«Klima erronkei» aurre egiteko legea onartu du Nafarroako Gobernuak

Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko lege proiektua onetsi dute. Jarraian, testua parlamentuan eztabaidatuko dute

Bardeako Eguarasko barrutia, suak kiskalita, udan. NAFARROAKO GOBERNUA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak urrats bat egin du klima larrialdiaren kontrako borrokan. Atzo egindako bilkuran, klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko lege proiektua onartu zuen. Testua parlamentura bidaliko dute orain, han eztabaidatzeko. Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak adierazi zuen legea Nafarroak izango duen «tresnarik garrantzitsuena» dela klima larrialdiak sortutako egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

«Legea zehatza da, eta asmo handikoa. Administrazioei, enpresei eta pertsonei eragingo dieten neurri zehatzak ezartzen ditu, berotegi gasak arintze aldera eta Nafarroako Foru Erkidegoan energia eredu berri bat antolatzeko», azpimarratu zuen Gozemek. Haren arabera, klima aldaketak urrats «zehatzak, irmoak eta berehalakoak» exijitzen ditu, eta bide hori abiatu nahi izan dute. Legebiltzarrean egindako ekarpenekin legea «aberastea» espero duela onartu zuen.

Hainbat arlo jasotzen ditu Nafarroako Gobernuak onartutako legeak: eraikuntza, argiztatze publikoa, mugikortasuna eta energia berriztagarriak, besteak beste.

Energiari dagokionez, lege proiektuak hainbat neurri eta xede ezartzen ditu. Tartean, 2025etik aurrea administrazioak, toki entitateek eta haien erakunde publikoek kontsumitzen duten energia elektrikoaren erdia energia berriztagarrietatik jasotzea, eta guztia 2030etik aurrera; bost urtetan urteko 1.000 kWh baino gehiago kontsumitzen duten nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek energia berriztagarriak eskuratzeko iturriak jartzeko betebeharra; 2030etik aurrera tamaina handiko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek erregai fosilak erabiltzeko debekua; edota eguzki energiako instalazioak hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatzea lehenestea. Gainera, jakinarazi zuten Nafarroako Gobernuak zentral termikoak «aldatu, itxi edo ordezkatzeko» ekintzak finkatuko dituela.

Mugikortasuna ere mugatuko dute: hala nola 5.000 biztanletik gorako udalerriek mugikortasun plan iraunkorrak onartuko dituzte; eta foru legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, Nafarroako sektore publikoko erakundeek erositako edo erakunde horiekin sinatutako kontratu publikoetan aplikatutako ibilgailu arin guztiek zero emisiokoak edo karbono isuri neutrokoak izan beharko dute.

Bestalde, 2025a baino lehen, bizileku gisa eta hirugarren sektorerako erabiltzen diren eraikin guztiek Nafarroako ziurtagirien erregistro publikoan erregistratutako kalifikazio energetikoaren ziurtagiria izan beharko dute. Neurri gehiago ere ezarriko dituzte beste eremu batzuetan.

Gobernantza

Testuak garatutako neurriez gain, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Trantsizioko Agentzia sortzeko tramiteak hasi beharko ditu urtebeteko epean. Bestalde, bi plangintza tresna izango ditu: Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoa eta Klima Funtsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.