Espainiako Guardia Zibilak Koldo Garcia Izagirre euskal herritarra atxilotu du, ustezko ustelkeria delitu batengatik. Garcia Espainiako Garraio Ministerioko aholkularia zen pandemia garaian, eta hari aurre egiteko maskaren erosketetan legez kanpoko komisioak kobratzea egozten diote.
El Confidencial egunkariak azaldu duenez, Guardia Zibileko UCO Unitate Zentral Operatiboak atxilotu zuen atzo, Alacanten (Herrialde Katalanak). Egunkari hark argitaratutakoaren arabera, estatuko zenbait lurraldetan egindako operazio bat izan da, eta gutxienez hogei lagun atxilotu dituzte denera.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegiak hartu du ikerketaren ardura, eta ustelkeriaren kontrako fiskaltzarekin koordinatuta ari da lanean. Horiek antolakuntza kriminal, influentzia trafiko eta eroskeria delituak ikertzen ari dira, erakunde publikoek maskaren erosketarako eginiko adjudikazioekin lotuta.
Garcia 2018an iritsi zen Espainiako Garraio Ministeriora, Jose Luis Abalos ministro ohiaren eskutik. Gerora, 2019ko azaroan, Renferen merkantzia alorreko aholkulari izendatu zuen ministroak ohiak, eta kargu hura izan zuen 2021eko irailera bitarte; hain justu, Abalosek gobernua utzi arte. Barakaldon jaio arren, Garcia Uharteko (Nafarroa) zinegotzi izan zen 2011 eta 2015 bitartean, PSNren zerrendaren lehen postuan aurkeztu ostean.
Ez da auzitegietan den lehen aldia. Nafarroako Probintzia Auzitegiak bera eta Espainiako polizia bat zigortu zituen 2011n, 2010eko sanferminetan kamisetan Independentzia leloa zeraman 16 urteko gazte bati lesioak eragiteagatik.