Kolegioak dira Frantziako hezkuntzaren ahulgunea. Hala adierazi du Najat Vallaud-Belkacem Frantziako Hezkuntza ministroak azken hilabeteotan ikastetxe horien erreformaz mintzatzerakoan. Eta horregatik eraldatu nahi du irakasteko modua 10 urtetik 14 urtera arteko gazteak biltzen dituzten kolegioetan. Ikasleen motibazioa lortzeko, hain zuzen, autonomia gehiago eman nahi die ikastetxeei, eta hala, bi zatitan banatuko ditu eskola orduak 2016ko irailetik aitzina: alde batetik, irakasgai komunak ezarriko ditu, eta bertzetik, «osagarriak». Tokiko hizkuntzen irakaskuntza bigarren multzo horretan sartu du Hezkuntza ministroak, eta horrek hizkuntza gutxituetako elkarteen haserrea piztu du. Izan ere, salatu dute ikastetxeen borondatearen esku geldituko direla irakasgai «osagarriak», eta, beraz, leku anitzetan tokiko hizkuntzen irakasgaia desagertzeko arriskua dagoela. Kalteaz ohartarazi nahian, protesta egiten ari da hezkuntza publikoan hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren alde egiten duen Flarep sarea.
Kolegio publikoetan gertatuko da aldaketa, bereziki sail elebakarrean. Horietan hizkuntza gutxituak hautazko irakasgai gisa irakasten dituzte, eta gaur egun ere ordu gutxi izan arren, apur hori desager daitekeela salatu du Thierry Delobel Ikas Bi elkarteko lehendakariak: «Ikastetxeetako zuzendarien eskuetan egonen da EPI irakasgaien aukeraketa, eta, baliabide faltagatik edo arrazoi ideologikoengatik, gerta daiteke zuzendari batek erabakitzea eskualdeetako hizkuntzen irakasgaia kentzea». EPI Arlo Arteko Irakasgai Praktikoetako gai bat izanen dira, hain zuzen, tokiko hizkuntzak. Ikastetxe bakoitzak «gutxienez» sei gai eskaini beharko ditu, baina ez da behartua izanen tokiko hizkuntzak horietan sartzera, eta, eskainita ere, bertzeekin lehian izanen da.
Delobelen arrangura bera du Katy Petrissans Biga Baiko kideak. Gehitu du tokiko hizkuntzekin batera sartuko direla hizkuntza «arrotzak» ere, eta horrek kaltea handituko duela: «Leku batean ez baldin bada aski presiorik edo gurasoak ez badira motibatuak, zuzendariak deliberatzen ahalko du orduak gutxitzea edo beste ordu bat ematea ingelesari, adibidez». Euskal Herrian, euskarak pairatuko luke. Petrissansek oroitu duenez, lehenagoko murrizketak errazago eginen dituzte orain: «Baionako Cassin ikastetxean jada gertatu da. Hiru orenen ordez, bi eman zituzten euskaraz; borrokatu behar izan genuen bat gehiago lortzeko».
Euskara baino egoera okerragoan daude bertze hizkuntza batzuk, nolanahi ere, eta horregatik ari dira tokiko hizkuntza guzietako elkarteak elkarrekin borrokan kolegioen erreformaren aurka. Marie-Jeanne Verny okzitanierako irakasleen FELCO elkarteko idazkariordea da. Azaldu duenez, haien hizkuntza zinez izanen da zalantzan ezarria: «Irakaskuntza elebidunean ikasle kopuru ttipia dago Okzitanian. Aldiz, hautazko gisa anitzek hartzen dute. Beraz, hautazkoa kolokan ezarriz, okzitaniera ikasten duten ikasleen kopuru osoa anitz txikituko da». 2005ean egin zuten lizeoen erreformarekin hala gertatu zela oroitarazi du: «Hautazko irakasgaiak lehian ezarri zituzten, eta ikasle kopuruaren beheititzea berehalakoa izan zen».
Elebidunei ere kalte
Erreformaren testuak ez du deus erraten eredu elebidunari buruz, eta zehaztasun falta hori arriskutsua dela uste du Delobelek: «Nahi dugu testuan gauzak argi eta garbi idatziak izatea, bertzela ikastetxeek tentazioa izan dezaketelako hizkuntzen aurka egiteko». Vernyren iritziz, bertzalde, erreformak kalte handia egin diezaioke zeharka elebidunari ere: «Irakaskuntza elebidunaren ondoan ez baldin badago bertze eredu orokorrago bat, hautazkoa eskaintzen duena, bakarturik geldituko da elebiduna». Zer erranik ez murgiltze ereduaz: kolegio publikoetan ez da aukerarik guzia tokiko hizkuntzan ikasteko.
Erreformarekiko desadostasuna adierazteko, Vallaud-Belkacem ministroari gutun bat idatzi dio Flarep sareak, eta parlamentariekin ere ari dira saiatzen protesta aitzina eramaten. Dena den, bertzela ere desadostasun ugari jaso ditu aldaketak Frantziako Asanblea Nazionalean, testuaren bertze atal batzuengatik. Vernyren ustez ere, erreforma osoa utzi beharko litzateke bertan behera: «Ikasleen artean berdintasuna ezarri nahi omen dute, baina ezberdintasunak areagotu bertzerik ez dute eginen baliabideak dituzten eta ez dituzten ikastetxeetako ikasleen artean».
Kolegioen erreformak okertu eginen du tokiko hizkuntzen irakaskuntza
Frantziako Hezkuntza Ministerioak egin nahi du aldaketa.Irakasle elkarteen arabera, ikastetxeen borondatearen esku geldituko da hizkuntza gutxituak irakatsi ala ez.Elebidunak bakartu eginen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu