KLIMA ALDAKETA

2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
OME Osasunerako Mundu Erakundeak zerrendatuta ditu klima aldaketak osasunean eragin ditzakeen ondorio agerikoenak. Intsektuek transmititutako gaitzetan izan daitezkeen aldaketez aparte, horra arrisku faktorerik argienak:

Muturreko beroa. Klima aldaketak bero bolada handiak ekarriko dituela uste da; arnas aparatuko arazoak eta eritasun kardiobaskularrak heriotza kausa ohikoagoa izango dira horren ondorioz, batez ere adinekoetan. 2003an Europan izan zen bero boladak, esaterako, 70.000 heriotza eragin zituela uste da. 2030-2050 urteen artean urtean, bero boladen ondorioz, 38.000 lagun gehiago hil daitezkeela kalkulatu dute.

Natur hondamendiak. Klima aldaketaren ondorio agerikoenetarikoa dira, adituen aburuz, natur hondamendiak, muturreko portaerak erakusten baititu klimak gero eta sarriagotan. Ez da iragarpen huts bat: OMEk oroitarazi du hirukoiztu egin direla 1960ko hamarralditik muturreko gertaera horiek, eta herrialde behartsuenetan, bereziki, ondorio larriak lagatzen dituztela. Kalkuluen arabera, urtean, batez beste, 60.000 lagun hiltzen dira horien ondorioz. Sarri, gainera, garbitasun neurri egokien faltan geratzen dira herrialde horiek hondamendiaren ostean, eta gaitzak errazago zabaltzea dakar horrek.Euriteek eta lehorteek eragin ditzaketen arriskuez ohartarazi dute, bereziki, OMEko adituek. Esan dute 2030-2050 urteen artean 48.000 heriotza gehiago izan daitezkeela beherakoen ondorioz, eta 60.000 gehiago malariagatik.

Nekazaritzarako baldintza kaskarragoak. Tenperaturen igoerak eta euriteetan izango diren aldaketek zenbait tokitan uztak oparotzea ekar badezake ere, ondorio txarrak ere izan ditzakeela uste dute OMEko adituek. Zenbait herrialdetako uztak eskastuko direla uste dute, eta malnutrizioaren ondorioz izaten diren heriotzak —3,1 milioi dira egun— ugaritu daitezkeela ondorioz. Argi ohartarazi dute aldaketa horien guztien aurrean kalteberenak herrialderik behartsuenak izango direla. Eta herrialde horietan, haurrak, adineko pertsonak eta gaixoak, bereziki. Neurri egokirik hartu ezean, 2030-2050 aldian malnutrizioak urtean 95.000 heriotza gehiago eragin ditzakeela kalkulatu dute. Neurriak eskatu dituzte hori saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.