Klima larrialdia ukaezina da. Eta gutxieneko horretatik abiatuta, larrialdi horren aurkako borroka nola komunikatu, horixe izan zuten hizpide Donostiako Miramar jauregian elkartutako hainbat adituk joan den astean, EHUren Udako Ikastaroek eta Ihobek laugarren urtez antolatu duten Ingurumen Komunikazio Eskolan. Hizlari guztiak ados daude informazio asko jasotzen dela egun, baita klima inguruko gaiei buruz ere, eta, Fernando Javier Valladaresek CSIC zentroko zientzialariak azaldu zuenez, horrek galduta egotearen sentsazioa areagotzen du.
Valladaresek uste du jendeak «denbora gehiegi» ematen duela aktualitateari begira, eta gutxi horren atzean dagoena ulertzeko. «Uste dut dibulgaziorako urratsa egiten duten zientzialari gehiago behar ditugula, gutxi baitaude gaur egun». Valladaresek azaldu zuen gai bakoitzarekin sentimendu asko sortzen direla; esaterako, beldurra eta esperantza. Eta, haren ustez, beharrezkoak badira ere, neurriz jokatzearen garrantziaz ohartarazi zuen, eta nabarmendu beldur askok, adibidez, jendea geldiaraz dezaketela: «Sentimendu koktel bat da, eta, ondo kudeatuta, gauza handiak lortu daitezke».
«Uste dut dibulgaziorako urratsa egiten duten zientzialari gehiago behar ditugula, gutxi baitaude gaur egun»
FERNANDO JAVIER VALLADARESCSIC zentroko zientzialaria
Elkarlanerako gogoa da, Valladaresentzat, ezinbesteko beste osagai bat: «Inoiz ez gara guztiz zoriontsuak elkarrekin egon gabe». Osagai horren indarraz ere hitz egin zuen Yayo Herrerok, ekintzaile ekofeministak eta ikerlariak. Eta Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioarekin batera egindako Klimaren Aldeko Herritarren Batzarra jarri zuen adibide gisa. Azaldu zuen korronte politiko askotariko dozenaka herritar elkartu zituztela, eta, talde txikietan eztabaidan eta irtenbide bila jardun ostean, emaitzak «ikaragarriak» izan zirela: «Diagnostikoak birrintzaileak ziren. Izugarrizko proposamenak atera ziren batzarretatik».
Krisia ulertzearen beharraz
Mugimendu ekologistak azken hamarkadetan «lorpen handiak» izan dituela goratzen hasi zen hizketan Herrero, baina, beste mugimendu askok bezala, uste du oraindik egin gabe duela gizartean «errotuta» dagoen «antropologia sakonaren» eraldaketa: «Gizarte honetan giza gorputza ikasi dugu naturaren parte ez balitz bezala». Horrez gain, uste du beharrezkoa dela ekonomia ereduaren eta politikaren eraldaketa bat ere.
«Askotan proposamen oso logikoak baztertzen dira, ez dituztelako lanpostuak sortzen edo ez dutelako ekonomia azeleratzen»
YAYO HERREROEkintzaile ekofeminista eta ikertzailea
Egungo pentsamendu ekonomikoa «erlijio zibil» gisa definitu zuen Herrerok, «non dena sakrifikatu daitekeen ekonomia hazten bada». «Logika hori oso errotuta dago gizartean, eta askotan proposamen oso logikoak baztertzen dira, ez dituztelako lanpostuak sortzen edo ez dutelako ekonomia azeleratzen». Hori dela eta, Herrerok gogorarazi zuen lan handia egin dutela sindikatuekin eta nekazarien elkarteekin, «ekoizpen sektoreetan ari direnekin», ulertarazteko planetaren eta gizartearen jasangarritasunak ez daudela kontrajarrita; kontrara, elkarri hertsiki lotuta daudela uste du ikertzaileak. «Gertatzen zaizkigun gauza asko ezin dira azaldu pairatzen dugun krisi ekosozial sakona aintzat hartu gabe».