Sarri aipatzen da Brasilen dagoen tximeleta baten mugimenduak urakana eragin dezakeela planetaren beste muturrean. Eguraldian parte hartzen duten prozesuen konplexutasuna adierazteko erabili ohi den adibidea da. Eguraldia ez baizik etorkizunean klimak izango duen bilakaera aztertu nahi izanez gero, are zailagoa izango da prozesu hori zertan izango den asmatzea. Horrek ez du esan nahi, ordea, fenomeno konplexu horiek aurreikusterik ez dagoenik. Aurtengo Fisikako Nobel sariazeregin horretan aritu diren hiru zientzialariri eman diete, hain justu.
Stockholmeko Karolinska institutuak atzo ezagutarazi zuen Syukuro Manabe, Klaus Hasselmann eta Giorgio Parisi ikertzaileek jasoko dutela saria, «sistema fisiko konplexuen inguruan dugun ezagutzari egin dioten ekarpenagatik».
Hiru zientzialari horietatik biklimaren bilakaera ulertzen ahalegindu dira, eta saria erdi bana jasoko dute; Manabe japoniarrak eta Hasselmann alemanak klimaren modelizazio fisikoa landu dute, «berotze globala eta aldakortasuna modu fidagarrian aurreikusiz», Karolinska institutuaren hitzetan.
Manabek frogatu zuen atmosferako karbono dioxidoa handitzeak tenperaturen igoera dakarrela. 1960ko hamarkadan klimari buruzko eredu fisikoak garatu zituen, eta, Suediako Zientzien Errege Akademiaren arabera, Eguzkitik jasotzen den erradiazioaren eta aire masen mugimendu bertikalen artean dagoen elkarrekintza ikertu zuen aurrena izan zen. Hasselmannek eguraldia eta klima lotzen zituen eredu bat sortu zuen. Haren ekarpenak Manaberen lana berresten lagundu zuen, karbono dioxidoaren eta tenperaturen igoeraren arteko harremana agerian utziz.
Desordena iragarri
Sariaren beste erdia Parisi italiarrari eman diote; «eskala atomikoetatik eskala planetarioetara, sistema fisikoetan izaten diren desordenaren eta gorabeheren artean dagoen elkarrekintza aurkitzeagatik».
Saridunen berri ematean, Fisikako Nobel sariko batzordeko presidente Thors Hans Hanssonek nabarmendu zuensaridunek erakutsi duela klimaren gaineko ezagutzak «zientzia oinarri sendoa» duela, eta «behaketen analisi zorrotz batetik» abiatzen dela.
Klima leitzeko gakoei Nobela
Klima sistema eta beste hainbat fenomeno konplexu deskribatu dituzten hiru ikertzaileri eman diete aurtengo Fisikako Nobel saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu