Eñaut Izagirre glaziologoa

«Klima oso-oso muturrekoa izan daiteke; ez dira mendi errazak»

Zientzialariak ondo ezagutzen ditu Fitz Roy ingurua eta hango baldintzak, urte luzez aritu baita han ikertzen.

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 21a
07:32
Entzun

Eñaut Izagirre glaziologoak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990) hamar urte darama Patagonian ikerketa zientifikoak eta espedizioak egiten.

Ikusi gehiago:Desagerturiko bi euskal mendizaleak «bizirik aurkitzeko esperantzarik ez» dagoela esan dute sorosleek

Zer ezaugarri ditu Fitz Royk?

Patagonian kokatu behar dugu, Argentinan. Andeetako mendikateari jarraituz, ipar-hegoko noranzkoa daukan mendikate honetan, justu ekialderantz dago Fitz Roy-Chalten mazizoa. Badira mendi oso-oso ezagunak: Cerro Torre, Fitz Roy... Granitozko mendi oso-oso malkartsuak dira, glaziarrek orain dela milaka urte landutakoak. Gutxi gorabehera, hegoaldeko 50 graduko latitudean dago. Munduan latitude horretan daukagun lurrazal bakarra Hego Amerikako kontinentea da, Hegoafrika eta Zeelanda Berria pixka bat iparralderago baitaude. Horrek meteorologia eta klima oso-oso jakinak sortzen ditu. Han uda da; elurra egiten jarraitu du, ordea, eta, are, elur jausiak ere egon dira.

Zergatik?

Segur aski, haize bortitzagatik. Fronte guztiak mendebaldetik sartzen zaizkigu, Txileko fiordoetatik, eta hortik dator hezetasun guztia: Andeetako mendikatea jotzen du, eta barrera orografiko bat dauka; aire masa horiek altxatzen dira, eta prezipitazio itzelak egoten dira. Hein handi batean haizeagatik, posible da elurra nahiko arriskutsua izatea batzuetan.

Elur jausiak ohikoak dira?

Bai, bai. Ez da bat-batean gertatu den zerbait. Fitz Royra edo eremuko beste edozein orratzetara igotzeko, glaziarrak daude tartean; glaziarrak egoteak zera esan nahi du: izotzaz gain elurra ere badela. Elurra behar da glaziarrak handitzeko. Nahiko goian gaude: 3.000 metrotik gorako mendiak dira. Eremu hauek beti daude elurtuta. Patagonia guztian ohikoa da elur jausien kontua.

Udan nola egoten da mendia?

Normalean, elur maila nahiko goian egoten da, baina glaziarren eremua ia guztiz hartzen du elurrak. Kasu honetan —azken egunetako eguraldia begiratu behar da—, esango nuke posible dela udan ere elurra egitea.

Fitz Roy zailtasun tekniko handikoa da, ezta?

Bai, oso. Fitz Roy eta inguruan daukan Cerro Torre edo beste edozein orratz mundu mailako eskalatzaileentzako eremuak dira. Exijentzia oso handia da, klima oso-oso muturrekoa izan baitaiteke eremu horietan: ez dira mendi errazak. Askotan, udan baino nahiago izaten dugu udazkenean edo neguan lan egin, eguraldia askoz egonkorragoa baita. Urri-azaroetatik otsailera, klima oso aldakorra izan ohi da.

Ez da mendi horretako lehen istripua. Zein da arrisku nagusia?

Arriskua jendeak jartzen du. Mehatxurik handiena arrokak erortzea da; granito eremuak oso-oso pitzatuak daude, diaklasaz beteak. Elur jausiak, goi mendiez hitz egitean, beti hartu behar dira kontuan. Gero, noski, baldintza meteorologikoak daude.

Esperientzia handia duten mendizaleentzat izango dira, ezta?

Bai horixe, esperientzia behar da: teknikoki oso-oso ondo entrenatutako jendea joan izan da mendi horietara. Han arrisku handiak hartzen dira, denoi pasatzeko modukoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.