Asier Gomez. Gazte Abertzaleak erakundeko idazkari nagusia

«Koalizioaren ereduak ez dio EH Bilduren oraingo errealitateari erantzuten»

Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak XIV. Biltzar Nagusia egin du duela gutxi, eta, Asier Gomez idazkari nagusi berriak dioenez, gazteak EH Bildura erakartzeko bideez gogoeta egiten hasi dira, besteak beste.

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Berriki egin du GA Gazte Abertzaleak Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak XIV. Biltzar Nagusia, eta, beste zenbait erabakiren artean, Nazio Batzordea berriztatu dute. Datozen bi urteetan, Asier Gomez (Barakaldo, 1986) izango da gazte erakundearen idazkari nagusia. Harekin mintzatu da BERRIA, Eusko Alkartasunak Bilbon duen egoitzan, erakundearen asmoen berri jakiteko xedez.

Zeintzuk izan dira XIV. Biltzarrean hartu dituzuen erabakirik garrantzitsuenak?

Aurrera begirako erronka batzuk jarri ditugu, estatutuak ere berriztatu ditugu erakundeak gaur egun duen errealitatera egokitzeko, eta eztabaida bat hasi dugu gazteriak EH Bilduri egin beharreko ekarpenaz. Gu EAko gazte erakundea gara, baina EH Bildu da egun hauteskundeetara aurkezten den koalizioa, eta kezka dugu hainbat gaztek ez dutelako EH Bildu erreferentzia gisa ikusten.

Eta horretarako, zuen ustez, zein da bidea?

EH Bildun dauden gazte erakunde guztiek badute horretaz zeresana, baina, gure ustez, gabezia bat dago, gazte asko baitaude erakunde horietako kide ez direnak eta EH Bilduren proiektuarekin bat datozenak. Gazte horiei lekua nola egin, horixe da galdera.

Zuek nola irudikatzen duzue etorkizuneko EH Bildu?

Eztabaida hori egiten ari da EH Bildun eta koalizioa osatzen duten alderdi bakoitzean, eta gu, jakina, EAn ari gara eztabaida horretan parte hartzen. Guk pentsatzen dugu lau alderdien koalizio hutsaren ereduak dagoeneko ez diola egungo egoerari erantzuten, eta errealitateak beste eredu batera eraman gaituela modu natural batez. Disfuntzio batzuk sortzen dira: ezin duzu EH Bildun izena eman, eta, gainera, alderdi bakoitzak bere historia eta bere zama dauka, eta badago jende asko zama hori gainean eraman nahi ez duena eta EH Bilduko kide izan nahi duena lau alderdietako baten kide izan gabe. Horri bidea eman behar zaio.

Beste lan ildorik zehaztu duzue biltzarrean?

Gazte erakundea izanik, gure kezka nagusia gazteriaren egoera da. Zehaztu dugu datozen bi urteetan [EAEko] Gazteriaren Legea egiteko prozesua abian ikusi nahi dugula. Gogoratu behar dugu lehen egitasmoa [Juan Jose] Ibarretxeren azken urteetan aurkeztu zela Eusko Legebiltzarrean, eta geroztik bi agintaldi igaro dira, eta gaiak ez du aurrera egin. Gure asmoa litzateke lege horretan txertatzea gazteen arazoei erantzun ahal izateko tresnak, eta, horregatik, oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Gainera, uste dugu prozesu horretan gazteek egon behar dutela hasiera-hasieratik.

Egia al da gazteei ez zaiela politika interesatzen?

Egia da azken hamarkadan gutxitu dela gazteak talde antolatuetara jotzeko interesa. Baina hori ez da bakarrik politikarekin gertatzen: aisialdi taldeetan, auzo elkarteetan eta abarretan inplikazioa gutxitu egin da. Dena dela, politika ez dira bakarrik instituzioak, kalea eta auzoa ere bada politika, eta maila horietan konprometitutako gazteak badaude. Eta, gainera, badago gazteen ekarpena gutxiesteko joera, «adinaren gauzak» direlakoan edo gazteen iritziek gutxiago balioko balute bezala.

Zer pentsatzen duzue PISA txostenaren emaitzez?

Lehenbizi, adostu beharko genuke proba horri nolako zilegitasuna ematen diogun, zer eta nola neurtzen duen. Baina, hori esanda, egia da emaitzak Lopezen gobernutik gaur arte irakaskuntzak nozitutako murrizketen ondorio ere izan daitezkeela. Orain, zerbait gaizki dabilela ikusita, galdera da Jaurlaritzatik zer egingo den horri buelta emateko. Eta hori aurrekontuetan islatu beharko da. Orduan ikusiko dugu konpromiso hori noraino iristen den.

Euskararen Eguna zela eta, zenbait gazte erakundek, GA ere tartean zelarik, euskararen aldeko agiri bat sinatu zenuten. Badirudi horrek polemika piztu duela sarean. Zer gertatu zen?

Agiria ni idazkari nagusi izendatu aurretik jorratzen hasi ziren hainbat gazte erakunde, JSE-Egaz [PSE-EEren gazte erakundea] tartean. Guri helarazi ziguten testuak, gure ustez, ez zituen euskarak merezi dituen gutxienekoak betetzen, eta aldaketak proposatu genituen: norberaren arduratik harago urratsak egin beharra, ofizialtasuna, euskararen herri osoaren lurraldetasuna eta abar. Aldaketa horiek onartu egin ziren, eta esanguratsua da JSE-Egazek ez duela azken agiria sinatu. Testuan, Jaurlaritzaren kanpaina aipatzen zen, baina argi dago agiriaren ildoak ez zuela zerikusirik kanpaina horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.