Hizkuntza eskubideak. Bartzelonako deklarazioa

Kolektiboen eskubide aldarria

Hogei urte igaro dira Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zutenetik. Ez da inoiz indarrean sartu nazioarteko hitzarmen gisa, baina berrikuntza nabarmen bat egin zuen, lehenbiziko aldiz hizkuntza komunitateak eskubidedun subjektu gisa definitu zituelako.

CIEMEN.
mikel rodriguez
2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hizkuntza eskubideek eskubide indibidualak izan beharko lukete, edo badago maila kolektiboko eskubiderik? Hari mataza hori askatu zuten 1996ko ekainaren 6an Bartzelonan elkartu ziren gobernuz kanpoko 61 erakundek, 41 PEN taldek eta 40 adituk, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala berretsita. «Ikuspegi juridikotik indarrean sartu ez bada ere, guztientzat erreferente bat da gaur egun Bartzelonako deklarazioa», azaldu du Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasleak. «Paradigma aldaketa bat ekarri zuen, hizkuntza gutxituetako komunitateetatik sortutako dokumentu bat zelako. Komunitate linguistiko bat zer den bereizten zuen, eta euskara lehentasunezko hizkuntza bilakatzeko oso agiri interesgarri eta berritzailetzat jo zen». Bultzatzaileek argi dute urteen iragateak ez duela adierazpena zahartu, eta, hortaz, azken helburua berbera da gaur egun ere: aplikazioa lortzea. Horretarako da atzo aurkeztutako protokoloa.

Deklarazioa sortzeko lanean parte hartu zuen mundu osoko aditu anitzetako bat izan zen Urrutia, 1990eko hamarkada hasieran. «Garai hartan EKB Euskal Kultur Batzarra euskalgintza koordinatzeko lanean aritzen zen, eta EKBri eskatu zitzaion deklarazioaren inguruko iritzia. EKBko zerbitzu juridikoetan nengoen ni, gehienbat sortu berri zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari [Uema] babes juridikoa bilatzeko lanetan».

EKBri Kataluniatik ailegatu zitzaion gorpuzten ari zen deklarazioan parte hartzeko eskaintza. Izan ere, Katalunia, adierazpena plazaratu zuteneko tokia izateaz gain, prozesu guztiaren abiapuntu eta motor nagusia izan zen. «Prozesua Kataluniatik bultzatu zen, Kataluniatik kudeatu zen, eta Kataluniatik ordaindu zen», azaldu du Monica Sabatak. Bartzelonako Unibertsitateko Josep Termes Lidergo, Herritartasun eta Identitate Katedrako zuzendari exekutiboa da, eta katalanaren eta hizkuntza gutxituen aldeko mugimenduetan parte hartu du azken hamarkadotan. «Segur aski ez da hain arraroa Kataluniatik abiatzea, nabarmena baita hemen beti kezka berezi bat izan dela hizkuntzaren inguruko gaiekin». Sabataren iritziz, bertze hizkuntza minorizatuetako mugimenduek Katalunia erreferentziatzat hartzeko arrazoietako bat izan liteke katalanak direla «minorizatuen artean gutxien minorizatutakoak», baina garrantzitsuagoa iruditu zaio nabarmentzea Katalunian zer-nolako indarra izan duen hizkuntza eskubideen aldeko mugimenduak. «Hizkuntza normalizatzearen alde jardutea jende anitzen DNAn dago. Azken finean, ez dugulako nahi gure hizkuntza gure etxean bertan minorizatzea».

CIEMEN eta PEN, sustatzaile

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu baino lehentxeago batu zitzaion Sabata prozesuari, CIEMEN gobernuz kanpoko erakundeko kide gisa. Gutxiengo etnikoen eta nazionalen eskubideen arloan ari da lanean CIEMEN 1974az geroztik, eta deklarazioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen, Kataluniako PENekin batera. «Hizkuntza eskubideen alde lanean ari ziren idazleen eta gobernuz kanpoko erakundeen komenentziazko ezkontza bat izan zen».

Aureli Argemi izan zenCIEMEN erakundearen sortzaileetako bat —zuzendaritzako kidea da gaur egun—, eta hasieratik parte hartu zuen deklarazioa sortzeko prozesuan. Azaldu duenez, egitasmoa gorpuzten hasi zen bi bide paralelok bat egitean. «1989an CIEMENek lehiaketa bat irabazi zuen Europan, hizkuntza eskubideen legedia ikertzeko. Zerbait egitea pentsatzen hasi ginen eskubide horiek defendatzeko». 1993an, berriz, Nazioarteko PEN erakundeak bilkura bat egin zuen Mallorcan (Herrialde Katalanak). Kataluniako PEN erakundeak zuen nazioartekoaren presidentetza, eta hizkuntza eskubideak defendatzeko adierazpen bat egin zuten Mallorcan. «Guk oinarri bat geneukan egindako ikerketarekin, eta proposatu genien elkarrekin deklarazio bat egitea», azaldu du Argemik. «Gure ideia zen agiria izatea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren osagarri bat».

Agiria egiteko prozesuak hiru urte iraun zuen, eta, Argemiren eta Sabataren ustez, nabarmentzeko modukoa izan zen prozesua bera. «Hizkuntza eskubideen arloan jakintza zuten mundu osoko espezialistekin lan egin genuen», adierazi du Argemik. «Internet bidez lan egiteko aukera ere izan genuen, eta hori berrikuntza handia zen orduan». Sabatarentzat ere, «iraultzailea eta berritzailea» izan zen lan egiteko modua. «Orain denok diogu sarean lan egiten dugula, baina, 1990eko hamarkada hasieran, hagitz berritzailea zen kontzeptu hori». Nahiz eta Internet erabiltzeko aukera izan, Sabatak oroitarazi du duela hogei urte tresna hori ez zegoela hagitz garatua. «Errate baterako, Afrika erdiko gobernuz kanpoko erakunde bati hamazazpi orrialdeko agiri bat bidali behar zenionean, deitu egin behar zenien faxa konekta zezaten, erran ziezazuten ze ordutan konekta zezaketen, eta gero atzamarrak gurutzatu agiria ongi ailega zedin». Eragile guztiek izan zuten aukera testuari ekarpenak eta zuzenketak egiteko, eta, hamasei zirriborroren ondoren, Bartzelonako Unibertsitatean aurkeztea erabaki zuten, 1996ko ekainaren 6tik 9ra egindako bilkuran.

Unescoren parte hartzea

Deklarazioari babesa eman zioten mundu osoko hainbat pertsona ezagunek: Nelson Mandela Hegoafrikako presidenteak, Yasser Arafat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko buruak, Shimon Peres Israelgo lehen ministroak, Tenzin Gyatso dalai-lamak, Desmond Tutu Hegoafrikako apartheid-aren aurkako ekintzaileak, Noam Chomsky AEBetako hizkuntzalariak, Rigoberta Menchu Guatemalako Bakearen Nobel saridunak, Adolfo Perez Esquivel Argentinako idazle eta Bakearen Nobel saridunak, eta gehiagok. Dena den, deklarazioa bultzatu zutenen helburu nagusia zen Unesco Nazio Batuen Erakundearen hezkuntza, zientzia eta kulturarako agentziak parte hartzea, deklarazioak aukera izan zezan NBEn aurkeztu eta onartzeko.

Andri Isaksson Unescoko ordezkaria Bartzelonako ekitaldian izan zen, eta konpromisoa hartu zuen agiria Unescon aurkezteko. «Unescoko zuzendaria Federico Mayor Zaragoza zen, kataluniarra. Eskuinekoa bazen ere, hizkuntzen gaiarekin bazuen sentsibilitatea. Agiria aurkeztuko zuela erran zuen, nahiz eta ohartarazi zuen estatu batzuek ez zutela onartuko», azaldu du Argemik. Unescok, ordea, ez zuen inoiz aurkeztu agiria. «Aurkeztu behar zen egunean, Mayor Zaragoza ez zegoen, eta berriz elkartuko ginela hitzeman zigun, baina azkenean ez zen deus egin». Deklarazioaren bultzatzaileek, baina, ez zuten etsi, eta lan diplomatiko nekezari ekin zioten. Bartzelonan deklarazioaren Jarraipen Batzordea sortu zen —horko kide izan zen Sabata—, eta Argemi bera Genevara (Suitza) joan zen adierazpena aurkezteko NBEren Giza Eskubideen Batzordean. «Gizarte zibilak aurkeztutako egitasmo bat bezala erregistratu zen, eta hortxe gelditu zen». Sabatak azaldu duenez, nazioarteko erakundeak ez zeuden ohituta gizarte zibilaren eskakizun landuak jasotzera.

Deklarazioak traba nagusi bat topatu zuen, eta gaurdaino eutsi dio traba horrek: estatu anitzen jarrera. «Deklarazioak hizkuntza eskubideak ez zituen definitzen eskubide indibidual bat bezala, eskubide kolektibo bat bezala baizik», azaldu du Sabatak. Argemiren arabera, estatu anitzek «nahas-mahas bat» sortu zuten deklarazioarekin. «Ez zuten ulertu deklarazioaren filosofia. Ordezkari batzuek erraten zidaten: 'Begira, guk arazo anitz dauzkagu gutxiengoekin'. Eta ez zuten gaiari buruz mintzatu nahi».

Urrutia EHUko irakasleak azaldu du nazioarteko hitzarmen gehienek eskubideak indibidualki jorratzen dituztela. «Baina, plano kolektiboan hartuz gero, askoz ere indartsuagoa da, eta babes handiagoa ematen dio hizkuntzari. Lurraldetasuna oinarri hartzen duten sistemek eskubideen plano kolektibo hori bermatzeko ahalegina egiten dute». Europako bi adibide paratu ditu: Belgika eta Suitza. «Lurraldeetako instituzioek erabakitzen dute zein izango den lehentasunezko hizkuntza; hortaz, hizkuntza eskubide indibidualak bigarren mailan jartzen dituzte».

Espainia eta Frantzia

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu baino urte batzuk lehenago sortu zen Uema, eta Urrutiak adierazi du adierazpena baliagarri ikusi zutela, «Euskal Herrian euskara lehentasunezko hizkuntzatzat izango zuten instituzioak edukitzeko». Espainiako eta Frantziako legediekin, ordea, «zaila» zen hori lortzea.

Espainiaren kasuan, konstituzioaren planteamendua «indibidualista» da hizkuntzari dagokionez, eta bertze kontu bat ere «deigarria» da, Urrutiaren ustez: «Espainiak sinatua du gutxiengoak babesteko nazioarteko hitzarmen bat, baina euskara, katalan eta galego hiztunak ez ditu gutxiengotzat hartzen. Ijitoak bakarrik dauzka hala izendatuta. Hori oso ikuspegi hertsia da. Hitzarmen horrek ezartzen du hizkuntza gutxituak daudenean gutxiengo bat dagoela, eta, hortaz, estatuak babestu egin behar dituela gutxiengo horiek. Espainiak nazioarteko erakundeei azaldu behar dienean hitzarmena nola ari den garatzen, euskaldunoi eta gainerakoei buruz ez du ezer esaten».

Frantziaren kasua, berriz, «askoz ere paradigmatikoagoa» iruditzen zaio Urrutiari. «Frantziako pentsaera errepublikanoak erabat zokoratzen ditu hizkuntza gutxitu guztiak. Horren arabera, hizkuntza eskubideak aitortzea eskubide kolektiboak aitortzea litzateke, eta ikuspegi errepublikano zorrotz horren aurkakoa litzateke. Baina Frantziak eskubideak aitortzen dizkie hainbat kolektibori —homosexualei, emakumeei...—. Hortaz, nazioarteko estandarrak bete nahi baditu, aitortza juridiko bat eman behar die hizkuntza gutxituei».

Katalunian parlamentuko kultura batzordeak onartu zuen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, eta, Urrutiaren arabera, Euskal Herrian «oihartzun dezentea» izan zuen adierazpenak. Argemik oroitarazi du Espainiako Kongresuko kultura batzordeak ere onartu zuela, baina eszeptiko agertu da keinuarekin. «Segur aski ez zuten irakurri ere eginen, baina, tira, onartu zuten». Sabataren iritziz, «estatu-nazioek ez dute behar adinako sentsibilitaterik hizkuntza aniztasunarekin». Hala ere, Argemik, Sabatak eta Urrutiak ez dute uste deklarazioa hogei urte hauetan ezerezean gelditu denik. «Latinoamerikan konstituzio erreforma batzuk egitean kontuan hartu zuten», oroitarazi du Argemik. «Gainera, 2007an, Herri Indigenen Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zen NBEn, eta, lehenbiziko aldiz, eskubide kolektiboak aipatu zituzten nazioarteko hitzarmen batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.