Gipuzkoako eragile ekologista, sozial eta sindikal zenbait elkartu egin dira klima larrialdiari aurre egiteko, eta Larreko Mahaia taldea osatu dute. Klima larrialdiaren inguruko kontzientzia zabaltzea, alternatibak proposatzea eta «herritarren lidergoa» sustatzea dute helburu, besteak beste. «Ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen eredu aldaketarantz herritarrak aktibatzeko eta presioa egiteko jaio gara», adierazi zuten atzo Donostian egindako aurkezpenean.
Ingurumenean ere gizarteak erabakimena izan behar duela aldarrikatu du taldeak: «Gizarteak kudea dezala larrialdi hau, erabakitzeko eta kontrolatzeko ahalmen osoarekin, ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe». Borrokak eta belaunaldiak uztartu nahi dituzte: «Gipuzkoan denbora luzez lanean aritu diren kolektiboen eta gazte indarrez sortutako mugimenduen arteko lana sustatuz, baita eragile sozial eta sindikalen arteko elkarlana sustatuz ere». Hala, plataformako bultzatzaileen artean daude talde ekologistak (Greenpeace, Eguzki, Extinction Rebellion), errauste plantaren aurka sortutakoak (Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS), sindikatuak (LAB, CCOO, Steilas, EHNE) eta gazte erakundeak (Ernai).
Xedeen artean aipatu dituzte kontsumoa murriztea eta «tokiko harreman justuagoak» garatzea, mugikortasuna birplanteatzea, eta energiaren produkzioa eta erabilera aldatzea. Auzia globala den arren, eremu lokala aktibatzea ezinbestekotzat jo dute.
Erraustegia adibide
Ildo horretan, adibide gisa jarri dute erraustegiaren aurkako borroka. Hondakinen kudeaketak larrialdi ekologikoan «zuzeneko eragina» duela esan dute: «Ezin dugu onartu klima aldaketa eragiten duten gasak isuriko dituen instalazio bat». Hartara, neurri zehatzak eskatu dizkiote Gipuzkoako Aldundiari: «Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea».
Klima larrialdian «herritarren lidergoa» aldarrikatu dute
Larreko Mahaia taldea sortu dute Gipuzkoako hainbat eragile sozial, ekologista eta sindikalek, krisi ekologikoaren aurrean «presioa egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu