Koldo Martinezek Iruñeko Udala utziko du. Joseba Asiron alkateari eta udal gobernuko gainerako kideei eman die erabakiaren berri udal gobernuaren asteleheneko bileran. Ofizialki datorren osteguneko osoko bilkuran utziko du akta, eta Javier Leozek hartuko du haren tokia. Hala jakinarazi du Geroa Baik, ohar bidez.
Arrazoi pertsonalak eman ditu Martinezek. «Herritarrekin eta Geroa Bairekin dudan konpromisoa beti izan da erabatekoa, eta, uneotan, osasun arrazoiak direla-eta ezin dut %100 hori eskaini zinegotzi moduan jardun beharreko nire arduretan. Iruñeari eta bere herritarrei zor diedan errespetuagatik albo batera baztertzeko erabakia hartu dut», aipatu du.
Koalizioko kideei ere eman die erabakiaren berri, eta Geroa Bairen jarduera gertutik jarraituko duela promes egin du: «Politikagintza aktiboa uzten dudan arren, proiektua laguntzen eta babesten jarraituko dut. Geroa Bairekin beti egin izan dudan moduan», azpimarratu du.
«Politikagintza aktiboa uzten dudan arren, proiektua laguntzen eta babesten jarraituko dut. Geroa Bairekin beti egin izan dudan moduan».
KOLDO MARTINEZGeroa Baiko zinegotzia
Martinez legealdi honetan izan da Iruñeko hautetsi. Zentsura moziorako akordioa babestu zuen, eta, udal aldaketaz geroztik, Sustapen Ekonomikoaren atalaz arduratu da. «Kontzientzia lasai dudala joango naiz, eta harro nago Iruñean gobernu aurrerakoia uzteagatik». Geroa Baik bide horretatik jotzeko asmoa duela iragarri du. «Ez dut zalantzarik nire kideek lan bikaina egingo dutela».
Geroa Baik bere «esker onik sakonena» adierazi dio Martinezi, koalizioaren alde urteotan egin duen lanagatik. «Martinezen ibilbideak aztarna ezabaezina uzten du Nafarroako panorama politikoan, nafarron ongizatearen alde izan duen konpromiso apurtezinari, agertu duen pasioari eta egin duen lanari esker».
Ibilbide zabala
Medikuntzan lizentziaduna da, eta urte luzez aritu da mediku. Halaber, ibilbide politiko zabala du, lehenik, Euskadiko Ezkerreko kide gisa, 1990eko hamarkadan. Gerora, Nafarroa Bairen bultzatzaile izan zen. Behin Geroa Bairen koalizio barruan, Zabaltzen taldeko buruzagi izan da. Nafarroako Parlamentuan, Geroa Baiko eledun izan zen 2015etik 2019rako legealdian. 2019an, senatari autonomiko izendatu zuen legebiltzarrak. 2020ko ekainetik Iruñeko hautetsi izan da. Geroa Sozialberdeak alderdia ere sustatu du.
Martinezen tokia Javier Leozek hartuko du. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta Iruñeko udal politika ongi ezagutzen du, aurreko hiru legealditan Geroa Bairen zinegotzi izan baita.