Euskara egiaztatzeko azterketen ardatza «komunikagaitasuna» izango da, «zuzentasun gramatikalaren» gainetik. Euskara probak ebaluatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta aldaketak iragarri ditu. «Zuzentasun gramatikalak daukan garrantzia ukatu gabe, uste dugu komunikagaitasunari eman behar zaiola lehentasun osoa». Alegia, euskaraz komunikatzeko gai izatea proba egiten dutenak, «akats batzuk gorabehera». Zuzentasunaren eta komunikagaitasunaren pisuak «birneurriratzea» proposatu du Jaurlaritzak, bigarrenak garrantzia irabazteko.
Udazkenean EGA euskararen gaitasun agiriak sortutako zalapartaren ondotik —aurkezten direnetatik, lautik batek lortzen du titulua—, Eusko Legebiltzarrak gobernuari eskatu zion aztertzeko tituluen egoera. Atzo aurkeztu zuten horren inguruko txostena.
Lehenagotik ere azterketei buruzko gogoetan ari zirela azaldu du Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bereziki aipatu du proben sistema «egoera soziolinguistikora egokitzea», erabilera bultzatzeko bide izan dadin. Kritika ere egin du: «Agian, bitarteko diren tituluak helburu bihurtu ditugu, bereziki EGA. Hura jarri dugu aldarean, erabiltzaileak beharrean». Bidenabar, EGAren emaitzei «neurriz kanpoko garrantzia» eman zaiela ohartarazi du, polemikak gogoan.
Ahozkoari garrantzia
Gaur egungo egituran, hiru proba ditu EGA lortzeko bideak: atarikoa, idatzizkoa eta ahozkoa. Jendea bidean geratuz nola joaten den: lautik batek ez du atarikoa gainditzen; pasatzen direnetatik erdiek ez dute idatzia igarotzen; ahozkora iristen direnetan, %93k gainditzen dute. Kate bat da EGA: proba guztiak gainditu behar dira.
Hori malgutzea proposatu dute: den-denak derrigor igaro beharrik izan gabe, «konpentsazio sistema bat» jartzea. Alegia: irakurmena edo entzumena gutxigatik gainditu ez dutenek aukera izatea puntu horiek mintzamenean edo idazmenean lortzeko. EGAren kasuan, gaur egun ezin da mintzameneko proba egin idatzizkoa pasatu gabe; proposamena da idatzia ozta-ozta gainditu ez dutenak ahozkora joan ahal izatea, eta hango puntuazioarekin orekatu ahal izatea idatzian falta zaiena. «Ahozkotasunari eta komunikagaitasunari behar duten garrantzia ematea» da helburua.
Azterketaren zuzenketari dagokionez, oreka eskatu dute probaren mailaren eta zuzentzen dutenaren artean. «Aztertzaileek, notak jartzeko orduan, maila bakoitzari dagozkion atazei erreparatu beharko liekete nagusiki, maila horretatik gora egiten diren akatsei gehiegi erreparatu gabe».
Zuzentzerakoan beste ikuspegi bat hartzea ere jarri dute mahai gainean. Orain, «balantza batean» jartzen dira ondo eginak eta hutsak; horren aldean, ebaluazio «positiboagoa» egitea proposatu dute, «azterketariek egiten dituzten gauza onak azpimarratuz eta behar bezalako balioa emanez».
Datorren urtean hasiko dira aldaketak egiten. Ez da hor amaituko bidea, Baztarrikaren arabera. Egiaztagirien jarraipen batzordeak lantalde tekniko bat osatuko duela iragarri du, eta adituen iritziak ere jasoko dituztela. Gogorarazi du Europako hizkuntzen erreferentzia markoak berak eskatzen duela egokitzapena egitea.
Oposizioko taldeek ez dute kexurik egin txostenarekin. EH Bilduk esan du arazoa «hizkuntzen arteko asimetrian» dagoela, ez EGAn. PSE-EEren ustez, EGArekin «muzinduta» dago jendea. Tituluak salbuesteko dekretua onerako izan zela defendatu du.
«Komunikagaitasuna» izango da lehentasuna euskara azterketetan
EGAri eta beste proba batzuei buruzko ebaluazioa egin du Jaurlaritzak. Ahozkorako atea malgutzea proposatu dute, eta idazlana laburtzea. Datorren urtean hasiko dira aldaketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu