Klima aldaketaren aurkako borrokan itun sozial zabal bat adosteko urratsak egin nahi ditu EH Bilduk. Eragileekin landu ostean, proposamen zehatzak jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztu dute Pello Otxandiano EH Bilduko Programa Zuzendariak, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak eta Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkideak, Gasteizeko Abastos Merkatuan. Oterok argi dauka klima aldaketaren aurkako borroka «deskarbonizazioan» oinarritu behar dela ezinbestean. Horregatik, deskarbonizazio prozesuan lagunduko duten proposamen zehatzak aurkeztu dituzte: proposatu dute anbizio klimatikoa Europarekin sinkronizatzea, eraikitzen ari diren azpiegituren ebaluazioa egitea eta gobernantza eredu berri bat ezartzea trantsizio energetikorako, baita trantsiziorako baliabide ekonomikoak ere.
Datuen arabera, azken 30 urteetan isurketen murrizketa %4,5ekoa izan da Hego Euskal Herrian. Europako Batasunak, berriz, denbora tarte berean, %24 murriztu ditu isurketak. Hori aldatze aldera, «bide orri komun bat zehazteko helburuarekin», Euskal Herriak «bat egin behar du» garai historikoak eskatzen duen ekintza klimatikoarekin, Otxandianok adierazi duenez.
Lidergo instituzionalarekin batera, gainera, gizarte mobilizazioak funtsezkoa izan behar duela uste du Otxandianok: «Euskal erakunde guztientzat eta klima aldaketaren aurkako borrokan interesa duten eragileentzat eraiki behar dugu ibilbide orria». Otxandianoren aburuz, bide orri horren oinarriak formulatzeko garaia da, «belaunaldien arteko itun zabal bat» sortzeko garaia. Horrez gain, Oterok gehitu du erronka klimatikoa begirada global batetik ikusi behar den arren «analisi esparru eta jardun lokala» dituen ekinbide bat izan behar duela.
Azkenik, Aznalek EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan egindako lana azpimarratu nahi izan du. Izan ere, prozesu parte hartzaile bat sustatu ostean, 123 zuzenketa aurkeztu zituen EH Bildu Nafarroak. «Gobernuak aurkeztutako proposamenak ez zuen anbiziorik, ezta zehaztasunik ere», salatu du. Eta EH Bilduk neurri zehatzak aurkeztu zituela nabarmendu du: «Uste dugu lege hau funtsezkoa dela eta gure papera erabakigarria izan dela legearen eztabaidan».