Klima aldaketaz, betaurreko moreekin

Lorena Aguilar adituak ohartarazi du klima aldaketak inpaktu handiagoa duela emakumeengan, eta «korapiloak askatzera» deitu du. Izaskun Landaidak eskatu du trantsizio ekologikoa genero ikuspegitik lantzeko.

Klima aldaketaz eta generoaz hausnartzeko jardunaldiak, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Klima aldaketak inpaktu handiagoa dauka emakumeengan gizonezkoengan baino». Hitzok Lorena Aguilar CEPAL Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoko arduradunarenak dira. Ingurumenean eta generoan aditua da Aguilar, eta Gasteizen mintzatu da, Klima aldaketa genero ikuspegitik, tokiko erronka izenburupean Emakundek, Ihobek eta Eudelek antolatutako jardunaldian. Ohartarazi du klima aldaketa genero arrakala areagotzen ari dela, eta eragin negatiboa duela emakumeen eskubide sozial eta politikoetan, bereziki garapen bidean diren herrialdeetan. Horra eman duen datua: «Hondamendi naturalen ondorioz hiltzen diren bost biztanletik lau emakumeak dira».

Txanpon beraren aurkia eta ifrentzua dira klima aldaketaren inpaktua eta genero desberdintasunak. Nazio Batuen Erakundeak berak egin du oharra: klima aldaketaren aurkako borrokaren erdigunean jarri behar da berdintasuna. Ideia horretan jarri du azpimarra Aguilarrek ere, eta ingurumenari lotutako erronkei aurre egiteko ezinbestekotzat jo du«desberdintasunaren korapiloak» askatzea. Sei «korapilo» identifikatu ditu: desberdintasun sozioekonomikoak; baliabide naturalak eskuratzeko zailtasunak; merkatuetara eta teknologietara iristeko mugak; patroi patriarkalak; boterearen kontzentrazioa eta lanaren eta zaintzaren banaketa injustua.

Desoreka horiek isla dute milioika emakumeren egunerokoan, Aguilarrek ohartarazi duenez. Adibide bat jarri du: «Hego Amerikan, beste herrialde batzuetara migratu behar duen emakumea antisorgailuak hartzen hasten da badakielako bidean bortxatua izango dela». Beste adibide bat: «Emakumeentzat ia ezinezkoa da euren lurren jabe izatea, eta horrek, besteak beste, nabarmen apaltzen ditu mundu osoko ekoizpen baliabideak».

Hala ere, Aguilarrek azpimarratu du andrazkoak, klima aldaketaren «biktimak» ez ezik, «aldaketarako eragile» ere badirela. «Suspertzen ari den hirugarren merkatua gara, Txina eta Indiaren atzetik». Hala, adierazi du klima aldaketaren aurkako politiketan herrialde bakoitzak genero ikuspegia txertatzea funtsezkoa dela: «Beharrezkoa da emakumeen parte hartze zuzena bultzatzea eta politika berriak abiatzea egitura sozialak, produktiboak, ekonomikoak eta instituzionalak berdintasunaren mesedetan jartzeko».

Trantsizio ekologikoa

Bestalde, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak gogorarazi du Berdintasunaren eta Indarkeriarik Gabeko Bizitzen Aldeko Herri Itunean jasota dagoela trantsizio ekologikoa genero ikuspegitik lantzeko beharra. Gaineratu du klima aldaketa eta berdintasuna arazo globalak direla, baina «tokian tokiko ekintzak» eskatzen dituela.

Bide beretik mintzatu da Maria del Mar Alonso Martin Ihobeko arduraduna ere. Klima aldaketaren aurkako borrokan berdintasun ikuspegia txertatzearen alde egin du, trantsizio ekologikoak «sektore ekonomiko kalteberenak» aintzat har ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.