Ingurumena. Klima larrialdia

Klima larrialdia salatzeko, grebak eta mobilizazioak

Gaur hasita, hainbat ekintza antolatu dituzte Euskal Herriko hiriburuetan Klima Larrialdirako Aliantzak eta FFFk. Irailaren 27an, ekologistek greba orokorra egingo dute mundu osoan

Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da mundu osoan klima larrialdiaren harira mugimendu ekologistak antolatutako duten protesta astea, eta Euskal Herria ez da salbuespena izango. Mobilizazioak egingo dituzte hiriburu nagusietan, eta datorren ostiralerako, hilaren 27rako, greba orokorrera deitu dute.

Bilbon, Klima Larrialdirako Aliantzak ostiraleko greba deialdiarekin bat egin zuen atzo goizean. Klima «larrialdi egoeran» dagoela gogoratu zuen, «produkzio eta kontsumo eredu desegoki» baten erruz; aliantzako kideen hitzetan, «arriskuan dago zenbait animalia eta landareren bizia, baita gizakiona ere». Hori konpontzeko, zenbait eskari egin zituzten ekologistek: erakunde publikoei eskatu zieten lanbide alternatiboetan inbertsioak egiteko, produkzio sistema aldatzeko, gizartearentzat beharrezkoa dena soilik ekoizteko eta gertuko produktuak kontsumitzeko, eta «berehala» larrialdi egoera ezartzeko. Ildo horretan, hilaren 27ko mobilizazioan kontsumo greba ere egitea proposatu dute.

Aste osorako egitarauak

Besteak beste, Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek eta ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek osatzen dute Klima Larrialdirako Aliantza. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken bi sindikatu horiek izapidetuko dute greba deialdia legez. Kolektibo horrek, Fridays For Future gazte mugimenduarekin batera, mobilizazioak, lanuzteak eta abar antolatu ditu irailaren 20tik 27ra Hegoaldeko lau hiriburuetan: Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Bilbon, udaletxean amaituko den ikasleen grebara gehituko dira gaur, 19:00etan; datorren ostiralean, kontzentrazio bat egingo dute goizez, eta manifestazioa arratsaldez. Bitarte horretan, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte, baita Arrigunagako (Getxo) hondartza garbitzeko jardunaldi bat ere.

Iruñean ere aste osoan zehar egingo dira antzeko jarduerak: kontzentrazioak, dantza saioak eta musika jaialdia, Arga ibaia garbitzeko lanaldi bat, erakusketak... Gasteizen, berriz, irailaren 27ko manifestazioa 12:00etan izango da, Plaza Berrititik abiatuta; Donostian, 18:00etan egingo dute topo, Alderdi Ederren.

Ipar Euskal Herrian, Fridays For Future eta Bizi mugimenduak ari dira mobilizazioak prestatzen. Gaur bertan manifestazio bat egingo du FFFk, 8:15etatik aurrera, Rene Cassin Lizeotik abiatuta; beste ikastetxeetatik ere pasatuko dira, gainerako ikasleak biltzeko. Horretaz gain, klimaren asteari lotuta, jarduerak egingo dituzte egunero, 27ra arte. Bizi mugimenduak larunbatean egingo du manifestazioa Baionan: Klima eta justizia sozialaren aldeko martxa herrikoia 15:00etan aterako da, Paul Bert plazatik. San Izpiritu zubiaren «okupazio alaia» ere egingo dute Lapurdiko hiriburuan.

Nazioarteko mugimendua

Ipar Euskal Herriko Fridays For Future taldearen arabera, munduan gutxienez 3.500 ekitaldi antolatu dira jada, 120 herrialdetan. Hedabideetara zabaldutako oharrean, kolektiboak nabarmendu du klima krisia «mundu mailakoa» dela. Azken asteetako adibideak erabili ditu horretarako: lehorteak; uda honetan izan diren tenperatura altuak; suteak Amazonasen, Afrika eta Siberian; urakanak Ipar Amerikan...

Greba deialdiak bat egingo du Nazio Batuen Erakundeak datorren astelehenean New Yorken egingo duen klimaren gailurrarekin. Topaketa horren bidez, NBEk Parisko Akordioa ezartzeko beharrezkoak diren neurriak zehaztu nahi ditu: «Ideiak plan zehatz bihurtu» nahi dituztela adierazi dute arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.