Komunikazio proiektu berri bat abian jarri asmo dute 'Ateak Ireki'-ko arduradunek

Esan dute eskubideak urratu dizkietela, nahiz eta webgunea ixteko Auzitegi Nazionalaren agindua ez den irmoa

Ateak Ireki webgunearen itxiera salatzeko prentsaurrekoa, atzo, Iruñean, AEKren egoitzan. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Ezin da onartu hiru orriko auto batekin Auzitegi Nazionalak komunikabide bat ixteko aukera izatea». Miguel Angel Llamas Ateak Ireki webguneko arduradunak Auzitegi Nazionalaren aginduaren hiru orriak erakutsi dizkie kazetariei eta jarraian gaineratu: «Onartezina da». Llamasek azpimarratu du jaso duten autoa ez dela irmoa, eta oraindik ere errekurtsoa aurkezteko aukera izan arren de facto webgunearen itxiera jada gauzatu dela. «Babesik gabe gaude», ondorioztatu du. Hala ere, webguneko arduradunak aurrera begira daude, eta elkartasun adierazpenak bideratzearekin batera, komunikazio proiektu berriak abian jartzeko konpromisoa azaldu dute jendaurrean.

«Adierazpen askatasuna eta informatzeko eskubidea urratu dizkigute». Llamasekin batera, Oroitz Zabala eta Gaztelu Garralda webguneko kazetariak egon dira prentsaurrekoan, eta atzean beste hainbat komunikabidetako kazetariak, Nafarroako gizarte mugimenduetako kideak, alderdi politikoetako ordezkariak eta herritar soilak. Guztiek ere babesa adierazi diote Ateak Ireki webguneari.

Auzitegi Nazionalaren autoari dagokionez, Llamasek salatu du ez zaiela akusazio zehatzik egiten. «Soilik esaten da Herrira-ren parte garela. Nola defenditu dezakegu geure burua baldintza hauetan? Zein herrialde demokratikotakotan gertatzen dira horrelakoak? Ez bilatu mapetan, hau ez da gertatzen herrialde demokratikoetan», zehaztu du. Gaineratu duenez, itxierak erakusten du PPren gobernuak jazarpenarekin erantzuten diola aro politiko berriari. Era berean, haren ustez, edozein ahots disidente ezabatzeko borondatea ere azaltzen du Ateak Ireki-ren itxierak.

Elkarretaratzea hilaren 23an

Errekurtsoa jartzeko asmoa dute, baina ez dute itxaropen handirik, gogoan baitute auzitegiak itxitako beste komunikabideekin gertatutakoa. Hala, ekinbide judizialetik harago, bi bide hartuko dituzte. Alde batetik, datozen egunetan agiri bat kaleratuko dute, «laburra baina irmoa», ahalik eta erantzunik pluralena eta zabalena izan dezan. Adierazpen askatasunaren aldeko eta itxieraren aurkako mezua izango da. Datorren larunbatean, Iruñeko Udaletxe plazan 19:00etan egingo den elkarretaratzera deitu dute.

Bestetik, aurrera begira jarri dira. Argi dute bide beretik jarraitu nahi dutela, eta «herri mugimenduak sarean ahotsa izateko eta iritziak adierazteko» helburua dutela. Hala, datozen asteetan jasotako elkartasuna bideratu eta beste proiektu bat abian jartzeko asmoa azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.