Klima aldaketa eta datuen biltegiratze digitala, CAF-Elhuyar sarien artean

Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendia saritu dituzte. Zientziaren eta gizartearen arteko zubi lanerako beka eman dute

CAF-Elhuyar sarien banaketa atzo, Usurbilen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Judith Zubiak, Mattin Urbietak, Iñaki Sanzek eta Aitor Garmendiak jaso dituzte aurtengo CAF-Elhuyar sariak. Merezimendu saria, berriz, Jacinto Iturbek jaso du, «euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik». Ekitaldia Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan egin dute, Begiratu urrunera lelopean.

Judith Zubiak jaso du dibulgazio artikulu orokorraren saria, Garena egiten gaituena, egiten dugunaidazteko artikuluagatik. Datuen biltegiratze digitala jorratu du egileak; epaimahaiaren arabera, «gaurkotasun bete-beteko gaia» da. Nabarmendu dute arazoaren berri emateaz gain irtenbide bat ere plazaratu duela Zubiak, eta ongi uztartu dituela testua eta irudiak —egileak berak eginak—.

Egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria, berriz, Mattin Urbietak bereganatu du, Elektroiekin dantza nanoeskala argitzeko lanagatik. Azaldu dute «artikulu osatua eta landua» egin duela Urbietak.

Zientzia kazetaritzari dagokionez, Iñaki Sanzen lana saritu du epaimahaiak: Dragoi txiki bat egongelako horman;Gaur8-n argitaratua. Klima aldaketa lantzeko erabilitako ikuspegia nabarmendu dute: «Hondamendi kutsua izaten dute askotan, eta oraingoan, berriz, egileak xumetik eta txikitik heldu dio».

Neiker saria, lehen sektoreko lanei dagokiena, Aitor Garmendiarentzat izan da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean ekarpenagatik. Testuaren gaurkotasuna eta eztabaidan parte hartzen duten eragile guztien parte hartzea saritu ditu epaimahaiak.

CAF-Elhuyar sariak zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea du xede, eta irabazle bakoitzak Imanol Andonegiren eskultura bat eta 2.000 euroko ordaina jasotzen du. Denera, 41 lan jaso dituzte lehiaketan.

Sari banaketan, aurtengo sorkuntza bekaren irabazleen berri ere eman dute. Aurtengoan, ex aequo eman dute 5.000 euroko diru laguntza. «Zientziaren eta gizartearen arteko zubi lana» helburu duten bi proiektu saritu dituzte: Jon Sanchezen Semiosi-genesi proiektua, eta Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibaren Ia dena. Biek ere adimen artifizialari erreparatuko diote, eremu artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa uztartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.