Klima aldaketak eragiten dituen pobrezia kasuez ohartaraziko dute asteon

64 milioi lagun migratzera behartu ditu; gehienak, andreak. Bihar da pobreziaren aurkako nazioarteko eguna; horri atxikita dator aldarria

Gipuzkoa Zero Pobrezia plataformako kideak, atzo. BERRIA.
arantxa iraola
Donostia
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Pobrezia kasu askoren motiboa klima aldaketa da gaur egun; Donostiako Zero Pobrezia plataformako kideek atzo jakinarazi zutenez, 64 milioi pertsona migratzera behartu dituzte dagoeneko aldaketa horren ondorioz sortu diren fenomeno meteorologikoek eta ingurumen arazoek. Egoeraren aurkako neurri eraginkorrak hartu ezean, nabarmen egingo du okerrera. Bihar da Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira ozendu nahi izan dituzte arazo horren larritasunaren berri emateko mezuak; aste osoan egingo dituzte ekitaldiak horretarako.

Aintzat hartu beharreko arazoa dela esan dute: NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, hogei urte barru mila milioi lagun egongo dira klima aldaketari lotutako motiboengatik errefuxiatuta. Horren harira, nazioarteko itunetan ingurumen arrazoiengatik migratzen duten pertsonen estatusa aintzat hartzeko eskatu dute, eta birdefinitzeko errefuxiatuaren figura horiek kontuan hartuta. Adierazi dute, halaber, baliabide naturalen kudeaketa zuzena eta iraunkorra sustatu behar dela, eta justizia klimatikoa lantzeko neurriak ebatzi behar direla, genero ikuspegia kontuan hartuta. Izan ere, adierazi dute klima aldaketaren ondorioz beren etxeak utzi behar izaten dituztenen %80 emakumezkoak direla.

Gai horiek aintzat hartuko dira, besteak beste, martxoaren 6tik 8ra Donostian egingo duten Change the Change konferentzian; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak antolatuta, klima aldaketaren arloko munduko aditu nagusienak erakarriko ditu. Atzo iragarri zuen topaketa Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak.

Nafarroako Parlamentuan

Pobreziak dakartzan arazoez ohartarazi zuen atzo Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformak ere, Nafarroako Parlamentuan. Gogora ekarri zuen herrialdean 83.000 lagun inguru bizi direla egun pobre edo bazterturik, eta «eredu ekonomikoa» aldatu behar dela halakoak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.