Indarkeria matxista. Asun Casasola. Nagore Laffageren ama

«Kolektibo feministak dena dira niretzat»

Hamar urte hauek «oso intentsoak» izan dira Laffageren amarentzat. Asko bidaiatu du, eta aurre egin dio egoerari. Talde bortxaketaren epaia ikusita, justizian sinesteari utzi dio.

Irun
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Egun berezia izan zuen atzo Asun Casasolak (Villamuriel de Cerrato, Palentzia, Espainia, 1957), Nagore Laffageren amak: Irungo (Gipuzkoa) festen hasierako pregoia eman zuen. Urtero herritik alde egiten du jaietan, «oso gogorra» egiten baitzaio, baina aurten geratu egin «behar» izan du. «Nagorerengatik».

Nolakoak izan dira hamar urte hauek?

Oso intentsoak. Toki askotan izan naiz Helena Tabernaren Nagore dokumentalarekin, oso urte mugituak izan dira. Dokumentalarekin erakutsi nahi izan dugu egia dela pasatutakoa, eta ez dela film huts bat.

Zu nola zaude?

Gaizki. Egunean bederatzi pastilla hartzen ditut, baina beti dut horrelako gauzak egiteko indarra; terapia bat da. Zerbait egin behar dudan bezperan oso gaizki egoten naiz: hitzaldi bat eman behar dudanean, ekitaldi batera joan behar dudanean... Urduri joaten naiz, ez dut lorik egiten, baina gero pozik gelditzen naiz. Psikologikoki on egiten dit jendeak jakiteak zer pasatu zen Nagorerekin. Pixkanaka indartzen ari naiz. Nagoreren hilketak gaiaren inguruan pentsarazteko eta gauzak egiteko balio izan duela jakiteak, nire zoritxarraren barruan, zorioneko sentiarazten nau.

Kolektibo feministek zer garrantzi izan dute zugan?

Kolektibo feministak dena dira niretzat. Talde feministarik egon ez balitz, zailago izango litzateke dena. Jendea hor dago, bai, baina zaila da beti-beti hor egotea; aldiz, borrokan dabilen taldea beti hor dago. Emakumeoi sinetsarazteko, babesteko, defendatzeko, ulertzeko... Mugimendu feminista da zinez horren alde lan egiten duena. Haiek dira emakumeen eskubideen defendatzaileak.

Okerrena zer izan da?

Porrotik handiena justizia izan da. Ez dut esaten mutiko horrek [Jose Diego Yllanes] 25, 50 edo ez dakit zenbat urte egon behar duela kartzelan; kontua ez da urte kopurua. Ulertzen ez dudana da nola herri epaimahai batek eman behar duen irizpena hilketa kasu batean. Zentzugabea iruditzen zait.

Aipatu izan duzu herri honetan ez gaudela prest herri epaimahaientzat.

Konbentzituta nago ezetz. Ez dut ulertzen herri epaimahaiko kideak erasotzailearen herri berekoak izatea, eta gure kasuan horrela izan zen. Beste datu bat aipatzeko, Iruñeko epaitegi aurreko taberna batean jaten ari ginen batean, horiek ere gure ondoan jan zuten. Ez zait normala iruditzen. Uste dut herri epaimahai batek bakartuago egon behar duela; ez zait serioa iruditzen. Gaueko hamarretan hotelera joan, eta goizeko hamarretarako bazegoen erabakia. Hori ere ez da serioa.

Orain ia urtebete, hirugarren gradua eman zioten Yllanesi, eta aurten baldintzapean aske utzi dute.

Hirugarren gradua eman ziotenean, kazetari batek esanda jakin nuen; niri ez zidaten ezer jakinarazi, ez bainuen lortu urruntze agindurik. Eskatu nuen, baina ez zidaten onartu. Tristea da biktimak eskubiderik ez edukitzea behintzat kalera atera dela jakiteko, Iruñera joaten banaiz bertan topa dezakedala jakiteko behinik behin, neu ere mentalizatzeko. Bestalde, oso ongi iruditu zitzaidan ospitale psikiatriko batean lanean hasi zela sare sozialetan zabaldu zenean; jendeak, horrela, jakingo du zein duen ondoan lanean.

Iruñeko talde bortxaketari gertutik erreparatu diozu. Nola bizi izan duzu?

Uste nuen hamar urte hauetan hobetu genuela, aurrerapauso batzuk eman genituela. Egia da bestelako kasuetan ikusten nuela ezetz, baina honetan esperantza nuen. Manada-ren auzia atera zenean —eta, gainera, Iruñean—, pentsatu nuen epaimahaia gaian jantziko zela, konturatuko zirela Nagorerekin egin zuten oker larriaz. Izan ere, ni konbentzituta nago, nahiz eta publikoki esan ez, badakitela gaizki egin zutela.

Emakumeok, erasotzen badigute, bizirik atera nahi dugu. Nagore hil zuen ezagutzen zuelako eta ezetz esan zuelako. Neska honek [talde bortxaketako biktima] ez zuen ezer esan, eta horregatik kritikatzen dute. Nagoreren kasuan ere, nire alabaren jarrera jarri zuten erdigunean, ea asko ligatzen zuen galdetuz. Emakumeek salaketa jarri behar dute, bai, baina jakin behar dute ez dutela euren hitza zalantzan jarriko, eta babestu eta ulertu egingo dituztela.

Ordaindu egin behar dute egin dutena. Legezkoa izango da mutil hauek kalean egotea, baina ez da ulergarria. Ez dira inora joango; nora joango dira, bada? Ez dut uste orain ezer egingo dutenik, baina etorkizunean? Ez dute barkamenik eskatu ere egin. Nagorerekin barkamena eskatu zuen, eta epaimahaiari begira, esan behar zuelako; baina inoiz ez zen barkamenik etorri.

Askotan esan duzu justizian sinetsi nahi zenuela. Iritzi bera duzu oraindik?

Inondik inora ere ez. Justiziak asko galarazi dit itxaropena; hartan sinetsi nahi nuen, behar nuen, baina beste kolpe latz bat eman dit. Justiziak asko aldatu behar du nik hartan sinesteko.

Irungo Juan Vollmer parkeari Nagore Laffage Casasola izena jarriko diote. Erakundeen aitorpen gisa har daiteke?

Bai. Pentsatzen nuen ez zutela proposamena onartuko. UPNrekin ez dut inoiz harreman handirik eduki; Iruñeko alkateak agerraldi batean esan zuen ezagutzen ninduela,baina behin bakarrik ikusi ninduen. Behin baino gehiagotan izan naiz oraingo alkatearekin; zoragarria iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.