Etimologiak berak funtsezko arrasto bat ematen du gaiari neurria hartzen laguntzeko. Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren Fonética histórica doktore tesian jasota dago oso hitzean duela sorburua osasuna hitzak: os(a)-arzun. Ikuskera hori, osotasunarena, ezinbestekoa da klima larrialdiak gizakien osasunean ere badituen eraginak ulertzeko. Berandu baino lehen egin beharreko ariketa da, arlo horretan lanean ari diren ikertzaileen arabera.
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak apirilean atera zuen egoerari buruzko azken txostena, eta mardula da osasun ondorioez ari den atala ere. Eduki horren laburpena egin du, BERRIAk eskatuta, kapituluaren ardura izan duten adituetako batek, Robert McLeman ikertzaileak. Wilfrid Laurier Unibertsitatean ari da, Ontarion (Kanada). Nabarmendu du osasunaren ikuskera «holistiko» bat behar dela auzia ondo ulertzeko: «Guztiz. Klima aldaketaren eraginik kezkagarrienak ia beti arazo bihurtzen dira osasunarentzat, eta osasun sistementzat».
Ikusi gehiago:Kezkaren zuztarrak ahantzi gabe
Beroa izan da uda, erruz hitz egin da bero boladez, baina ikuskerak haragokoa izan behar du: «Bero handiagoa arrisku ugarietako bat besterik ez da; uholdeak, ekaitzak eta lehorteak ere arrisku faktore garrantzitsuak dira». McLemanen hitzetan, klima aldaketak osasunean dituen ondorio «zuzenak» daude, batetik. Beroak eragindakoak, adibidez: «Arnas aparatuko eritasunak, arazo kardiobaskularrak eta ospitaleratzeak eragiten dituzten muturreko bero gertaerak hor daude». Baita bestelako muturreko fenomeno meteorologikoen ondoriozkoak ere: «Uholdeen, ekaitzen eta antzekoen ondorioz, zaurituak, heriotzak eta edateko uraren hornidura kutsatzen duten arazoak izaten dira». Eta gaixotasunak hedatzea bera arazo da: «Izan ere, gaixotasun bektoreak, eltxoek eta akainek-eta eragindakoak, eremu berrietara heda daitezke».
UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da Jaime Martinez-Urtaza, klima larrialdiak osasunean izango dituen ondorioak aztertzeko The Lancet aldizkariak martxan duen The Lancet Countdown ikerketa taldeko ikertzailea, eta nabarmendu du klima aldaketaren ondorio hori hemen dagoela jada. «Gero eta zona gehiago dira egokiak bektoreentzat; gune tropikaletatik iparralderakoa izaten da normalean joera». Baina patogenoen kartografia eraldatuaz haragokoa da arazoa: askoz ere zabalagoa. Hain justu, ondorio «zeharkakoei» ere erreparatu behar zaiela adierazi du McLemanek. Kliman dauden aldaketek «elikagaien ekoizpenean eta elikadura sistemetan» eragiten dituzten arazoen ondorioz, esaterako, zeharkako arazoak izateko arriskua hor dela oroitarazi du, eta onartu du tokirik behartsuenetan izango dela bereziki gordina: «Desnutrizio tasa handiagoak ager daitezke, adibidez».
Ikusi gehiago:«Egiten den politika orotan lehenetsi behar da osasuna»
Horiek horrela, klimarekin lotutako aldagaiez harago, osasuna usu ulertzen den era hertsiaren mugak gaindituta, faktore sozial eta ekonomikoak aintzat hartu behar direla adierazi du McLemanek, eta osasun sistema publikoak sendotzera ere egin behar dela.«Osasun sistemek presio handiagoa izango dute klima aldaketaren ondorioz; sistema horiek presio gehigarri bati aurre egiteko gai izateko inbertsioak egitea ona da beti». Beste alor batzuetan ere inbertitu behar da: «Edateko ur sistemetan, saneamendu sistemetan, kalitate handiagoko etxebizitzen eraikuntzan». Eta «osasun onaren» zimenduei ere erreparatu behar zaie: «Elikadura osasuntsuaren sustapenean eta nekazaritza iraunkorrean inbertsioak egin behar dira». Buruko osasuna ahantzi gabe: «Osasun sistemek prest egon behar dute osasun mentala zaintzeko eske gehiago izateko».
Horren guztiaren premia agerikoa da planeta osoaren egoera aintzat hartzen duten txostenetan, arlo horretan ari diren ikertzaileen begiradetan. Tokian tokiko errealitateetan ikusten zailagoa da sarri. «Klima aldaketak ez du eragin bera planeta guztian; batez ere, eskualdeka ikusten da fenomeno hori», esan du Martinez-Urtazak. Horren ondorioz, maiz ez da erraza gizarteari arazoaren «larritasun pertzepzioa» helaraztea. Osasunaren aldagaia tartean sartuta gaia ezagutaraztea oraindik ere ariketa zailagoa dela nabarmendu du, gainera. «Zaila da fenomenook komunikatzea. Hain dira konplexuak! Hainbeste aldagai daude tartean...». Carlos III ikerketa zentroan ari da gaiok ikertzen Julio Diaz Jimenez, epidemiologiaren eta bioestatistikaren arloan dihardu, eta bera ere kezkatuta dago komunikatzeko zailtasunen makurrarekin. Arranguraz ikusten du, esaterako,«klima eta eguraldia» nahastera egiten dela usu, eta halako mezu okerretan oinarrituta «negazionisten» mezuak zabaltzen ari direla gero eta ozenago gizartean.
Baina planeta osora begira dagoen talaian diharduten zientzialariek zer ikusten duten kontatzeko ardura sentitzen dute. Diaz Jimenez: «Arazoa larria da». IPCCren txostenak horren erakusgarri dira. «Tamalez, aurreikuspenak betetzen ari dira, ezin saihestuzko eran», esan du: «Lehen 50 urtean behin gertatzen zena orain hogei urtean behin gertatuko da, gero hamar urtean behin; aurrerago, urtero gaindituko dira errekorrak». Horrek osasunean izango dituen arazoez aritzeko, ikuskera zabala behar da, konplexua, argi ulertuta interkonexioz lotutako fenomeno multzo bat hartu behar dela kontuan. Diaz Jimenezek bero boladak hartu ditu adibide erakusteko dena lotuta dagoela: dena.
Aldagaien kate luzea
«Bero boladekin, ugaritu egiten dira, adibidez, suteak basoetan», gogoratu du. Ezin da pentsatu horiek basoetan eta inguruetako biztanleetan bakarrik eragina dutenik. «Ikusi izan da, adibidez, AEBetako ekialdeko kostan gertatutako suteen arrastoak iristen direla Espainiaraino», azaldu du. Suteen «txano hodeiak» aztertuz egindako hainbat ikerketak argi erakutsi dute hori. «Osasunean eragina dute halakoek; areago epe motzeko hilkortasunean ere bai». Baina Diaz Jimenezek deskribatu nahi duen katearen hasiera besterik ez da hori; katebegi asko falta dira. Bero boladekin, «lehorteak ere areagotu» egiten dira, adibidez. «Eta jendeari kosta egiten zaio ulertzea, baina horiek ere eragina dute». Osasun arazo askoren sorburua dira: «Lehortea dagoenez, elikaduraren transmisioaren bidezko gaitzak eta transmisio hidrikoaren bidezko eritasunak ere ugaritu egiten dira». Eta gehiago ere bada: «Gutxi aipatzen da, baina bero bolada bat dagoenean, adibidez, ozonoak ere gora egiten du, oso era nabarmenean. Eta horrek intzidentzia argia du osasunean eta heriotzetan». Izan ere, «kutsadura» motibo izaten da fenomenoa.
Ikusi gehiago:Nola eraiki hiri osasuntsu bat larrialdian
Interkonexioen amaraun konplexu horri neurria hartzeko eskea da Diaz Jimenezena: «Bero bolada bat badut tenperatura igotzen duena, kutsadura ere igotzen duena, lehorteak gogortzen dituena eta suteak ere areagotzen dituena, ez du zentzu handirik soilik tenperaturara begira geratzeak». Ikuspegi zabal eta konplexu horren beste adibide bat jarri du Martinez-Urtazak ere: «Izan ere, klima krisia prozesu konplexua da, eta aldagai asko ditu. Bektoreen kasuan, esaterako, erraza da identifikatzen». Baina lausoagoa da beste askotan: «Demagun Afrikako herrialde batek kontrolatuak dituela gaixotasun jakin batzuk hiri batzuetan. Baina demagun hirigune horien inguruetan lehortea dutela, eta landa inguruetako jendea hirietara joaten hasten dela. Prozesu migratorio bat dago hor, jende berria heldu da hirira, eta hor agertzen has daitezke hirian ja kontrolpean zeuden eritasunak. Klima aldaketaren ondorio bat da? Hotzean aztertuta, kontrolik gabeko migrazio baten ondorioa da, baina sorburua klima aldaketa da», nabarmendu du. «Beraz, aztertzen hasten bagara, prozesu askoren atzean egongo da klima aldaketa», ohartarazi du. «Adibidez, gero eta gune basati gehiago okupatzen baditugu lehortearengatik, edota uholdeen ondorioz, ingurumenaren hondatze horrek guztiak zoonosi arriskua handituko du».
Garrantzia du ohartarazpenak, COVID-19a bera zoonosi bat baita, animalietatik gizakietara heldutako birus batek eragindako gaitz bat. Hori nabarmendu egin behar dela uste du Diaz Jimenezek ere: «Ezin da esan klima aldaketak, esaterako, zuzenean COVID-19a eragin duenik... Baina aldaketak berekin dakar espezieen arteko interakzioa handitzea, eta, ondorioz, zoonosiak gertatzea».
Osasuna eta ingurumena
Martinez-Urtazak argi du aldaketa «sakonak» behar direla osasun ikuskera klima larrialdian txertatzeko. «Ez bagara izadiarekin orekan bizi, gu ez gara osasuntsu egongo. Oso printzipio zaharra da hori, zibilizazio askok argi izan dute, baina igaro urteotan industrializazio basatian ardaztu da garapen osoa». Eta badaki lan zaila dela hori iraultzea: «Alegia, ez da erraza jendeari esatea arazo hau hain zaila denez soilik bizi aldaketa batera eraman gaitzakeela: modu orekatu batean bizitzera». Aldaketa sakonak behar dira, eta askotarikoak: «Bizitzeko moduan, mugitzekoan, hiriak artikulatzekoan». Eta traba handiak ikusten ditu: «Interes ekonomiko asko daude honek ez dezan izan dagokion tokia. Hori ere kontuan izan behar da».
Diaz Jimenezen arabera, ikuspegi oso batetik erantzun behar dute instituzioek, eta ez da beti erraza lortzen. «Guk, adibidez, urteak daramatzagu Osasun Ministerioari esaten plan integratuak behar ditugula. Ezin da plan bat eduki tenperatura beroei begira bakarrik...», kritikatu du. Areago, datorren erronkari erantzute aldera, batera nahi lituzke Osasun eta Ingurumen ministerioak. «Jendeak aparteko arazo gisara ikusten ditu ingurumen arazoak eta osasun arazoak, aparte lantzen direlako. Baina batera landu behar lirateke», adierazi du. «Beti transmititu zaigu honek guztiak lotura zuela ekosistemekin, bioaniztasunarekin; askotan ahalegina egin da ez lotzeko osasunarekin, baina osasun arazo bat da», azaldu du. «Hau ez da soilik hartzen arazoa, katamotzena, basoiloena; giza osasun arazo bat ere bada hau guztia», azaldu du. «Jakina, biodibertsitate arazo bat ere bada. Baina baita osasun publikoko arazo bat ere. Ikuspegi hori nagusitu behar da».
Eta horri aurre egiteko, neurri zehatzak ere hartu behar dira, tokian tokiko egoerara egokituak. «Istripua izango dugu, argi dago hori, tenperaturen igoera agerikoa baita. Kolpea hartu egingo dugu; ez da gauza bera, ordea, orduko 30 kilometroan edo orduko 70 kilometroan hartzea. Ahalik eta motelen joan behar dugu. Eta ahalik eta ibilgailu seguruenean. Eta istripua dugunerako, halaber, ahalik eta lantalderik trebatuenak eduki beharko ditugu prestatuta».
Beste medikuntza batera
Martinez- Urtazak uste du bide horretan oraingo errezetek ez dutela balio: berriak asmatu behar dira. «Beste osasun baterako bidea egin behar da. Ez da pazienteak artatzen ari den medikuaren ikuskera. Orain behar dira, orobat, klima adituak, ingurumen adituak, zoonosi adituak... Nola aldatu osasun taldeak? Hor dago beste erronka handia. Orain arte klinikoak izan dira, batez ere, ikuskerak. Nola egin beste ikuspegi oso hori aintzakotzat hartuko duen medikuntza batera? Hor dago beste erronka handi bat, eta kosta egiten da horren berri ematea ere».
Ikusi gehiago:Datorrenari aurrea hartuz
Klima larrialdia. Osasun ondorioak
KLIMA LARRIALDIAREN OSASUN LARRITASUNAK
Klima aldaketaren ondoriozko arazoek zuzenean eragiten dute gizakien osasunean ere, eta, horregatik, gero eta premiazkoagoa izango da politikak eta proposamenak egitea ondorio horiei aurre egiteko eta aurrea hartzen ahalegintzeko; osasunaren ikuspegi zabal eta osoa behar da auziari neurria hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu