Pedalkadaka, industria militarraren aurka. Euskal Herriko zenbait kolektibo antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak deituta, Gerraren, Gastuaren eta Industria Militarraren Aurkako XVII. Bizikleta Martxa egin dute gaur goizean Bilbo, Barakaldo, Portugalete eta Getxo artean (Bizkaia). Salatu dute armagintzaren sektorea «goraldi betean» dela, eta Euskal Herrian bertan «instituzioen bultzada handia» duela: «Espainiako Estatuaren barruan, armen salerosketagatik gehien fakturatzen duten erkidegoen artean hirugarrena da EAE», salatu dute antolatzaileek.
Eragile hauek batu dira protestara: Biziz Bizi, Biraka, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak. Bilbon elkartu dira elkarte horietako kideak, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean, eta 10:30ean hasi dira pedalei eragiten. Barakaldoko ITP Aero enpresaren aurrealdean egin dute lehen geldialdia. Protestarien arabera, Airbus A400M eta Eurofighter hegazkin militarretarako piezak fabrikatzen dituzte enpresa horretan.
Portugaleteko zubia zeharkatuta, manifestariek Getxon bukatu dute bizikleta martxa, Sener enpresaren parean. Han, antolatzaileek azaldu dute enpresa hori dela «Espainiako Estatuko enpresa handienetan bigarrena misilen sektorean, seigarrena sektore aeroespazialean eta hamabigarrena armagintzaren esparruan».
Bizikleta martxaren ibilbidetik kanpo egonagatik, Euskal Herriko beste enpresa batzuk ere seinalatu nahi izan dituzte elkarte antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek; besteak beste, Andoaingo Sapa (Gipuzkoa) eta Gasteizko Sernnova.
Ikusi gehiago