herri egitasmo. «Ezaugarri komun batzuekin: inplikatuta daudenen parte hartze zuzena, atxikimendua eta elkarlana».

«Herri mugimendua»

Eta halaxe jaio ziren ikastolak ere, 1960ko hamarkadan, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak gogora ekarri duenez: «Kulturan eta hezkuntzan zeuden hutsuneen aurrean gizarte erantzun autonomo eta autoeratua emateko sortu ziren, ohiko eskolaren alternatiba izateko». Oinarrian dituzte hiru zutabe: euskara berreskuratzea, euskal kultura transmititzea eta hezkuntza egitasmoa garatzea. «Baina ez gara soilik ikastetxeak: gizarte mugimenduaren nortasuna izan dugu hasieratik».

Dikotomia zaharretatik aldenduta, «komunitatearen logikan» ikusten ditu Tellituk ikastolak. Beraz, haien publikotasuna defendatu du, baina ez titulartasunari lotuta, baizik eta komunitateari lotuta: «Gure ustez, ikastetxe bat publikoa izateko ez da ezinbestekoa administrazioaren titulartasunekoa izatea». Izan ere, Hego Euskal Herriko ikastola gehienak kooperatibak dira egun —Ipar Euskal Herrikoak, berriz, kultura elkarteak—: «Ez da formula juridiko hutsa, helburu bat adierazten du: benetako partaidetza lortzea, ikastolen erabaki organoetan hezkuntza komunitateko partaideek elkarrekin har ditzaten erabakiak». Nabarmendu du horretarako nahi dutela titulartasuna: «Ikastetxearen erabaki nagusiak hezkuntza komunitatearen esku egoteko: hezkuntza proiektua definitzea, barne antolaketa zehaztea, baliabideen kudeaketaz erabakitzea edota langileen kontratazioa adostea. Proiektuaren ardura gurea delako».

Euskalgintzan eta kooperatibagintzan «aliatuak» bilatzeaz ere mintzatu da Tellitu. Antzekoak baitira izaeran: «Gizarte beharrei herriak erantzuten die. Azken finean, komunitateen logikatik datozen balioak instituzionalizatzean datza kooperatibismoa. Demokrazia sozialaren ikuspegi berritua dakargu». Baina kezkak ere antzekoak dituzte: «Gurean ere jaitsi egin da partaidetza. Formula berriak bilatu behar ditugu, orain artekoek ez baitute balio; partaidetzak motibagarria izan behar du, ez zama bat». Ildo horretan, ohartarazi du halako proiektuak zaindu egin behar direla: «Ondo elikatzen ez den lorea zimeldu egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.