Maite Ezquerro. Mugarik Gabe GKEko kidea

«Klima krisiak berekin ekarriko du giza eskubideen krisi bat»

Klima krisia izan beharrean, zibilizazio krisi bat dela adierazi du Ezquerrok: «Guztiok jateko, arnasteko edo bizirik irauteko behar ditugun baliabideak geroz eta kaltetuago daude, eta murrizten ari dira».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bizitza jokoan...klima krisia edo zibilizazio krisia? EHUko udako ikastaroa antolatu du Maite Ezquerro (1982, Salamanca) Mugarik Gabe GKEko kideak, talde bereko Xabier Martinezekin batera. Klima larrialdiak giza eskubideetan eta hegoaldeko herrialdeetan daukan eraginaz aritu dira.

Ikastaroaren izenburuari erantzunez... Klima krisia da edo zibilizazio krisia?

Ez da soilik klima krisi bat, harago doan zibilizazio krisi bat baizik. Normalean klima krisiaz hitz egiten da, baina guk nahiago dugu kontzeptu hori ez erabili, hitzak berak esanahi leunago bat duelako. Gaur egun dugun krisia ez da soilik klimarena; soziala da, ekonomikoa, ekologikoa eta baita zaintza krisia ere.

Zer ondorio ditu horrek?

Itsasoko maila edo tenperaturak igotzea baino gehiago da: baliabide naturalak agortzen ari dira, kutsadura handia dago... Hori guztia klima krisia baino gehiago da. Esaten ari garena da guztiok jateko, arnasteko edo bizirik irauteko behar ditugun baliabideak, lurra, ura eta airea, geroz eta kaltetuago daudela, eta murrizten ari direla. Horregatik esaten dugu zibilizazio krisi bat dela, ez klima krisia.

Zer eragin izango du klima krisiak giza eskubideetan?

Galdera horri erantzutea izan da berriki egin dugun Bizitzak jokoan kanpainaren helburu nagusietako bat. Bertan, mahai gainean jarri nahi dugu askotan klima krisiaz hitz egitean soilik gauza teknikoei buruz hitz egiten dela, baina, kontrara, ez da ikusarazten klima krisiak berekin ekarriko duela giza eskubideen izugarrizko krisi bat. Eta ez da etorkizuneko kontu bat, jada gertatzen ari den zerbait da. Gainera, era oso bidegabean gertatzen ari da: krisi honetan gutxien eragin duten herrialdeak pairatzen ari dira ondorio latzenak.

Zeintzuk dira herrialde horiek?

Klima krisiak gehien eragingo dien herrialdeen zerrenda ikusiz gero, argi dago hegoaldeko herrialdeak direla. Industrializatu gabe dauden herrialdeak dira; gutxi kutsatzen dute, baina, halere, desertifikazio indizerik handiena dute, eta hondamendi natural eta gainerako hondamendi gehienak bertan gertatzen dira.

Zer eragin dauka klima aldaketak herrialde horietan?

Ezin dugu ahaztu planetako eremu askotan jende asko bizi dela lurra lantzetik. Beraz, horrelako eremu batean enpresak sartzen badira, eta horren ondorioz desertifikazio prozesu bat badago, errekak lehortzen badira edo ura kutsatu edo kentzen badiete, zer gertatzen da? Bada, migrazioak gertatzen dira, eta derrigorrez jendea mugitzen dela, lehen bizigarriak ziren eremu askok jada ez dituztelako bizitzeko baldintzak. Baliabide naturalak ere agortzen ari dira, eta, horren ondorioz, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari da.

Bizitzak jokoan kanpainarekin batera, Latinoamerikako kasu batzuk aztertu dituzue.

Bai. Lau kasu aztertu ditugu Latinoamerikan: bat Hondurasen, beste bat Kolonbian, beste bat Guatemalan eta bestea Paraguain. Guatemalan, esaterako, zentral hidroelektrikoak aztertu ditugu, eta mahai gainean jarri dugu energia berriztagarrietara aldatzea inolako inpaktu ekologiko edo sozialik edukiko ez balu bezala saltzen digutela, baina hori ez dela horrela. Zentral hidroelektrikoen industria horiek ibaiak lehortzen ari dira, lurra kutsatzen ari dira, eta bertako komunitateak beren lurretatik kanporatzen ari dira. Kanporaketa horiek, gainera, modu ilegalean gertatzen dira askotan; komunitateei baimena derrigorrean eskatu behar diete ezarriko den proiektuari buruz, baina ez dute egiten.

Paraguaiko kasua da gutxien ezagutzen direnetariko bat.

Bai. Han, Europako legeen bidez debekatu egin dute palma landarea lantzea: arrisku handiko laborea dela ezarri dute. Horregatik, sojarekin ordezkatu dute orain. Baina modu agroindustrialean egiten dabiltza aldaketa hori. Petrolioa erabiltzen dute, eta berotegi efektuko gas asko isurtzen dituzte; deforestazio handia ere eragiten du, lurra beste modu batean erabiltzeagatik. Gainera, Espainia da soja horren erosle handietako bat. Ematen du nekazaritzak ez duela kutsatzen, baina eredu agroindustrial hori gehien kutsatzen duten industrietako bat da.

Latinoamerikan ingurumenaren defendatzaileek jasaten duten diskriminazioa ere salatu duzue.

Bai. Gaur egun edonork onartzen du klima krisi batean gaudela, eta balioa eman beharko genioke lurrari, ondasun kolektiboak kontserbatzeko bidean, eta bere ingurunearekin orekan bizitzeko ahalmena daukaten gizarteak hartu beharko genituzke eredutzat. Baina guztiz kontrakoa egiten ari gara; natura defendatzen duten pertsona horiek kriminalizatzen.

Zer bizipen izaten dituzte pertsona horiek?

Deslegitimatu egiten dituzte. Pertsona asko daude lurralde horietatik irten eta exiliatu beharra dutenak, mehatxatuta daudelako. Beste batzuk kartzelara sartzen dituzte, eta beste asko erail. Eta ez dira kasu bakan batzuk, eguneroko kontu bat da dagoeneko. Uste dugu hori ere zuzenean lotuta dagoela baliabideak agortzearekin. Geratzen diren baliabide urri horiek lortu nahi dituzte enpresek, eta, modu onean ez bada, txarrean lortzen dituzte, askotan paramilitarrekin edo bertako gobernuetako armadarekin elkarlanean.

Zer eginkizun dauka auzi honetan Mendebaldeko gizarteak?

Uste dut gure gizarteak aldaketa handi bat behar duela, eta, gainera, guk geuk, pauso bat aurrera eman, eta aldaketak eskatu behar ditugu, agintariei presio eginez. Egin behar diren aldaketak horren handiak dira, erakundeek ez dute ausardiarik izango horiek egiteko presio sozialik ez badago. Ez da nahikoa birziklatzearekin edo janari ekologikoa erostearekin. Uste dut aldaketa behetik gora egin behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.