Erretiroa hartuta, utziak ditu eginkizun publiko asko Txaro Arteagak, baina Emakundeko zuzendaria zen emakumeek alardean parte hartzeko hautua egin zutenean, eta tarte bat hartu nahi izan du zer gertatu zen oroitzeko, eta ordutik jazo den guztiak ekarri dizkion gogoetak plazaratzeko. Eta argi du: instituzio eta talde politikoen partetik, oro har, aldarri parekidearen aldeko babesa apalegia izan da beti. «Babesa formala izan da, baina ez da izan erreala». Eta sostengu formal hori, gainera, herrietako bertako erakundeetatik apartekoa izan da gehienetan, udalek hasieratik erakutsi baitzuten kontrako jarrera. Andreen aldarriaren egokitasuna ulertzeko ezintasuna ikusi zuen zenbait agintarirengan, feminismoan hezi gabeko begirada motza: «Garai hartako Irungo alkatea, adibidez, Alberto Buen Lacambra, Emakundera eta dena etorri zen, nik esplika niezaion; baina ez zuen ulertzen». Jarrera larriagoak ere ikusi ditu beste hainbatengan: «Egungo alkate Santanok berak esan zidan bazekiela arrazoi zutela emakumeek, baina politikoki ez zitzaiola interesatzen». Bi gaitzen sintomak ikusi ditu: «Koldarkeria handia egon da, eta ezjakintasuna».
Xalo oroitu da gatazka lehertu berriaz: «Uste genuen oraindik konpondu egingo zela». Eusko Jaurlaritzaren izenean ari zen bera, teorian onartu behar zioten itzal bat berak hasieratik andreen aldarriari erakutsi zion onespenari —EAEko Arartekoa ere ondoan zuen—, baina bere hitzak ez zuela deusetarako balio sentiarazi zioten usu. Harriak oroitzen ditu Irun eta Hondarribira egin zituen bisitetan; irainak eta mespretxuak. Gobernuak beti babesa eman ziola esan du, baina eskatu ziotela hasieran jarrera epelagoa: «Esan zidaten adierazpenen bat-edo egiteko andreen alde, baina ez joateko». Ez zien jaramonik egin: «Argi nuen andreak kalean zeudela borroka horretan, eta hor egon behar nuela nik ere».
Alderdien interesen arabera
Gatazka bideratze aldera egin zituen ahaleginen artean, hainbat ditu gogoan. 1996an bertan, adibidez, Irunen andreen aldarriarekin lehertu zen gatazkaren harira, lortu zuen Hondarribira emakumeei babesa ematera joatea Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztietako ordezkari andreak. «Han geunden parlamentariak, sailburuordeak, baina alkateak agurtu ere ez gintuen egin...», oroitu du. Jabetzen hasi zen egoeraren larriaz, eta zubiak eraikitzeko zailtasunez.
Talde politikoak hautsita ikusi ditu sarri gaiaren harira, baina agintea dutenen artean, beti gailendu da baztertzaileekiko jarrera ulerbera. «Eta argi ikusi nuen hori egiten zutela alderdikeriarengatik; botoengatik». 2005ean Berdintasun Legean propio alardeen gatazkan aplikatzeko jarraibideak eman zituzten, baina horrek ere ez du oraingoz egoera bideratzeko balio izan. Uste du honek guztiak funtsean erakusten dituela «feminismoan» azaleko aldarriak besterik txertatuak ez dituen gizarte baten ajeak. «Ezagutza falta da feminismoaren arloan, eta kontzientzia».
«Koldarkeria handia egon da, eta ezjakintasuna»
Txaro Arteaga. Emakundeko zuzendaria zen andreak kalera irten zirenean; haien alboan agertzea ebatzi zuen, baina onartu du antzuak izan zirela haien alde egiteko gainerako saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu