Kolore gehiago izanen du 'Enbata'-ren edizio berrituak

Emakume gehiago, gazte gehiago eta euskara gehiago izanen ditu 'Enbata'-k, eta osoki koloretan argitaratuko da. Harpidedun gehiago lortu nahi dituzte.

'Enbata' aldizkari politikoaren edizio berritua Baionan. BERRIA
'Enbata' aldizkari politikoaren edizio berritua Baionan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko martxoaren 27a
12:51
Entzun

63 urteren ondotik, 2404. zenbakia atera du Enbata aldizkari politikoak. Diseinu berria izateaz gain, zuri-beltzetik koloretara pasatu da Ipar Euskal Herriko hilabetekari politikoa. Baina edukietan ere izanen du kolore gehiago. «Orain arte nagusiki frantsesez eta nagusiki adineko gizonek idazten zuten. Edizio honetan, emazte eta gazte gehiago izanen da, eta euskara gehiago», esplikatu du Gabi Arestegi Enbata-ko kideak. 2404. zenbakiak dituen hemezortzi artikuluetatik zortzi dira emazteek idatzitakoak, eta sei izanen dira euskaraz. Ondoko zenbakietarako ez dute irizpide finkorik ezarri, baina helburua da euskarari «gizartean duen lekua baino gutxiago ez ematea», Xabier Harluxeten hitzetan.

Baionako Lapurdi inprimategian emana zuten hitzordua, han inprimatzen baitute hilabetekaria. Gaur egun laurehun bat harpidedun ditu, eta zortziehun bat ale hedatzen dituzte Ipar Euskal Herrian eskuragarri izateko. Zenbaki berritu horretarik 1.500 inprimitu dituzte: igandean Bagira mugimenduak Uztaritzen (Lapurdi) antolatu duen Aberri Egunean banatuko dituzte, eta bertan parte hartzeko deia egin dute. Edizio berriarekin harpidedun gehiago lortzeko helburua ere badute, horiei esker estaltzen dutelako urteko aurrekontua; 25.000 behar dituzte urtea atxikitzeko. 50 euro edo euskotik gora egin daiteke urteko harpidetza; kioskoan lau euroan saltzen dute. 

Ainize Butronek adierazi du Enbata aldizkaria «gazte mantendu nahi duen zaharra» dela, batzuen iritziz, baina berak uste du gaztea dela orain ere, 63 urteren ondotik. «Jakin du egokitzen azken urteetan, mediatikoki eta bilakaera politikoari ere, eta baita gizartean izan diren eztabaida eta gogoetei egokitzen ere». Horri lotua da emazteei, gazteei eta euskarari leku gehiago emateko xedea. 

Gainerakoan, orain arteko oinarriekin segitzen dute: «Komunikabide abertzalea da, baina ez da mugimendu politiko bati lotua», baieztatu du Butronek. Ez du aktualitateari erantzuteko xederik, mugimendu abertzalean gogoetak eta eztabaidak sustatzekoa baizik. «Hori da, eta horrek egiten du Enbata. Mugimendu abertzalea osatzen duten sentsibilitate ezberdinei hitza ematen jakin du, eta, biharko egunean, abertzale mugimendua egiten dutenei emanen die hitza». Bederatzi bat pertsonako lantaldeak kudeatzen du gaur egun erredakzioa. 

63 urteko ibilbidea

Allande Duny Petre historialari eta Enbata-ko kronikariak eman ditu aldizkari politikoaren bilakaera historikoari buruzko datuak. 1961ean sortu zen, mugimendu abertzaleko hainbat «bide urratzaileren» butzadarekin. Tartean zen Ximun Haran: «Berak eman zuen kolpea mahai gainean, abiatu behar zela erranez». Ondoren etorri ziren mugimendu politikoaren sorrera, Itsasuko Agiria... Baina segida «kaotikoa» izan zela kontatu du Duny Petrek. «Errepresio handia izan genuen, auzi anitz, eta 1974an mugimendua debekatu zuten, Vichy garaiko lege bat baliatuta, Frantziako lurraldearen osotasunari kalte egiteagatik».

Handik urtebetera, aldizkariarekin aitzina segitzea erabaki zuten, eta 1968an astekari bilakatu zen. 1996an iritsi zen beste kolpea: Angel Lopez Carrillo Espainiako poliziak El Mundo egunkarian kontatu zuen PAF Aire eta Mugetako Frantziako Poliziaren egoitzara joaten zela «informazioak erostera», eta Enbata-k ere zabaldu zuen albistea. Baina izendatua izan zen Frantziako Poliziako komisarioak difamazioagatik auzipetu zituen, eta auzitegiak zigortu zituen. «200.000 liberako isuna eman ziguten; garai hartan, gure urte bateko aurrekontua zen hori». Orduan mugimendu abertzaleak eman zien sostengua azpimarratu du. 

Gerora ere bilakaera bat baino gehiago izan ditu Enbatak: 2013ko apirilean, hilabetekari bihurtu zen berriz, eta webgunea ere sortu zuten, aldizkarian argitaratzen dituzten edukiei zabalpen handiagoa emateko. Beste urte bat ere aipatu du: 2022an zendu zen Jakes Abeberri, Enbata-ren sortzaile eta luzaz bultzatzaile nagusietarik izan dena

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.