Koherentziaren itzalean

Nerea Azurmendik eta Txalaparta argitaletxeak Elias Gallastegiren figura berreskuratu dute, eta liburu batean jaso haren ibilbide politikoa: 'Gudari. Eli Gallastegiren lorratza'. Haren ekarpenetako anitz gaurkotasun handikoak dira oraindik.

Nerea Azurmendi
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

«Koherentzia, kosta ahala kosta». Horrela definitu du Nerea Azurmendi kazetariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1961) XX. mende hasierako euskal abertzaletasunaren eragileetako bat: Elias Gallastegi (Bilbo, 1893 - Donibane Lohizune, Lapurdi, 1974), euskal abertzaletasunaren ikurretako bat. 50 urte bete dira aurten Gallastegi hil zenetik; hortaz, Azurmendik eta Txalaparta argitaletxeak haren figura berreskuratu dute, eta haren ibilbide politiko eta pertsonala liburu batean jaso: Gudari. Eli Gallastegiren lorratza. Geroztik anitz aldatu dira abertzaletasuna eta oro har politika, baina Gallastegiren ekarpenetako anitzek gaurkotasun handia dute oraindik ere.

Erraterako, independentzia helburu negoziaezina zen harendako, eta xede hori erdiesteko anitz begiratzen zuen kanpora. Hala, Azurmendik dio hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituela Mazedoniako emakumeei, Albaniako borrokari, Hego Ameriketako iraultzei, Irlandari edo Kataluniari buruz. «Antzeko borroketan murgilduta zeuden herriekiko elkartasuna erakutsi zuen, eta elkarrekin jarduteko grina handia zuen». Azurmendiren erranetan, «beste sentsibilitate nazionalista» batzuek ere bazituzten beren aliatuak, baina ez ziren Gallastegirenak bezain «sendoak eta estrategikoak».

Izan ere, Gallastegik bazekien garrantzitsua zela «antzeko zapalkuntza» pairatzen zuten herrien arteko «borroka bateratua edo solidarioa», eta hori lortzeko urratsak egin zituen. Urteak pasatu badira ere, egun ere garrantzitsua oraindik herrien arteko aliantza hori, eta horretan Gallastegi «aitzindari» izan zela argi du Azurmendik.

«Antzeko borroketan murgilduta zeuden herriekiko elkartasuna erakutsi zuen, eta elkarrekin jarduteko grina handia zuen».

NEREA AZURMENDIKazetaria

Harreman horiek gazte mugimenduen artean eraiki ohi zituzten. Gallastegi, erraterako, Euzko Gaztedia mugimenduko kide nabarmenenetako bat izan zen. Azurmendik dio garai hartan «sekulako indarra» zutela talde haiek: «Alderdi nagusiek ez zeukaten indarra eta presentzia gazte erakundeek zeukaten». Nola da posible, baina, gazteek alderdikideek baino botere handiagoa izatea? Bada, Azurmendiren arabera, garai historikoak azaltzen du hori: «[Gazte] haiek izan ziren ideologia horretan formatutako lehenbiziko belaunaldia, eta askoz errazagoa da ideologia berri batera gazteak biltzea lehendabiziko aldiz. Dena berria zen, eta, beraientzat, mundua eta herria ikusteko modu bat estreinatzen ari ziren; nire ustez, horrek izugarri mobilizatu behar du». Hala, alderdien arteko harremanak maiz bortitzak ziren urte haietan, errazagoa zen gazte bat kalera ateratzea, kargu publiko bat betetzen ari zen norbait baino.

Gaia gaurkotasunera ekarrita, Azurmendik dio egungo gazteek ez dutela «estreinatzeko» ideologiarik, dena «desgastatuta» iritsi zaiela. Hortaz, adierazi du horrek eragina izan dezakeela gazte mugimenduen mobilizatzeko gaitasunean eta haien eragin politikoan.

Gazte mugimenduan oso aktibo ibili bazen ere, EAJren barruan kargu gutxi hartu zituen, tarteka eta oso maila txikian. Azurmendik dio alderdi horren barruan garatu zuela bere ibilbide politikoa: «XX. mendeko lehen urteetan, abertzale izateko modu bakarra aranista izatea zen, abertzale hitza bera ere ez baitzen existitzen». Hala, Luis Aranaren –Sabino Aranaren anaia, EAJren sortzaileetako bat– idazkari izan zen Gallastegi, eta oso garrantzitsuak izan ziren Gallastegirentzat Aranaren ondoan pasatu zituen urteak: «Independentzia negoziaezinaren ideia bera Aranarengandik zetorren». Horrez gain, Bizkaiko Buru Batzarrean ere egon zen tarte batez. 

Burgesiarekin kritiko

«[Lan] eskaintzak izan zituen, baina, gauza puntualen batzuk kenduta, berak bere bidea bi aldetatik eraman zuen: familia aurrera atera, eta militantzia, batez ere idatzizkoa», azaldu du Azurmendik. Izan ere, bere bertze bidaiakide batzuk ez bezala, ez zen familia aberatsekoa; «familia zabala egin zuen, eta lana zen haren kezka». Gallastegiren koherentziaren bertze erakusleetako bat bere estatusarekin lotuta dago: Bilboko burgesiaren pribilegioak gogor kritikatzen zituen. Zehazki, Marokoko Gerraren garaian, hura eta bertze hainbat euskal gazte Espainiako aldean borrokatzearen aurka zeuden: «Gu zanpatu gaituen inperio bat defendatzera zertara joan behar dugu? Beste herri zanpatu bat zanpatzera?». Dirua zuten horiek, baina, «libratzen» ziren, eta «injustizia» hori anitz kritikatu zuen Gallastegik.

«Historiatik desagertuta dago, baina sareetatik ez zegoen desagertuta, jendea Irlandara edo Donibane Lohizunera joaten zenean bazekielako nora joan».NEREA AZURMENDIKazetaria

Koherentzia horren ondorioz maiz itzalean gelditu zen Gallastegi, jarrera horrek «kostu politiko eta pertsonal» handiak izan baitzituen beretako. Hala, «ageriko ibilbide politiko laburra» izan zuela dio Azurmendik, baina ez zela erabat desagertu, «erreferentzia eta euskarri gisa» hor jarraitu zuela. «Historiatik desagertuta dago, baina sareetatik ez zegoen desagertuta, jendea Irlandara edo Donibane Lohizunera joaten zenean bazekielako nora joan», borobildu du. 

Militantziaren inguruan zuen ikuspegia ere agerikoa dela dio Azurmendik: «Dena eman zuen, trukean ezer materialik eskatu gabe». Hori egungo errealitatean pentsaezina dela dio: «Badago ohitura alderdi batera hurbildu eta segituan hasteko bizia hortik ateratzen». Gallastegi ez zen horren aldekoa, ez bere ibilbidearen hasieran, ezta bukaeran ere, hasieran zen hori izan baitzen amaieran ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.