Kolpatuen taldea

Alberto Garzon IUkoa harremanetan jarri da EH Bildurekin eta CCrekin, elkarrekin talde parlamentarioa osatzen saiatzeko. «Aukera guztiak ari gara aztertzen», nabarmendu du koalizio subiranistak.

enekoitz telleria sarriegi
2016ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Nork bere talde parlamentarioa izatea. Hori izaten da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan langa. Arrakastari gainetik eta porrotari azpitik jartzen zaiona. Eta urtarrilaren 13rako egon behar duenez langak jarrita, hauteskunde egunaren biharamunetik daude batzuk mugimenduak egiten hasita. Alberto Garzon IU-UPkoak du premia handi samarra. 2011ko hauteskundeetan hirugarren indarra izan zen hark aurtengoetan ordezkatzen zuen alderdia, baina kolpe handia jaso du —11 diputatu zituen IUk, eta bi ditu orain; botoen %45 galduta—, eta jarri da jada harremanetan EH Bildurekin eta Koalizio Kanariarrarekin, guztien diputatuak elkartuta bostera iritsi eta talde parlamentario propioa sortzeko izan ditzaketen aukerei buruz hitz egiteko. EH Bilduko iturriek BERRIAri baieztatu diote harremanetan jarrita daudela, eta «aukera guztiak» ari direla aztertzen.

IUk ez zuen emaitza onik espero Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta horregatik jarri zion Garzonek bere buruari helburu bat —eta bakarra—: talde parlamentarioari eustea. Espainian emandako botoen %3,6 baino ez zituen lortu, ordea, eta bi diputatu baino ez ditu izango Kongresuan: Garzon bera eta Sol Sanchez. Urruti dute, beraz, talde parlamentario propioarekin aritzeko aukera, eta hauteskundeen biharamunean bertan iragarri zuen Garzonek ahaleginduko zela taldea osatzeko formula guztiak baliatzen —IUren presidentetza federalak egindako batzarrak berretsi egin zuen haren egitasmoa—.

Eta badira formulak mahai gainean, baina ez dute batere ibilbide errazik. Espainiako Kongresuko mahaiaren araudiak dio talde parlamentario propioa izango dutela hauteskundeetan 15 diputatu lortzen dituztenek, edo bost diputatu lortu bai baina hautagaitza aurkeztu duten hautesbarrutietan botoen %15 lortu dituztenek edo Espainia osoan %5 lortu dituztenek.

Araudia hori izanda —nahiz eta gero Kongresuko mahaiak nahiera interpretatu izan duen—, taldea EH Bildurekin eta CCrekin batera sortzea da IUrentzat aukerarik onena —bakarra ez bada—. Egia da IUk berez bost diputatu dituela. Podemosekin eta beste alderdi-koalizio batzuekin batera aurkeztu da Katalunian (En Comu Podem) eta Galizian (En Marea), eta Joan Mena eta Felix Alonso IUkoak diputatu izango dira Kataluniatik eta Yolanda Diaz ere bai Galiziatik, baina IU-UPk ezin ditu horien aktak baliatu talde parlamentarioa sortzeko —En Mareak eta En Comu Podemek euren talde propioak sortzeko baldintza guztiak betetzen dituzte, ez dute beste inoren beharrik, eta haiekin sinatutako akordioen arabera, ezin dizkiete diputatuak euren jatorrizko alderdiei utzi—.

Egia da IU ahalegindu zitekeela ERCrekin ere —bederatzi diputatu dituzte haiek—, baina ez dute %15 lortu Bartzelonako hautesbarrutian, ez dute, beraz, araudiak dioena betetzen, eta, gainera, jakinarazi dute jada taldea sortzekotan saiatuko direla Democracia i Llibertatekin sortzen. «Ez dago beste erremediorik; talde global eta aniztun bat daukagu sortu beharra. Hori da errazena», aipatu dute IUko iturriek.

Errazena, nondik begiratzen zaion. Kontua da IUri dagokiola ahalegina egitea, talde parlamentarioa izateak eguneroko jardunean dituen abantailak albo batera utzita —eta asko dira—, egoera ekonomiko larria duelako egun. Talde parlamentarioa izateak urtero 352.968 euroko laguntza izatea dakar. Baina ez hori bakarrik: talde parlamentarioa izateak aukera ematen du hauteskundeetako gutun-azal eta propaganda bidaltzeko laguntzak jasotzeko—mailing-erako laguntzak—. Kanpaina batean gastuaren %70 bat izaten da hori, eta IUk 2,5 milioi euro gastatu ditu aurtengo kanpainan; 1,7 milioi inguru mailing-ean.

Eta emaitza horiek badute beste ondorio bat ere: Alderdien Finantzaketarako Legeak ezarritakoaren arabera, 1.446.000 euro gutxiago jasoko dituela IUk. Bi hitzetan: 3,5 milioi euroko zorra izan dezakeela Garzon buru duen alderdiak, eta neurri gogorrak hartu beharko lituzkeela.

Amaiurren aurrekaria

Talde parlamentarioen sorrera neurtzerakoan, ordea, gauza bat da Espainiako Kongresuaren araudiak dioena eta bestea mahaiak araudiari buruz egiten duen interpretazioa. Gerta litekeelako gutxienekoak-eta ongi betetzea baina mahaiak ebaztea bere kasara. Hori gertatu zen 2011n Amaiurrekin. Mahaiak erabaki zuen haiek Kongresuan talderik ez izatea, koalizio horrek zazpi diputatu izan arren, ez zuelako araudiak zehaztutako %15 eskuratu Nafarroan —%14,86 lortu zuen—. PPk mahaian zuen gehiengoa erabili zuen hori ebazteko —gainontzeko alderdiak Amaiurri taldea ematearen aldekoak ziren—, eta beste urte batzuetan erabilitako ohiko irizpideak aldatu zituen —zalantzazko kasuetan taldea ematea, adibidez—. Amaiurrek babes helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, kargu publikoetara baldintza berdintasunean iristeko eskubidea urratu zela argudiatuta. Ez zioten arrazoirik eman, eta talde mistoan aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.