Miren Basaras. Mikrobiologoa

«Komeni da zaurgarrienek maskara erabiltzen jarraitzea»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
edurne begiristain
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun

Osasun sistemaren gaineko presioa «apaldu» izanaren ondorio da garraio publikoan maskara janzteko derrigortasuna kendu izana, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak azpimarratu duenez. Hala ere, zuhurtziaz jokatzearen aldekoa da, eta uste du erabiltzen jarraitu beharko luketela adinduek, gaixo daudenek eta pertsona zaurgarriekin bizi direnek.

Aurki garraio publikoan ez da nahitaezkoa izango maskara janztea. Zer iritzi duzu?

Birusak osasun sisteman duen inpaktua egonkortu egin da azken asteotan, eta gaitzaren ondorioz larri gaixotutako pertsonen kopurua ez da asko handitu. Osasun sistemaren gaineko presioa apala izateak maskara erabiltzeko derrigortasuna arintzeko modua ematen du. Aurrerantzean norberak erabaki beharko du maskara jantzi ala ez.

Nortzuek eta noiz erabili beharko lukete, zure ustez?

Derrigortasuna kendu egingo da, baina bakoitzak neurtu beharko du zein den bere arrisku maila eta zer egin dezakeen hori gutxitzeko. Uste dut sintomak dituzten pertsonek maskara jantzita eraman beharko luketela, ez bakarrik beren buruak babesteko, baizik eta ondoan daudenak babesteko. Halaber, komeni da pertsona zaurgarrienek, adinduak edo gaixotasunen bat dutenek, edota pertsona zaurgarriekin bizi direnek, babes neurriak indartzea eta maskara erabiltzen jarraitzea. Horrekin batera, maskararen erabilera egokian jarriko nuke orain fokua.

Sarritan ez baita egoki erabiltzen, ezta?

Hainbat tokitan derrigorrezkoa da oraindik maskara janztea, baina askok ez dute modu egokian janzten, maskara berbera egunero erabiltzen dute... Uste dut horretan jarri beharko dela orain indarra. Derrigortasuna kentzea onuragarria izan daiteke balio baldin badu ulertzeko maskara egokia dela birusaren transmisioa eteteko eta zaurgarriak diren pertsonen arriskua gutxitzeko.

Birusa ez da desagertu, baina harekin bizitzea lortu dugu neurri handi batean. Nola gaude?

Ospitaleen egoera nahiko egonkorra da, baina birusak gure artean jarraitzen du, eta funtsezkoa da haren jarraipen eta zaintza egitea. Birusaren bilakaeraren kontrola une oro egiten jarraitu behar dugu, haren portaera ikusteko, eta, aldaketak izanez gero, horrek ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko. Eta, noski, neurriak hartu behar badira, ahalik eta arinen hartzeko. Ez nuke esango oraintxe bertan gaixotasuna kontrolpean dugunik, baina egonkor mantentzea lortu dugu.

Osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan maskara erabiltzen jarraitu beharko da. Ados?

Ospitaleetan, osasun zentroetan eta zentro soziosanitario guztietan pertsona zaurgarrienak dauden neurrian, haiek babesteko neurriak hartu behar dira. Beraz, maskara toki horietan mantentzeari egoki deritzot.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.