Kolegioak lagunduko dituzte Herri Urratsen 37. aldian, 'Gaki ge' lelopean

Maiatzaren 10ean eginen dute ikastolen aldeko besta. Kolegioetako ikasleen gorakadari erantzuteko eraikin berriak diruztatzeko izanen da

Herri Urratsen aurkezpena, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Seaskako lau kolegioak ikaslez «gainezka» daudela azaldu du Peio Jorajuria elkarteko lehendakariak, eta aterabide berriak behar dituzte beharrari erantzuteko. Herri Urratsen 37. aldian lorturiko dirua horretarako erabiliko dute: kolegioetako eraikin berriak diruztatzeko. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak (Lapurdi) izango du lehentasuna. Maiatzaren 10ean ospatuko dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta, Senperen (Lapurdi).

Lehen aldiz, Seaskako lau kolegioek mila ikasleen heina gaindituko dute 2021. urtean. Ziburuko ikastetxea, adibidez, hirurehun ikasle eskolatzeko prestatua da, baina 321 ikaslek ikasten dute han. Jorajuriak azaldu du hazkundeari aterabide bat atzemateko azken epea dutela. Oraindik ez dakite zehazki «noiz, non eta nola» egokituko duten plangintza, baina aukera bat baino gehiago aipatu dituzte horretarako: eraikina handitzea, ikasleen banaketa egokitzea eta Lapurdiko kostaldean kolegio berri bat eraikitzea.

Sostengua leloan

Maiatzaren 10ean iraganen da ikastolen aldeko besta, Senperen, Gaki ge lelopean —Senpere aldean bagoaz esan nahi du—. «Herri Urratserat Gaki ge euskarari behar duen sostengua ematerat, geroa euskaraz eraikitzerat, brebeta eta baxoa euskaraz izan daitezen erdiesterat» aldarrikatu du Ihintza Bidart Herri Urratseko koordinatzaileak. Marrazkiak jendeak buruan daraman txapelari egiten dio erreferentzia.

Antolatzaileen arabera, urtero egiten den ekitaldia ez da «besta bat soilik». Jorajuriak nabarmendu du irakasle postuen negoziazioetarako azken epea ere badela: «Ez dugu ezer irabazia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.