Klima larrialdia eta giza eskubideak lotu dituzte jardunaldi batzuetan

Mugarik Gabe elkarteak antolatuta, Bizitza Jokoan nazioarteko bilkura egiten ari dira Bilbon

Klima larrialdiaren kontako agerraldi bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA - FOKU
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 1a
17:54
Entzun

Gaur hasi dira Bizitza Jokoan izeneko jardunaldiak, Bilbon. Ostegunera arte, «bizitza, lurra eta eskubideak» izango dira Mugarik Gabe elkarteak antolatutako bilkuraren ardatza; zenbait kazetarik, ekintzailek, unibertsitate irakaslek eta bestelako adituk egoeraren azterketa egingo dute, eta horren aurreko proposamenak ere egingo dituzte. Politikariek ere esku hartuko dute jardunaldietan, zenbait alderdi politikotako ordezkariek egingo duten mahai inguruan.

Mugarik Gabe elkarteak nabarmendu duenez, begi-bistakoa da klima larrialdia bizitzaren kontrako mehatxu larria dela. Eta ez bakarrik etorkizunerako hipotesi gisa; gaur egun, klima larrialdiari buru egin nahi dioten ekintzaile ugarik bizitza arriskatzen dute: «Bizitza jokoan, bizitza defendatzeagatik», elkarteak esan duen bezala. 2016an Hondurasen hildako Berta Caceres ekintzailearen kasua jarri dute horren adibidetzat.

«Mundu osoan etengabeak dira eskubideak eta natura defendatu eta klima larrialdiari aurre egiten dioten pertsonen, bozeramaileen edo liderren aurkako mehatxuak, jazarpena eta indarkeria», azaldu dute Mugarik Gabekoek. «Horren atzean dauden eragileak ezagutzea eta zein interes eta botereri erantzuten dioten jakitea funtsezkoa da jardun ahal izateko».

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatuak eman diete hasiera jardunaldiei. Bihar, mahai inguru eta hitzaldi ugari izango dira; besteak beste, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP alderdietako ordezkariak bilduko dituen mahai inguru bat, Euskadiko talde politikoak klima larrialdiaren eta eskubide urratzeen aurrean goiburupean. Hondurasen giza eskubideak defendatzeagatik indarkeria eta jazarpena pairatzen duten emakumeen auzia, Espainian parke eolikoek eta meatzaritzak ekarritako arazoak eta Kolonbiako Cerrejonen ikatz meategien inguruan dagoen gatazka ere hizpide izango dituzte zenbait hitzalditan.

Ostegunean, berriz, «krisien aurreko komunikazio kritikoa» landuko dute mahai inguru batean, zenbait hedabidetako ordezkariekin. Han izango dira Gara eta Naiz hedabideetako Iñaki Soto, Guatemalako Prensa Comunitaria-ko Quimy de León eta Espainiako LaMarea-ko Patricia Simon, besteak beste.

Jardunaldi hauen bidez, Mugarik Gabe elkarteak agerian utzi nahi du «klima larrialdiari aurre egiteko denbora agortzen» ari dela, eta «pertsonen bizitza, lurra eta eskubideak jokoan» daudela: «Inoiz baino beharrezkoagoa da bizitza defendatzen dutenak babestea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.