Klima aldaketaren legea urrats gisa ikusi arren, anbizio falta egotzi diote

Lopez Uralde Elkarrekin Podemoseko diputatuak «historikotzat» jo du araua. Ekologistak Martxan-ek dio hartutako neurriak ez direla nahikoak. 2050erako karbonoan neutroa izatea du xede legeak

Klima larrialdia. Ikasleen manifestazio jendetsu bat klima aldaketaren aurka, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Itota dago planeta, eta beharrezkoa du arnasa hartzea; ukatu ezin den errealitate bat da berotze globala, eta gasen isurketa masiboek eragin dute klima aldatzea. Horri aurre egiteko asmoz, hainbat plan eta estrategia garatu dira urteotan. Espainiako Kongresuak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu berri du; Senatura pasatuko da orain egitasmoa, eta hori litzateke onarpenerako azken urratsa. Legearen helburu nagusia da gas isuriak murriztea eta 2050. urterako «karbonoan neutroa» izatea. Hala, urrats bat egin da trantsiziorako bidean. Baieztapen horrekin ados daude eragile guztiak; ez, ordea, legeak aldaketarako proposatzen dituen helburuen eraginkortasunaren inguruko eztabaidan. Ontzat hartu dute batzuek; apustua eskasegia dela uste dute besteek.

Juantxo Lopez Uralde Podemos Ahal Dugu-ko Arabako diputatuak «historikotzat» jo du legea —bera da Kongresuko Trantsizio Ekologikorako Batzordeko presidentea—. «Oso positiboa da araua onartu izana. Denbora asko daramagu klima aldaketaren inguruko lege bat izatearen beharraz hitz egiten. Azken legealdiko PPren gobernua ez zen gai izan lege bat proposatzeko ere». Azpimarratu du, gainera, onartu den lege egitasmoak alderdien babes zabala lortu duela. «Albiste ona da ingurumenarentzat. Orain arte izandako jarduera ekonomikoan eta industrialean norabidea aldatzea eragingo du: erregai fosiletan oinarritu izan da hori, eta bira bat emango dio». «Mendekotasun» horretatik irteteko bide orri bat zehazten duela adierazi du.

Legea aurrerapausotzat jo du Marisa Castro Ekologistak Martxan-eko kideak ere, baina hainbat ñabardurarekin. «Anbizio falta» egotzi dio. Salatu du legea «berandu» iritsi dela, bi urte egon direla hura izapidetzen, eta hartutako neurriak ez direla nahikoak. «Parisko Hitzarmena ere ez du betetzen. Askoz anbiziotsuagoa izan beharko luke».

Castroren arabera, argibide zientifikoek diote gas isuriak urtean %7,6 eta %8 bitartean jaitsi behar direla, eta horrek modua emango lukeela gas emisioak, gutxienez, %55 murrizteko 2030erako. Onartutako legean, berriz, ezartzen da epemuga horretarako berotegi gasen emisioak gutxienez %23 murriztea, 1990eko isuriekin alderatuta. «Alde horretatik, apustua oso eskasa dela iruditzen zaigu». Eta zera salatu du: «Ezarritako neurriekin, 2030ean bi planeta baino gehiago beharko lirateke eskari energetikoa hornitzeko. Hutsune asko ditu legeak».

Eredu aldaketa baten falta sumatu du: «Erregai fosiletatik teknologia berriztagarrietara pasatuko gara, baina eredu berari jarraituta: enpresa handiak mantentzen, eta ez egiten herritarrentzako neurriak. Kontsumo energetikoan egin behar dugun murrizketaren kontziente izan behar dugu». Castrok beste kontu batean ere jarri du begirada: «Ez da eztabaida publikorik egon. Gizarteak ezin izan du ezer esan».

Hain zuzen, legeari anbizio falta leporatu diote ekologista talde gehienek. Horri erantzunez, Lopez Uraldek dio egungo babes politikoekin aurrera atera zitekeen «legerik anbiziotsuena» dela. «Araua betetzea nahi dugu, eta helburuak errealitatetik oso urrun ez geratzea».

Ideien analisia

Legeak jasotzen dituen arauetako bat da ez dela baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko. Horrek eragin zuzena izango du Euskal Herrian, eta bertan behera geratuko lirateke SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak gasa ustiatzeko dituen proiektuak, Subilla Gasteizko Armentia II putzuarekin gertatu den bezala.

Lopez Uraldek azpimarratu du horrekin sumatu dela legearen aurreneko inpaktua. «Iritzi publikoan babes handia zuen eskaera horrek». Eta hau gaineratu du: «Eztabaida handia sortu du auziak. Legea onartzeak putzuan gasa ustiatzearen ezeztatzea zekarren. Batzuek zioten ez zela hala izango, baina jazoerek erakutsi dute arrazoi genuela. Gasaren ustiapena ez zen bateragarria lege honekin». Albiste «positibotzat» jo du, eta adierazi sustatu nahi den «norabide aldaketa markatzen» duela. Castrok ere ezinbestekotzat jo du legean ezarri den neurri hori, eta urrats garrantzitsua dela dio. Harago doa, baina: «Uste dugu Jaurlaritzak bertan behera utzi beharko lituzkeela SHESAk dituen proiektu guztiak».

Podemos Ahal Dugu-ko diputatuak topatu ditu beste «onura» batzuk ere. Esaterako, automobilgintza industrian egin nahi den eraberritzea. «Pisu handia du, eta mugikortasunerako beste eredu bat ezarri nahi da. Errekuntza motorreko autoak atzean geratuko dira. Egokitzapen prozesu bat eskatzen du horrek». Hain zuzen, asmoa da 2050erako ibilgailu arinak «garbiak» izatea; hau da, zuzenean karbono dioxidorik isurtzen ez dutenak izatea. Horretarako, 2040. urtetik aurrera debekatuta egongo da CO2a isurtzen duten autoak saltzea —garraioa da berotegi efektua eragiten duten gasen iturburu nagusia—. Auto elektrikoen erabilera sustatzeko, ibilgailuok kargatzeko puntuak ere arautuko ditu legeak. Ekologistak Martxan-ekoek, baina, gabezia bat antzeman dute kontu horretan. Salatu dutenez, hasieran, testuan jasotzen zen aireko garraioan erregai alternatiboak bultzatzeko asmoa, eta, orain, kendu egin dute aire hitza. «Ez da onargarria aireko eta lurreko edo itsasoko erregaiei tratamendu bera ematea».

Sektore energetikoari eutsiz, Lopez Uraldek dio «eragina» izango duela. «Energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar da. Euskadin, egun, oso txikia da berriztagarriek duten pisua; aurrera egin behar da hor». Ezarritako helburuak «asmo handikoak» direla dio. 2030erako, energia kontsumoaren %42 iturri berriztagarrien bidez sortu beharko da, eta, argindar sarean, %74. 2050ean, berriz, sistema elektrikoa energia berriztagarrietan oinarrituko da osorik. Emisio gutxiko zonak ezartzeko asmoa ere azpimarratu du: derrigorrezkoa izango da 50.000 biztanletik gorako udalerrietan. «Apurka txertatu beharko diren elementuen eta aldaketen sorta zabala dugu, eta horiek babes soziala eta politikoa galdegiten dute».

Lopez Uralderen arabera, klimaren legeak bide berri bat ezarriko du hainbat sektoretan: energiaren ekoizpenean, mugikortasunean eta industrian, esaterako. «Hori modu positiboan artikulatzeko gai bagara, industriaren berrikuntzarako tresna izateaz gain, enplegua sortzeko ere balioko du. Izan ere, eraikinen birgaitze energetikoaren ta energia berriztagarrien sektoreak intentsiboak dira enplegua sortzeko orduan».

Klima aldaketari aurre egiteko araua «funtsezko» tresna dela dio Podemos Ahal Dugu-ko diputatuak. «Boluntarismotik harago doazen neurriak hartzen hasteko premia dago». «Urrats garrantzitsua» dela iritzi dio Castrok ere, nahiz eta uste duen gehiago eman beharko lukeela. «Sistema aldatu behar da. Klimak aldaketa soziala exijitzen du». Hala, biek bat egiten dute kontu batean: beharrezkoa zen klima aldaketa arautzeko lege bat ezartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.