Klimarentzako mehatxu eta aliatu

Adimen artifizialaren erabilera masiboa dela eta, datu zentroak emisioak handitzen ari dira. Aditu batzuek, baina, teknologia ezinbestekotzat jotzen dute arazo konplexu batzuei aurre egiteko: besteak beste, klima larrialdiari.

Amazon plataformaren datu zentroetako bat, AEBetako Virginia estatuan. JIM LO SCALZO / EFE
Amazon plataformaren datu zentroetako bat, AEBetako Virginia estatuan. JIM LO SCALZO / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Adimen artifiziala (AA) ziztu bizian hedatzen ari da gure inguruan. Geroz eta enpresa gehiagok erabiltzen dute, sektore ekonomiko guztietan, eta haren erabilera soziala aurrez ikusi gabeko abiadan zabaldu da. Horrek eragin zuzena du klima larrialdiaren auzian, sortzen dituen berotegi gasen emisioek gora egin baitute. Ondorioz, jende geroz eta gehiagok kezka du AA ez ote den gehiegi zabalduko. AAk abantailak ere baditu, ordea, klima larrialdiari aurre egiteko. Teknologia mehatxu eta aukera da beste behin, eta erabiltzeko modua da gakoa, horren araberakoak izango baitira ondorioak.

AAk azpiegitura jakin batzuk behar ditu funtzionatzeko. Informazioa prozesatzeko datu zentroetan oinarritzen da, eta, gaur egun, munduko argindar kontsumoaren %3 inguru dagokie. Zentro horiek erabiltzen dira kriptodiru transakzioetarako ere. Kontua da datu zentroen kontsumoa abiada betean ari dela handitzen. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, 2022tik 2026ra bi halakotu egingo da datu zentroen argindar kontsumoa; %2tik %4ra. Japoniaren argindar kontsumoa bezainbestekoa izango da.

AA zenbat hedatzen ari den irudikatzeko, hona datu bat: ChatGPT txatbotak bi hilabete besterik ez zuen behar izan ehun milioi erabiltzaile lortzeko. Konparazio moduan, Instagramek 26 hilabetean lortu zuen erabiltzaile kopuru hori, Facebookek 54 hilabetean eta Twitterrek 65ean. AA, ordea, ChatGPT baino askoz gehiago da, eta teknologia enpresa handiek hainbat produktu garatu dituzte AA masiboki zabaltzeko. Amazonek, esaterako, iragarri du 135.000 milioi euro inbertituko dituela datu zentroak eraikitzeko. Enpresa horren helburua da hurrengo hamabost urteetan datu zentroak ugaritzea AAren hazkundeari erantzuteko.

AA arazo bat bihurtu da klimaren ikuspegitik, beste konputazio eredu batzuekin alderatuta askoz ere energia gehiago behar duelako. Argindar gehiago kontsumitzen du, askoz ere kalkulu konplexuagoak erabiltzen dituelako, sistema informatikoak entrenatzeko, besteak beste. IEAren ikerketa baten arabera, ChatGPT txatbotaren erantzun bakoitzak Googleko bilaketa batek baino hamar aldiz energia gehiago behar du. Aintzat hartu behar da Google, Microsoft eta halako enpresak lanean ari direla AA beren produktuetan integratzeko. Horrek esan nahi du, adibidez, AA Google bilatzailean erabat ezarriz gero webgunearen energia kontsumoa orain baino hamar bider handiagoa izango dela.

%48

Zenbat handitu dituen Googlek berotegi gasen emisioak azken bost urteetan. 2030. urterako karbonoan neutroa izateko konpromisoa iragarri zuen, baina ekainean adierazi zuen helburu hori betetzea zaila izango dela adimen artifizialaren gorakada dela medio.

Ez da harritzekoa, beraz, ekainean Googlek eta Microsoftek jakinarazi izana berotegi gasen emisioak handitu dituztela. Horrez gain, datu zentroak oso egarri izaten dira. Ur asko behar dute konputazio sistemak hozteko, eta, askotan, ur baliabide gutxi dituzten inguruetan daude jarrita.

AAren hedapen masiboaren aldekoek argudiatzen dute teknologia horrek  energia aurrezteko balio duela, energia asko behar duen arren. Adibidez, kontsumo ereduetan oinarrituta, gai da egoera bakoitzean zenbat energia behar den kalkulatzeko. Horrez gain, AAk balio dezake hondamendi klimatikoak era fidagarriagoan aurreikusteko eta alerta abisu zehatzagoak egiteko, baita natura eremuen kontserbazioa hobetzeko ere, ekosistemen egoeraren jarraipena hobetuta.

Kontua ez da horretara mugatzen, ordea, BC3ko eta Ikerbasqueko ikertzaile Ferdinando Villaren arabera. «Jasangarritasunaren arazoari aurre egiteko behar den jakintza ez da burmuin batean kabitzen. Jakintza guztiak behar dira. Uste dut dimentsio askoko arazo konplexuei soilik AArekin hel dakiekeela».

BC3 eta Ikerbasqueko Stefano Balbi (ezkerrean), Beñat Egidazu (erdian) eta Ferdinando Villa (eskuinean).
BC3 eta Ikerbasqueko Stefano Balbi —ezkerrean—, Beñat Egidazu —erdian— eta Ferdinando Villa —eskuinean—. LUIS TEJIDO / EFE

Integrazioaren bila

Halako erronka bati erantzuteko behar den adimena ez da ChatGPTk darabilen bera, Villak nabarmendu duenez. «ChatGPTk jada konponduta dauden arazoak konpontzen ditu, lehendik esandakoak errepikatuz erantzuten du, laburbilduz». Ikertzaileak nabarmendu du AA mota hori gainditzen duen beste teknologia bat behar dela, jakintza arlo guztiak integratuko dituena. «Planeta salbatzeko behar dugun jakintza badugu, duela 2.000 urtetik. Orain zientzia balaibide gehiago ditugu, eta beraz, modu matematikoan adierazi dezakegu, makinei hobeto ulertarazi. Baina integrazioa ez da sekula gertatu».

Integrazio hori ez du ChatGPTk egingo, Villaren iritziz. Ezta haren gisako hizkuntza ereduen teknologiak ere, zeina «nagusiki dirua egiteko» erabiltzen den eta «lorratz energetiko onartezina» duen. Adimen mota horrek gai jakin baten inguruko jakintza bildu dezake, laburtu, aurkeztu. Aldiz, ezin du estrapolaziorik egin informazio horretatik abiatuta. «Gaur egun dagoen konputazio potentziarekin, eredu oso konplexuak eraiki daitezke, laurehun mila milioi parametro hartzen dituztenak, eta horrekin [hizkuntza ereduek] gizakiena bezalako portaera bat irudika dezakete. Esan dezagun haluzinatu egiten dutela, baina hori baino ez dute egiten, ez baitute ulertzen zertan ari diren», argitu du Villak. Ikerbasque eta BC3 beste AA mota bat garatzeko apustua egiten ari dira, Aries proiektuaren bidez. Abian da 2008tik. «Inoiz konpondu ez diren arazoei heltzeko modu bat da».

«Aries proiektuaren helburua da askotariko datu iturriak integratzea, mundu guztian sortutako datuen elkarreragingarritasuna hobetzeko», adierazi du Stefano Balbik. Hura ere BC3ko eta Ikerbasqueko ikertzailea da, eta Villarekin batera ari da Aries egitasmoa garatzen. Ariesek gaitasuna du giza eta natura sistemen datu ereduak uztartzeko. Klima aldaketa nola gertatzen ari den ulertzeko balio du, eta ezusteko aldaketa bat izanez gero zer gertatuko litzatekeen aurreikusteko, baina gauza gehiagotarako ere bai. «Erabilgarria da giza eta natura sistemak uztartzea eskatzen duen edozein arazo konplexutarako», Balbiren esanetan.

«Jasangarritasunaren arazoari aurre egiteko behar den jakintza ez da burmuin batean kabitzen. Dimentsio askoko arazo konplexuei soilik AArekin hel dakieke»

FERDINANDO VILLABC3ko eta Ikerbasqueko ikertzailea

Adibidez, BC3ko ikertzaileek mundu osoko gobernuekin ari dira lanean, hainbat herrialderen kapital naturala neurtze aldera. Hau da, beren lurraldeko ekosistemek eskaintzen dituzten ingurumen zerbitzuak neurtzen dituzte. Uraren arazketa, polinizazioa, fotosintesia eta baliabide naturalen ekoizpena dira zerbitzu horietako batzuk. «Herrialde askotako gobernuek ez zuten halako neurketarik sekula egin, ez zekitelako nola. Orain egiten dute, guk egiten baitiegu, doan», adierazi du Villak. Eusko Jaurlaritzak erositako makinekin dihardute. Gobernuak 50.000 euroko inbertsioa egin zuen zerbitzaritan. «Oso diru gutxi baliatuta, Eusko Jaurlaritza mundu osoari eta Nazio Batuen Erakundeari laguntzen ari da kapital naturala neurtzen».

Ariesek oinarri duen AAk ChatGPTrenak baino askoz ere baliabide gutxiago behar ditu, ez baitu behar txatbotaren «kalkulu ahalmen izugarria». Horren ordez, zientzialarien ariketa intelektualean oinarritzen da, sarean barreiatuta dagoen jakintza konektatzeko gai den sare logiko bat eraikitzeko. Sare horrek gizakiek eraikitako datuak eta ereduak karakterizatzen ditu. «Makinari ez zaio eskatzen Internet guztia irakurtzeko, hizkuntza ereduak egiten duen bezala». Aldiz, Villak azaldu duenez, «kontzeptuak ulertzen dituzten gizakiek» makinari esaten diote kontzeptu bakoitzak zer adierazten duen, eta zer beste kontzeptutan oinarritzen den.

Teknologia horri machine reasoning deitzen zaio, hau da, arrazoiketa automatikoa. Jakintzaren oinarri oso txiki bat erabiltzen du, «gizakiek beren inteligentzia osoarekin idatzitakoa», sarean dagoen jakintza aurkitu eta integratzeko. Oinarria, sare logikoa, hainbat iturritako datuetara eta ereduetara konektatzen da, gizakiek berrikusita betiere. Lan hori ikertzaileek, gobernuek eta BC3rekin elkarlanean ari diren erakundeek egiten dute. Era horretan, Aries informazioa pilatuz doa etengabe.

«Aries proiektua erabilgarria da giza eta natura sistemak uztartzea eskatzen duen edozein arazo konplexutarako»

STEFANO BALBIBC3ko eta Ikerbasqueko ikertzailea

Sarera gehitzen den informazio ororen balioa nabarmendu du Villak. «Kontzeptu bati lotutako datu bat edo eredu bat gehitzen den bakoitzean, litekeena da informazio horrek lehen lotu ezin ziren bi jakintza eremu lotzea. Beraz, gehitzen den jakintza puska bakoitzaren balioa biderkatzailea da, esponentziala. Makinak ikasten jarraitzen du».

Hori dela eta, AAk dituen klima arriskuak hizpide hartuta, Balbik uste du teknologia nola erabiltzen den dela gakoa. «Pentsatu daiteke energia mordoa xahutzen dela AA ereduak sortzeko. Ados. Baina zientziarako bezainbat energia erabiltzen da datu ereduak egiteko publizitate arloan, erosle potentzialak sailkatzeko. Azken finean, gauza gehiago saltzeko».

Bada beste arriskurik ere. Desinformazioa da horietako bat. AA garatu ahala, sekulako baliabideak sortu dira informazioa desitxuratzeko. Klima aldaketari dagokionez, AAren bitartez errazagoa da haren larritasuna ukatzen edo gutxiesten duten edukiak sortzea eta modu masiboan zabaltzea.

Arrisku horiek ikusita, AAri mugak jartzeko beharraz ohartarazi dute ikertzaileek. Europako Batasuna izan da horretarako araudi bat onartu duen lehen potentzia. Abuztuaren 1ean sartu zen indarrean. Balbiren iritziz, ezinbestekoa da halako neurriak hartzea. «Bestela, Far Westa izango da». Dena den, AA zein azkar garatzen ari den ikusita, Villak uste du ezinezkoa dela hura legez kontrolatzea, eta eraginkorragoa iruditzen zaio gardentasuna exijitzea. «Gardentasunari esker, jakin daiteke sortu den hori nondik datorren, trazabilitate kateari jarraitu dakioke. Erakundeek ezin dituzte gelditu AAren gisako fenomenoak, baina gardentasuna exijitu dezakete. Finean, autorregulaziorako oinarri bat da».

AAren erabilera batzuk mugatzeko edo gelditzeko, zerga politika ere akuilu izan daiteke. Nazioarteko Diru Funtsak abuztuan kaleratutako artikulu batean jasotzen duenez, kriptodiruaren eta datu zentroen argindar kontsumoari tasa bat ezartzeak eragin zuzena izango luke bi sektore horietan emisioak murriztea sustatzeko.

Ahobiko labana da AA. Klima larrialdia areagotzen ari diren aldagaietako bat da egun, eta are mehatxu handiagoa bihurtzeko bidean da, neurririk hartu ezean. Baina klima krisia arintzeko funtsezko baliabidea izan daiteke beste era batera erabiltzeko politikak ezarriz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.