Komisio bat eratu dute, Betharramen izandako sexu abusuen biktimak laguntzeko

Betharramgo kongregazioak Louis Joinet institutuari hala eskatuta sortu dute batzordea. Biktima batzuek «zurikeriatzat» jo dute hura sortu izana, eta uko egin diote parte hartzeari.

Protesta egin dute batzordearen sorreraren berri emateko agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Protesta egin dute batzordearen sorreraren berri emateko agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugarai Etxeberri - Gotzon Hermosilla
2025eko martxoaren 15a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Betharramgo kongregazioak iragarri du komisio bat sortzeko eskatu diola Louis Joinet institutuari, Betharramgo (Okzitania) ikastetxe katolikoan egindako sexu abusuen biktimak laguntzeko. Institutu horrek Baionan antolaturiko sexu erasoen inguruko goizeko jardunaldiak bukatu ondotik eman dute erabakiaren berri.

Betharramgo kongregazioko bozeramaile Laurent Baxok zehaztu du komisioa «independentea» izango dela. Horren karietara, Elizako artxiboetara sarbide askea izanen du, eta biktimak entzun eta laguntzea izanen da haren ardura nagusia.

«Hobeki ulertu nahi dugu zer gertatu den eta zein izan den biktimen sufrikarioa», azaldu du Baxok, «eta, ahal bada, sufrikario hori eztitu». Erran duenez, kongregazioak bere gain hartuko du komisioaren gastuen ordaintzea, baina ez du parte hartuko hango kideen hautaketan, «independentzia osoz» arituko baita.

Louis Joinet institutuko presidente Jean Pierre Massiasek baieztatu du komisioa sortu dutela, eta zehaztu du lanean hasi direla, abokatuak, historialariak, magistratuak eta, oro har, Elizako sexu erasoen inguruan aditua den jende «berezitua» bilduz.

Biktimak, haserre

Betharramgo biktimetako batzuek, berriz, haserrea adierazi dute komisioaren sorreraren harira, eta protesta egin dute horren berri emateko antolatutako agerraldian. Arnaud Gallaisek, Betharramgo biktima batek, «zurikeria» dela salatu, eta komisio horretan parte hartzea errefusatu du: «Ez dut parte hartuko batzorde horretan, jakinik Betharramgo elizgizon batzuk hor izanen direla».

Betharramgo kongregazioari exijitu diote biktimen gastu psikologiko guztiak pagatzea. Halaber, biktimek azaldu dute diruak ez duela erreparazioaren auzia konponduko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.