«Klima Aldaketaren Legeari aurrea hartu nahi dio EAJk»

Erredakzioa
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatuak kezkagarritzat jo du Eusko Jaurlaritzak eta Shesa enpresa publikoak Subilla-Gasteizen gasik badagoen esploratzeko baimena eskatu izana. Hidrokarburoen esplorazioa eta esplotazioa berariaz debekatzea jaso bide du Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren Klima Aldaketaren Legeak, Lopez de Uraldek esan duenez, eta uste du EAJk aurrea hartu nahi diola Klima Aldaketaren Legeari; hau da, Subilla-Gasteizen gasik badagoen esploratzeko baimenak eskatuta, Legeak debekatzerako hori egin nahi duela.

Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemoseko Gasteizko zinegotziak agerraldia egi zuten atzo Uralderekin batera. Ruizek ohartarazi zuen Shesak gasik badagoen esploratzeko baimena eskatu izana erauzketaren aurreko pausoa dela. «Klima larrialdiko egoeran,ezin dira iraganeko neurriak hartu». Eta Gorrotxategik gogorarazi zuen Elkarrekin Podemosek 2020ko aurrekontuen legea babestu zuenean EAJk konpromisoa hartu zuela gas esplorazioetan aurrekontuko dirurik ez inbertitzeko, eta Shesa enpresa publikoa desegiteko eskatu zutela: «Gaur egun, ikusten dugu ez dela akordio hori betetzen ari, eta horrek pentsarazten digu EAJ ez dela fidatzekoa». Uraldek gogorarazi zuen Kongresuan onartu berri den aurrekontuetan inoiz ez bezalako diru saila jaso dela energia berriztagarrien ikerketarako, eta trantsizio ekologikoaren aldeko apustu argia dela: «%140 igoko da inbertsioa». Energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko garaia dela nabarmendu zuen.

Gasteiz, aho batez aurka

Gainera, Gasteizko Udaleko oposizio guztiak aho batez eskatu dio Gorka Urtaran alkateari eten dezala Subillan egin asmo den gas esplorazioa. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egin diote eskaera, eta azalpenak emateko galdegin diote. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Urtarani eskatu diote udalerriaren eta herritarren «interes orokorra» defenda dezala, eta onar dezala gasa esploratzea egungo ordenamendutik at dagoela. PPk, berriz, gasaren erauzketarako baimenik ez emateko eskatu dio Urtaran alkateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.